Udan euskara ikasle bat etxean hartu

egonaldiakOrdiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak Egonaldiak familia euskaldunetan 2007 programan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak. Egonaldiak familia euskaldunetan egitasmoa HABEk antolatzen du, euskara ikasi edo hobetu nahian, nahiz bertako euskalkia ezagutzeko asmotan dabilen pertsonari familia euskaldun batean hilabete bat edo bi pasatzeko aukera emateko. Egonaldiak uztailean, abuztuan edo irailean egiten dira.

Biztanleriaren %70etik gora euskalduna duten udalerrietako familiek bakarrik har dezakete euskara ikaslea etxean. Ordiziako biztanleen ia %70 da euskalduna, eta hargatik har dezakete parte egitasmoan herriko familia euskaldunek.

Hauexek dira euskara ikaslea etxean hartzeko prest diren familiek bete behar dituzten baldintzetako batzuk:

  • Egonaldia eskaintzen den hilabetean, familian gutxienez hiru kide bizi izatea eta kide guztien ohiko komunikazio-hizkuntza euskara izatea.
  • Ikasleak familiako bizitzan parte hartu ohi du, eta familiak gutxieneko intimitatea eta askatasuna eskainiko dizkio, ikasleari logela pribatua emanez.
  • Hilabete bakoitzeko, familiari 620 euro ordainduko dizkio HABEk.

Egitarau honi buruzko informazio gehiago nahi duenak Ordiziako Udalera jo dezake, 943 47 44 47 (Urrats euskaltegia) telefonora dei dezake edota egonaldiak gunea bisitatu. Apirilaren 20an amaitzen da izena emateko epea familientzat.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->