Aparatu juridikoak inposatzen dituen zigor penalak ez dira eskuarki uste direna: praktika garden eta delitua kontrolatzeko ekintza hutsak. Gaur egun, zigorra bizitza sozialaren arazo sakona da eta ez da aintzakotzat hartzen. Dena delako zigor, isun edota neurriek ezertarako balio ez duten ustea gero eta hedatuagoa da gure gizartean, eta pentsamendu hau haurren heziketara ere iritsi da.
Durkheimen teoriak dioen bezala, gaztigua sozietatearen orden moralarekin erlazionatuta dago, behar sozial bat da. Soziologo frantsesaren iritziz, zigorrik ez egoteak hiritarren arau moralak honda ditzake eta, zer esanik ez, punizio hauek autoritate-hezigarri batean kokatuko bagenitu. Bizkitartean, Benjamin Spockek, 50. hamarkadan, hain arrakastatsua izan zen “Gurasoen gidaliburua” argitaratu zuenean, ekintza hauek benetan modu diziplinagarritzat erabil zitezkeen edo ez zalantzan jarri zuen. Autoritatearen zorroztasuna kolokan jarri zuen, eta honek are eta zulo handiagoa egin dio orden moralari.
Duela ez asko gaztelaniako eskola batean, gai honi buruz hitz egiten zuen testu bat landu behar izan genuen. Bertan gurasoen autoritate falta aurpegiratzen zuen Juan Carlos Tedesco hezitzaile eta pedagogo argentinarrak. Spockek proposaturiko autoritate ezak kalteak besterik ez zekartzala adierazten zuen. Fernando Savaterrek, aldiz, seme-alaben lagun izan nahi duten gurasoak edota hauen sekretu guztiak dakizkitela uste dutenak balio gutxikoak direla adierazten zuen.
Testu hartatik esaldi batek piztu zuen nire arreta: “Haurrak helduak izan daitezen hezi behar dira eta ez umeak izaten jarrai dezaten. Hobeto haz daitezen hezi behar dira eta ez haz ez daitezenâ€. Nire uste apalean, testuaren autoreak arrazoi du, eta horretarako zigorra ezinbestekoa da. Badirudi ekintza hau zerbait lotsagarri, negatibo edota irrazionala dela, baina zuzendu eta normalizatzeko modu positibo bat ere izan daiteke.
Azatz beretik jarraituz, aipatu beharrekoa da txikitatik autoritate falta izan duen gazte batek irakaslearen autoritatea ez onartzeko arriskua dagoela, eta zer esanik ez beste edozein nagusirena. Arau-hausteak ondorioa ez dakarrela ikasi duen haur batek edo sinpleki arauak izan ez dituen batek gizarteari oztopoa suposatuko diolakoan nago, eta hau azken finean gizarte osoarentzat da gaztigu.
Hitz gutxitan esanda, punizioak nahitaez erabili beharreko ekintzak dira gizartearen eta sozietatearen onerako eta gure orden moralari aurre egiteko. Hauek gabe gizarteak krisi larria jasango luke: zigorrik gabe zigortuak izango ginateke.
No comments yet.