UR APALATEGI

Azkenaldi honetan Ur Apalategiren azken nobelaren berri emateko irrikitan nengoen, Gure gauzak S.A. , baina ikasleen artikulu interesgarri mordo bat argitaratzeko zain nuenez, nireak pixka bat itxaron behar izan du .

Hasteko, esan beharrean nago duela urte batzuk ezagutu nuela idazle bezala, izugarri gustatu zitzaidan Gauak eta hiriak bere lehen eleberriarekin. Ordundik hona, gertutik jarraitu dut Parisen jaio zen idazle gazte honen ibilibidea, eta horregatik gaur nire idazle hautatua da!

Dakizuen bezala, irakurlearen txoko honetan argitaratzen diren euskal eleberrien inguruko informazioa nire ikasleengan (edo interesa duen ororengan) helarazten saiatzen ari naiz . Dena den, iruditzen zait nire hitzek baino oihartzun handiagoa izan dezaketela nobelen pasarteak edota autoreei egindako elkarrizketak irakurtzea eta, horrexegatik, gaur Ur Apalategiri egindako elkarrizketa bat eta bere bi nobelak aurkeztuko dizkizuet.

Lehenengoak, Gauak eta Hiriak, nire unibertsitateko garaia ekarri zidan gogora. Gutxi ateratzen ginen orduan, baina ateratzen ginenean… Ederki pasatzen genuen, bai, baita hurrengo egunean Patxi Altuna eta Juan Mari Lekuonaren klaseetara erdi lotan iristen ginenean ere! Esan beharrean nago garai hartan ez nintzela erabat konsziente beraien jakinduria eta ibilbideaz. Orain dudan jakin-minaz beraien eskoletara bueltatzeko abagunea izango banu… Ene, Maite! Gatozen harira! Gauza da nire ikasleentzat oso egokia iruditzen zaidala Uren lehen lan hau, ez kontatzen duen istorioagatik bakarrik, baita kontatzeko era eta hizkuntzagatik ere!

Gauak eta Hiriak eleberriaren azala Felix, Antton eta Muriel gazteak dira eleberri honetako pertsonaiak, eta gaztaroaren heziketa sentimental osoa biltzen da hiruren arteko harremanetan: maitasuna eta jelosia, adiskidetasuna eta gorrotoa, baita bizitzako sasoi horretan hain ohikoak diren konplexuak ere. Nahiak eta ezinak.
Gaua, hiria eta gaztaroa dira, beste maila batean, eleberriko protagonista nagusi eta boteretsuak. Esan gabe doa, gaua nagusitzen denean gazte jendeak hartzen ditu kale, taberna eta pubak. Kale horietan sortu, garatu eta mamitzen dira maitasuna eta gaztetasunaren irrika eta afanak.
Oso giro urbanoa eta urduria da eleberriaren muina. Horrekin guztiarekin batera, giza sentimenduetan barneratzeko zorroztasuna da eleberri bizi, egun-eguneko eta sikologikoki kupidagabe honen ezaugarrikrik aipagarriena.

Benetan gomendagarria, zin dagizuet! Bigarrena, eta oraingoz azkena, Gure gauzak S.A. da. Bertan, lan munduan sartzekotan den neska gazte baten istorioa kontatzen da. Bere etorkizuna baldintzatzen duen egoera konplexu baten aitzinean dago. Alde horretatik, eleberri existentzial eta politikoa da. Zer egin injustizia bat ikusi eta gero, begia eta ahoak ixteak etekina dakarrelarik eta mintzatzea, aldiz, kaltegarri zaiolarik?

Ur Apalategiren azken eleberria Julene Ohianburu bere bizitzaren gurutzebide batean aurkitzen da. Euskal filologia ikasketak burutzear ari dela, diru laguntza politaren erdia jaso du Gure Gauzak argitaletxetik: duela gutxi hil zen Gaston Berrizar izeneko idazle kasik ahantziaren biografia idatzi beharko du beste erdiaren truk. Bere adin gaztean euskal kulturgintzaren mundutxoan norbait izatera iristeko bidean da. Dena ondo lihoake bere bizitza sentimentala ez balitz hain hitsa. Gainera, biografia idazteko prestakuntza lanak euskal kulturagintzaren alde ilunak deskubritzera eramango du. Tarteka kutsu erromanesko hartzen duen eleberri sentimentala da, joan den mendeko euskal literaturaren historia ezkutu edo berridatzia, gure sistemaren kritika gupidagabe ‘thriller’ bihurtuta.

Ur Apalategiri Berriak egindako elkarrizketa irakurri nahi baduzu, egin klik hemen. Aldiz, larramendi.org-ekoa irakurrri nahi izanez gero, hemen.

Kritikari ezberdinek bere lanaren inguruan esateko dutena jakin nahi baduzu, hementxe duzu Armiarmaren Literaturaren zubitegian topatutako hainbat kritika.

Bedakizue, anima zaitezte irakurtzera eta iritzia ematera!

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->