Tag Archives | txillardegi

Exkixu – JOSE LUIS ALVAREZ “TXILLARDEGI”

Jose Luis Alvarez Enparantza, “Txillardegi” izengoitiz ezaguna, Txillardegi1929an jaio zen Donostian. Gurasoek euskaraz irakatsi ez zioten arren, 19 urte bete bezain pronto ekin zion ondoren hainbeste defendatu duen hizkuntza ikasteari. Are gehiago, euskara batuaren sorreran parte hartu zuen. Politikan, berriz, Ekin, ETA eta Herri Batasunaren hastapenetan garrantzi handia izan zuen. Literaturari dagokionez, Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin euskal literatura berritzeaz gain, lan andana egin du. Hasierako estekan eta Literaturaren Zubitegian, ikusi ahal izango dituzue horiek guztiak.

1988an idatzitako Exkixu (Elkar) idazlanean bada bere bizitza pertsonalaren erreferentziarik. Francoren kontrolpean zegoen Euskal Herrian 70. hamarkadan izandako egoera politikoak euskal herritarrengan sorturiko errealitateak biltzen ditu istorio honek. 228 orrialdeetan Anttonek du hitza. Hau 19 urteko mutil gazte bat da eta Pasaiako kaleetan bizi da bere familiarekin, Altzako Ezkizu-behekoa baserritik bidaliak izan ostean, etorkin espainiarrentzat etxeak eraikitzeagatik. Ume gorri bat zenetik isiltasuna bizi izan du etxean. Euskaldunentzat hain latzak diren uneetan inork ez du ahorik zabaldu nahi egoerak bost axolako balie moduan. Anttonek, ordea, Euskal Herrian bertan bizi bada ere, Altzako giro euskaldunaren herrimina du eta sentipen hura berreskuratzea desio du.

Idazlearen antzera bere hizkuntza aberasteko ahaleginak egingo ditu liburuan zehar. Gainera, bere lehengusu Iñaki herriaren aldeko borrokan hil da, eta honek etxean helarazi dioten isiltasuna gainditu du. Iñakiren heriotza medio, manifestazio batean hasi eta ETAko kolaboratzaile izaten amaituko du Anttonek. Lehengusuaren pausoei jarraiki hegoaldearen eta iparraldearen mugan ibiliko den protagonistak, etxekoengandik ikasi legez, poliziaren aurrean isiltasuna mantendu beharko du Txillardegik hain azalean sentiaraziko dizkigun torturak jasango baditu ere. Eleberri honetan, halaber, bihotza samurtzerainoko maitasun istorioek badute euren lekua.

ExkixuArestian esan bezala, liburu honetan Anttonek du hitza. Bere larruan bizi izan zuena iraganera begira kontatzen digu; halere, kronologikoki suertatu ahala azaleratzen duenez, orainaldian eta geure azalean biziko bagenu bezala sentiarazten digu eleberria. Gainera, narratzailea protagonista bera izanik, bera izatera behartzen gaitu hark sentitzen eta pentsatzen duen berbera sentiaraziz eta pentsaraziz. Hori dela eta, ez dugu inguruko pertsonaien lekukotasunik, eta ez dugu bere garunetan mamitutako ideien berri. Eleberri honetan, bizitza errealean bezalaxe, pertsona arrunt baten rola hartuko dugu geure errealitatea baino jakingo ez dugularik.

Hizkuntzaren lanketari dagokionez, hasiera batetik euskara jatorra erabiltzen du oso; orrialdeetan aurrera egiten dugun heinean eta protagonistari euskara zaintzeko grina sortzearekin, ordea, hizkuntza zeinen ongi kontrolatzen duen egiaztatzen digu. Hitz bera esateko mila eta bat baliabide erabiltzen ditu; halaber, euskararen nahi adina erregistrotara jotzen du. Hain maizak diren dialogoek izugarrizko bizitasuna ematen diote istorioari, nork hitz egiten duen, haren hizkera edo euskalkia erabiltzen duelarik.

Hein batean, hizkuntzaren zailtasuna edo hizkuntza konplexua bizkor eta arin irakurtzeko oztopo iruditu zait. Euskarak hainbesterainoko emaria duela ikusteak poza sentiarazi didan arren, istorioaren mamira heldu aurretik pisutsu egiten du irakurgaia. Dena den, eskertzen da hizkuntzarekin Txillardegik erabiltzen duen zainketa; azken finean, hori baita euskal irakurleon eta euskaldunon erronka: hizkuntza erabiltzeaz gain, ongi eta edertasunez erabiltzea.

Hasierako txanpan zenbait bihurgune izan baditut ere, istorioan aurrera egitearekin gogoak ere areagotu egin zaizkit 228. orrialdeko azken paragrafoarekin negar egiteraino. Izugarria iruditu zait nola islatzen duen sentimendu eta egoera oro. Egoera neure azalean bizi ez badut ere, liburua bera bizi izan dudala esan dezaket.

Eskerrik asko, Eztizen, liburu zoragarri hau uzteagatik, eta bai Eztizen eta bai Maddi, arrazoi zenuten: ederra! Orain zuen eskuetan dago altxor hau zuen eskuetatik pasatzea!

Comments { 2 }
-->