UR APALATEGI-KRITIKAK




Kritikak (hemeroteka)


Cosa Nostra


Igor Estankona

“Gure Gauzak S.A.”
Ur Apalategi
Utriusque Vasconiae, 2004


      Zorrotz idatzitako eleberria da “Gure Gauzak S.A.”. Hain zorrotz, non euskal literatur munduan —eta batez ere Elkar argitaletxearen inguruan— izena duen orok baitauka bere txotxongiloa Ur Apalategik eraiki duen fikzioan. Liburuan badago maitasun istorio ospelik, pasarte misteriotsurik edo konplot izkuturik, baina thriller ezohiko hau batez ere gure letren miseriak haizetaratzeko asmoarekin dago idatzia. Irakurleak esan beharko du Lapurtarraren ikuspuntuarekin bat datorren edo ez. Gauza jakina dena da argitaletxeengandik ez duela Ur Apalategik sostengurik jaso, bera parte den Utriusque Vasconiaen bertan literatur-bilduma abiatu behar izan baitute eleberri honi aterabidea emateko.

      Julene Oihanburuk Gaston Berrizar idazle erdi-ahaztuaren biografia idazteko bekaren erdia jaso du, Gure Gauzak argitaletxe ahalguztidunak emana. Sistemaren ateak parez-pare zabaltzen zaizkio, baina aldi berean haren lege estuak zeintzuk diren ulertzen hasten da. Ibilian-ibilian, Gure Gauzaken sorrera gatazkatsua eta Berrizarri egin zaizkion hainbat bidegabekeria aurkitzen ditu. Juleneren zorabioa gero eta sakonagoa da, gero eta galduago sentitzen da argirantz geruratu ahala. Egiaren eta arrakastaren bidegurutzean zutunik —oligopolioaren eta kultur aniztasunaren arteko talka tarteko— halabeharra onartzen duenak bezala onartuko ditu berak ere mundu literarioaren mandatu eta arauak, botagale bizia sentitu arren.

      Nobela ikusgarria da erritmo aldetik, eta betea protagonistaren profila. Hala ere bigarren mailako pertsonaiak linealegiak iruditu zaizkit: marra lodiekin definituak datoz, ustelak ustelegi ageri dira eta biktimak xaloegi. Kultura eta industriaren arteko kontraesana zuri-beltzean azaltzen zaigu, gordinegi behar bada ñabardurek eta ikuspuntu desberdinek duten garrantziaz jakitun den irakurle zuhurrarentzat. Kolore apur bat gehiago, kontrapuntutzat erabiltzen diren pertsonaienganako arreta apur bat gehiago, hara hor nobelari falta zaiona.

      Egia esan behar badut keinu baten bila ibili naiz, ongia eta gaizkia hain puruak ez direla berretsiko zidan iskin horren zain. Baina tesia onartu edo gaitzetsi, irakurlea ataka horretan jarri gura izan du Ur Apalategik. Gihartsua da “Gure Gauzak S.A.”, heldulekurik uzten ez duen eleberri erabatekoa.

Deia,

2004-07-13


 




www.susa-literatura.com





Kritikak (hemeroteka)


Gore


Aingeru Epaltza

“Gure Gauzak S.A.”
Ur Apalategi
Utriusque Vasconiae, 2004


      “L’art pour l’art”. Artea eta bertzerik ez. 80. hamarkadako gure belaunaldiak bere egin zuen XX. mendearen hasierako poeta frantsesen aldarria, literatura askatu beharrez militantzia politiko eta are kulturalaren morrontzatik. Lelo polita bezain gezurtia. Gauza jakina da artean dena ez dela arte hutsa. Gizakiaren gogoa biziarazten duten grina guztiek ematen diote haize literatur lanari ere: engaiamendu politiko-soziala bai, baina baita maitasuna, gorrotoa, nabarmendu nahia, burua zuritu beharra, diru gosea eta, nola ez, mendekua.

      Gizakia hitzari hitza lotzen hasi zenetik, milaka orrialde belztu dira mendekuak eraginda. Literatura unibertsalera joz gero, ugariak dira libelo gisa sortu eta gaur egun maisulantzat ditugun liburuak. Gurean ere ez gara herren ibili. Honelakok kritikari zorrotzaren izen-abizenak ekarri dizkio pertsonaia lotsa-emangarriari. Horrelakok Batxilergoko irakasle diktadorearen klona ekarri du bere liburura. Eta halakok bere erkidegoko gobernu-buruaren eite susmagarriaz marraztu du bere nobelako gaiztoa… Ez dira nolanahi hartutako adibideak, gure liburugintzaren merkatu tikian ale parrasta saldu duten lanetakoak baizik.

      Kasu, hala ere. Idazlearen maiteminak maitasun poema gogangarria berarekin zertan ekarririk ez duen gisa berean, mendeku nahiak ere ez du, berez, lanaren kalitatea segurtatzen. Bertze zerbait behar du, idazleari ordenagailua piztarazi dion pizgarriaz landa. Ahantzi gabe zenbaitetan mendekuak hobeki egiten duela bere bidea mendeku ematen ez duenean.

      “Gure Gauzak S.A.” Ur Apalategiren bigarren nobela dugu, estraineko “Gauak eta hiriak”en ondotik. Oraingoan, genero beltza —belzkara, beharbada— hautatu du, neska ikerlari gazte baten ibilerei lagun egiteko: Julene Oihanburu bilbotarra, argitaletxe handi batek ordainduta euskal idazle zendu baten biografia osatu behar duena.

      Apalategiren aitzineko lanaren aldean, narratzaile sendoagoa, helduagoa, ageri zaigu, bere lehen laneko kutsu naif samarra osotara desagertu ez bada ere. Nolanahi ere, nobela gorabeheratsua da “Gure Gauzak S.A.”. Pasarte eta pertsonaia batzuek gure kulturari egindako bideo ekoizpen batetik atereak dirudite, baina bertze batzuek sinesgarritasuna dute eskas. Bertzalde, zenbaitetan ihes egiten dio Apalategiri generoak behar duen tentsioak. Eta hala ere, orokorrean funtzionatzen du, entretenigarria da eta, gisa honetako liburuetan behar denez, irakurleak lepotik eramaten ditu liburuaren gakoa izanen den amaieraraino.

      Bertze kontu bat da zerk egiten duen irakurlearengandik tira, idazlearen gaitasunak haria aitzina eramateko, edo orrialdez orrialde euskal argitalpengintzaren erraldoia eta —bereziki— haren ingurukoak egurturik ikusteak sorrarazten duen morboak. Niri, bederen —aitortu behar dut—, deserosotasuna sorrarazi dit. Zinema gorea libertigarria da dosi tikietan, baina neurri batetik aitzina gehiegizkoa egiten zait, hainbertze odol eta hainbertze barrenki, sabel irekitik kanpora. Hemen inor ez da ukiezina eta ez naiz ukatzen hasiko gure literatur sistema inarrosi beharra. Eta hala ere zaila zait irensten liburu honetan pertsonaia batzuek hartzen duten jipoi gupidagabea. Arazoa nirea da noski: pertsonaia horiek pertsona erreal eta ezagunen alter ego begibistakoak izaki, eta nik horiek nekez egiten ahal halako egur metaren merezidun.

      “Gure Gauzak S.A.”, beraz, gorezaleendako primeran. Niretako, berriz, sobera nabari zaio mendeku nahia.

Nabarra,

2004-08


 




www.susa-literatura.com



Kritikak (hemeroteka)


Gure autokritika


Oier Guillan

“Gure Gauzak, S.A.”
Ur Apalategi
Utriusque Vasconiae, 2004


      Beti iruditu zaizkit tristeak, grisak, beren buruz barre egiten ez dakiten pertsonak, ironia gauzak adierazteko tresna duin eta interesgarritzat jo arren beti “kanporaka” erabiltzen dutenak. Eta ironiaz hitz egiten hasita, nor ez da bere kontraesanen ildotik sekula pertsona tristea izan?

      Ur Apalategi Idirinek hari askorekin lotzen du bere bigarren eleberriko amarauna, baina bi dira agian zutabe nagusiak: thriller kutsua eta euskal kultur sistemari egiten zaion kritika. Kritika edo, agian, ez ohiko erretratu ausarta? Zaila da jakiten zein neurritan diren bertan azaldutako pasarteak errelitate zehatz baten isla edo zenbaitetan esperpentora zuzendutako ezaugarriak. Eta ez dio axola agian. Gezur guztiek izan dezakete hondoan egia apurren bat, gezur horren zergaitian besterik ez bada ere.

      Irakurle gisa liburuarekin gozatu dudala aitortzen dut, hasieratik bukaerara murgildu naiz narrazioaren erritmoan. Baina liburua bukatu eta barneratu ahala ohartu naiz, mugatuak izanik ere, euskal literaturaren inguruko ene erreferentziek aberastu dutela irakurketa, hau da, mundu hori pixkat ezagutu ahala hartzen duela ironiak zentzua. Ziur nago xehetasun askok ihes egin didatela (bigarren mailako pertsonaiekin egindako hitz jokoak ikusi besterik ez dago), irakurleon kontra bilakatzen ahal da idazlearen ezagutza sakon kamuflatua izan litekeena. Eta ez da irakurlearen kontra bilakatzen den ezaugarri bakarra: thriller izaerari aitzakiaren kutsua hartzen zaio, akzioa topiko aurrikusgarriz beteta eta harridurarako tarte handiegirik gabe agertzen da, izaera kritikoaren mesedetan.

      Baina liburua ez da oinarri horietan agortzen. Arestian esan bezala, badira bazterretik jaso daitezkeen bigarren mailako hari ugari ere. Julene izeneko protagonista idazle nahiak bizi dituen kontraesanak giza harremanetan islatzen dira sarri, Ilun izeneko eleberri egile frustatuarekin bizi duen istorioarekin batez ere. Bestetik interesgarria da Julenek bere gurasoekin duen elkarrizketa, belaunaldi ezberdinen isla, baina ez jada guraso tradizionalek seme-alaba berritzaileekin izan ohi dituztenen gisakoa: egun gero eta gehiago ematen da gurasoek urte luzez ideia iraultzaileen alde borrokan ibili izana eta haien ondorengoek, ostera, ez jakitea zer egin ahaleginik gabe jasotako ideia horiekin guztiekin. Apalategi bere inguru eta garaiaren xehetasunei adi dagoela atzematen da horrelakoetan.

      Bestelako hari horien artetik interesgarria da, halaber, iparraldeko euskal idazleen ikuspegia, eleberrian sarri islatzen dena. Asko erabili ohi da iparraldea izaera ezberdineko eztabaidetan, eta, hala ere, ez daude beti present haien iritzi eta esanak, hegoaldekoentzat iparraldea urrun dago neurri batean. Eztabaidaren erdigunean egon arren periferiatik hitz egiten duenaren ikuspegia eskaintzen dute haiek sarri.

      Azkenik, ezkutuko xehetasunak alde batera utzita, literatur arloan zabaltzen den kritikak euskal eremua ere gainditzen ahal duelakoan nago. Horren lekuko, liburudenda txiki pertsonalagoen, edo espezializatuen, edo kulturarekiko bere zentzurik utopikoenean militanteen itxiera behartua kate handien mesedetan. Ziur aski, ez ditu inork euskal kulturaren “normalizazioan” egindako urratsak ezbaian jarriko, baina ez dezagun ahaztu zerekiko ari den bilakatzen “normala”; gero eta gehiago kulturaren ekonomia eta negozioa lantzen duen joerarekiko neurri handi batean. Eta ekonomiak etekinak dituen artean erakutsi ohi du kulturarekiko bere aurpegi goxoa, erakusleihoetan bederen.

Gara,

2004-08-28


 




www.susa-literatura.com

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->