Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160
Tag Archives | krisia

Paperik ez, osasunik ez

FlickrCC, José Goulão

Azken urteotan 2008an hasi zen krisia dugu hizpide. Argi dago beharrezkoa dela sartuta gauden zurrunbilo honetatik irteteko gobernuak hainbat neurri hartzea osasungintzan, hezkuntzan, etab. Baina osasungintzan hartu diren hainbat neurrik ez ote dute gure osasuna arriskuan jarriko?

Espainiako gobernuak ezarri duen Errege Dekretu bidezko lege berriaren arabera, paperik ez duen etorkin orori osasun txartela kenduko zaio. Hala, osasunerako doako eskubidea galduko dute, eta ordainduz gero soilik izango dute aukera osasun zerbitzuak erabiltzeko.

Aipatutako lege hau oraingoz Espainiako erkidego gehienetan ezarri da, PPk agintzen duen erkidegoetan hain zuzen ere, eta horien artean Nafarroan. Gobernuaren arabera, murrizketa horien bidez, 500 milioi euro aurreztea lortuko da Espainian osasun alorrean. Bestalde, Inmigrazioaren Nafarroako Behatokiak aurreikusten du legeak Hego Euskal Herrian soilik 21.500 pertsonari eragingo diola. Hala, nolabaiteko debaldeko arreta jasotzekotan, larrialdietan baino ez dute izango aukera hainbat eta hainbat etorkinek. «Egia da azken boladan gero eta zailtasun gehiago jartzen ari zirela txartela lortzeko, baina eskubidea hor zegoen. Eskubide hori kendu dute orain», salatu du SOS Arrazakeriako Mikel Mazkiaranek.

Maiz entzuten dira azkenaldian medikuntza pribatizatzeari buruzko zurrumurruak, eta onartu berri den lege hau, ondoren etorriko den pribatizazio prozesu hori ahalbidetuko duen pauso bat baino ez delakoan nago.

Bestalde, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. atalak dioenez, “pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku sorospena eta gizarte-zerbitzuak”. Kontuan izan al dute hori lege berria ezartzean?

Sendagileen ikuspuntutik begiratuta ere, dilema moral bat sor daiteke. Izan ere, mediku egiten den pertsona orok zin egiten du laguntza behar duen edonori eskainiko dizkiola bere zerbitzuak sexu, adin eta arrazari erreparatu gabe. Hori ere kolokan jartzen du aipatutako arauak. Dena den, badira zenbait sendagile lege honen aurka egin dutenak eta etorkinei bere zerbitzuak eskaini dizkietenak.

Baina gertatu da Gipuzkoan bertan kontrako egoera bat ere, nahiz eta EAEn oraindik ez den lege hau aplikatu. Emakume marrokiar bat erditzera joan zen, eta ordaindu ezean ez ziotela lagunduko adierazi zioten ospitaleko langileek. Berak, ordea, ez zuen ordainketa papera sinatu nahi izan, hura osasun publikoko ospitale bat zela argudiatuz. Azkenik, erditzen lagundu zioten, baina hasierako jarrera ezkorra argi ageri da kasu honetan.

Beraz, krisiari aurre egiteko hainbat arlotan aldaketak egin beharko direla ikusten da, baina ez zait iruditzen horretarako lege atzerakoiak ezarri behar direnik, atzerritarrei osasungintzan aplikatu zaien hau bezala. Etorkin izan edo ez osasungintzak doakoa izaten jarraitu behar luke, oinarrizkoena gizarteko kide guztien segurtasuna bermatzea baita.

Comments { 3 }

Teknologiak langabeziara narama?

XVIII. mendea gertakari askorengatik da gogoangarri, baina horietatik garrantzitsuenetakoa mende amaieran hasi eta gaur egun izugarrizko garrantzia duen Industria Iraultza dugu. Hasieran, makina hauek enpresa baten produktuak azkarrago egiteko, ontziratzeko eta abar erabiltzen hasi ziren, enpresaren produktibitatea hobetzeko asmotan. Honela, autoa eta antzeko garraio batzuen sorrerara heldu gara; baita telebista, ordenagailua, telefonoa… izatera ere. Aurrerapen hauek guztiek gizakiarentzat erraztasun ugari ekarri dituzte, eta, hauetariko bakoitzaren garapen edo hobekuntzekin batera, gero eta erraztasun handiagoak. Hala ere, egun, aurrez aipaturiko jardueretarako baino arlo gehiagotarako erabiltzen dira tresna hauek eta horren adibide garbiak dira robotak: irakasle, zerbitzari, kirolari, gizarte laguntzaile, musikari… lanetan aurki ditzakegu asko eta asko. Mediku lanetan ere ikusi izan ditugu zenbait tokitan.

Honek guztiak gizakiaren beharraren gutxitzea dakarrela uste du askok, eta sufritzen ari garen krisia dela eta, makina hauek lanpostu ugari lapurtzen ari dizkigutela. Dena den, errealitateak erakusten digunez, herrialde mekanizatuenak herrialde garatuenak dira. Estatu Batuak eta Japonia dira batez ere, adibide honen erakusle. Munduko bi potentzia nagusiak dira egun eta horiek dira, justuki, honelako industria motan aurreratuenak dauden herrialdeak. Japoniaren adibidea are eta garbiago da, hiru mendez isolatua egon eta gero, Estatu Batuak berak bultzatu zuen modernizazioaren booma etorri zenetik hasi baitzen ekonomia egoera hau garatzen.

Gizatasun galera hau, beraz, atzerapena ala aurrerapena?

Niri ulertzekoa egiten zait jendeak makina hauekiko desadostasun hau agertzea. Krisi garaia dela eta, lanpostu falta asko dago eta, gainera, beste asko desagertzen ari dira, jostunen kasu. Aparatu hauek gizakia ordezka dezaketela ohartzen garenean, makina hauen baliagarritasuna dudan jartzen dugu. Halaber, nire ustean, modernizazioaz hitz egitean, askotan aurrez aipaturiko robot hauetan edota antzekoetan besterik ez dugu pentsatzen, eta ez gara garraioez, etxeko tresna elektrikoez edota, esaterako, telebista bat egiterakoan erabiltzen diren makina guztiez gogoratzen. Ez gara ohartzen makina hauengatik guztiengatik ez balitz, lana izugarri atzeratuko zitzaigula, eta orain ditugun erraztasun asko eta asko usaindu ere egingo ez genituela.

“Robot profesional” hauen erabilpena ohikoa egiten ez zaigun arren, hemendik urte batzuetara erruz erabiliko ditugula uste dut nik eta jarduera honekin aurreratuko dugunarekin beste lanpostu berri batzuk sortuko direla, hala nola, hauen fabrikaziora edota inbestigaziora bideratutakoak. Era berean, telebista, ordenagailu, telefono edota musika-erreproduzitzaileen arloan ere izugarrizko eraldaketa egongo delakoan nago. Honek ez du esan nahi hauen inguruko lanpostuak soilik sortuko direnik; izan ere, orain dela urte batzuk gaur ditugun bidaia-agentzia edota aseguru-agentziak hain ohikoak izango zirela imajinatuko al genuen?

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: denborarekin gauzak aldatzen doaz eta aldaketa honen kausa nagusienetako bat eboluzio teknologikoa dela esan genezake. Lanpostu ugarien desagerpena eta beste askoren gainbehera ekarri duen arren, lanpostu berri askoren sorrera ekarri eta ekarriko du, eta, orokorrean, gizakiaren aurrerapena eta erraztasuna dakar. Beraz, teknologia berri hauek begi txarrez ikusten dituzuen guztioi egun batez produktu teknologikoak baztertzea gomendatzen dizuet hauen beharrezkotasunaz ohartzeko eta lanpostu ordezkatzaile hauen garrantziaz ohartzeko. Gai izango al zinatekete?

Comments { 1 }

Gabonak, kontsumoa eta… KRISIA??

Santa ClausIritsi da munduko jende askok gehien maitatzen duen garaia: Gabonak. Eta harekin batera, besteak beste, parrandak, kontsumoa eta denetariko ospakizunak etorri dira. 2009. urtea oraintxe amaitu da eta urtean zehar gertaturiko gauza eta gai garrantzitsuenen laburpen edota flashback-ak ikustea gure egongelako telebistan ez da batere bitxia egunotan. Tira, hori horrela bada, azter ditzagun aurtengo gertakari garrantzitsu batzuk.

Urteko bilduma horietan kirolak, programen laburpenak, urteko momentu onenak…azaldu ohi dira. Esaterako, atletismoko mundialetan hautsitako markak, futbol txapelketetako gol garrantzitsuenak, telebistako telesailen une zirraragarrienak eta Gabonetako edizio edo kapitulu bereziak. Baina, aurten, ez al da hori guztia baino garrantzitsuagoa izan daitekeen zerbait gertatu? Galdera horri baiezkoa erantzun beharko genioke eta krisiari buruz hitz egiten ari garela jakin beharko genuke. Duela hilabete dezente hasi ziren arazo ekonomiko horiek; halere, jendeak ez zion jaramonik egin arazoari munduko banku eta enpresa garrantzitsu askok porrot egin zuten arte. Mundu osoan ospe eta botere handiena zuten hainbat erori ziren hasiera batean eta, jarraian, beste enpresa mordo bat joan ziren zulora. Langabezia hazten hasi zen.

KrisiaKrisian egonda, ondoriozta genezake aurtengo Gabonak berezi samarrak izango direla. Jende asko langabezian dago eta ez dago dirua xahutzeko; dena den, badirudi tradizioak salbuespen direla eta krisiaren eragina espero baino askoz ere gutxiago nabaritu dela aurtengo Gabonetan. Aditu mordo batek aldez aurretik esan zuen aurtengo Gabonetan jostailu dendek eta antzerakoek krisia inoiz baino gehiago nabarituko zutela, euren salmentak izugarri jaitsiz, familia bakoitzeko aurrekontua txikiagoa izango zelako. Espero zena, ordea, ez da gertatu.

Adibide garbia Donostiako Solbes janari denda dugu. Haren arduradunak, Martin Solbesek, zera zioen: “Aurten, guk behintzat, ez dugu nabaritu krisia. Jendea beti bezala etorri da gure produktuak erostera. Are gehiago, ez galdetu zergatik, baina agian gorakada bat nabaritu dugu azken egun hauetan iazkoarekin alderatuta.”

Hau guztia honela izanik, zera ondoriozta dezakegu: urtean zehar krisiak gogor jo arren, tradizioak errespetatu egiten dira, bai edo bai. Gero, lanean garai zakarrenak jasango dira, gehiago kobratu ahal izateko noski; baina, garai hauek heltzean, krisia alde batera uzten dugu lipar batez eta kolkoa diruz betetzen…

Krisia hitz gutxitan ulertzeko:

Comments { 1 }
-->