Ama aspaldian zebilen alfertuta nengoela esaten. Ez omen nuen golpe zorrik jotzen, batxilergoa hasi nuen kontu horrekin irakurketarako nuen zaletasunak behera egiten zuen hein berean hazten ari omen zitzaidan alferkeria. Eta ez nolanahikoa, bere aburuz. Batxilergoa hasi besterik ez, eta dagoeneko telebistan edo ordenagailuan jartzen nintzen bakoitzean amaren ahotsa entzun nezakeen belarri atzean garrasika: “Ez duzu ezer egiten!”, “Uste nuen irakurtzea gogokoago zenuela…”, “Utzi telebista eta har ezazu liburu bat!”… Nire erantzun bakarra, eta beti berbera: “Ez daukat gustura irakur dezakedan libururik, baina.” Hori esan, eta neurean jarraitzen nuen, aspertuko zelakoan. Ez zen hala izan, ordea. Eta, azkenean, liburu on bat ekartzen bazidan helduko niola agindu nion. Durangoko azoka iritsi zen, eta handik bueltan ama azaldu zitzaidan irribarretsu, pozik. Mendaroko txokolatea liburua ekarria zidan, hari buruz inoiz entzun gabea nintzen. Irakurtzen hasterako, ordea, Gabonak iritsi ziren, eta, haiekin batera festa giroa. Ez zen oso egoera egokia irakurketari ekiteko. Geroxeago hasiko nintzelakoan utzi, eta, ohartzerako, otsaileko azterketak ziren, Aste Santua… Liburu gizajoa apal batean geratu zen hautsez betetzen, ikastolan hasi berritan asper-asper eginda nengoen arratsalde batean ikusi nuen arte. Hartu, eta ezin izan nuen berriz utzi, bi egunen buruan amaitua nuen.
Zer zuen bada liburuak bere amaraunetan gisa horretan harrapatzeko? Oraindik ez dut deskubritu, baina niri behintzat Iñaki Irasizabalen liburua irakurterraza eta atsegina egin zitzaidan. Durangon jaio zen Iñaki Irasizabal idazlea duela 38 urte. 2005ean Elkar argitaletxearekin argitaratu zuen honen aurretik, hiru nobela (Borrokaren baitan, Berebereen alfonbra, zeinak Augustin Zubikarai saria jaso zuen, eta Burua txoriz beterik) eta narrazio liburu bat (Ezin joan) zituen argitaratuta. Burua txoriz beterik lanarekin, Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketa irabazi zuen 2004an. Ez da ohiko idazlea Irasizabal, Kazetaritza eta Soziologia ikasketak egin zituen, baina buzoarekin lan egiten du errelebotan, eta gauez idatzi egiten du. Baliteke egunerokotasun horrek hau bezalako nobela bat egiteko balio izatea, gertukoa eta erakargarria edonorentzat. Bikain asmatu du lana eta idazteko plazera konbinatzen, egunero lanetik irtetean hamabost bat minutuz idazten du, eta poliki-poliki bere tokia hartzen ari da euskal literaturan oso zabaldurik ez dagoen nobela beltzaren munduan. Nobela beltza izan arren, ez du AEBko edo Erresuma Batuko nobela beltzaren ezaugarririk egilearen esanetan: “Euskal Herrian, ez dugu 15 milioi biztanleko hiririk eta Ameriketan duten elementurik”. Alderantziz, liburua euskal giroan dago errotuta, “nobela errealista da eta nire ingurua, bizitza eta lagunak euskaldunak diren heinean nobelan hori nabari da, Durangaldean, Atxondon, Elorrion, Abadiñon, Bilbon… ematen dira gertaerak”. Egiazko euskal izaera eman dio nobela beltz honi, batez ere gertalekuak gure ingurukoak direlako eta pertsonaiak ere ez direlako amerikar estereotipoen araberakoak.
Aipatu dudan bezala, gertalekuak gure ingurukoak dira, idazlea bera bizi den ingurukoak zehazki. Garrantzi berezia du protagonista nagusia den Aitorren jatetxeak ere, zeina Durangotik urrun ez dagoen ingurune menditsu batean kokaturik dagoen. Hain zuzen ere, liburuko gertakari gehienak Aitor sukaldariaren eta bere jatetxearen inguruan gorpuztuko dira, bera izango da istorioaren lema gidatuko duena eta batetik bestera eramango gaituena.
Hasiera batean, Aitorrek bizimodu lasaia eta atsegina dauka, Irantzu neska lagunarekin bizi da alokaturiko txalet txiki batean eta jatetxea primeran doa. Ezustean, ordea, nahigabeak bata bestearen atzetik iristen hasiko zaizkio. Lehenik eta behin, hiru urtez elkarrekin bizi ondoren, Irantzuk alde egingo du, aurrerago jakingo den moduan, emakume batez maitemindu delako. Hala eta guztiz ere, hori ez da liburuaren erritmoa ezarriko duen gertaera nagusia izango. Izan ere, itxuraz inolako arazorik ez zuen eta aseguru enpresa baten jabe zen Ander Lopez Sopela inguruko itsaslabar batean hilik agertuko da. Poliziak bere buruaz beste egin duela defendatuko duen arren, Anderren emazte eta Aitorren arreba Laurak ez du bertsio ofiziala onartuko. Ezingo du jasan bere senarrak ez zuela bizirik jarraitzeko arrazoirik.
Itxuraz argituta eta lotuta zegoen kasua korapilatzen joango da denborarekin, Aitor ikerketatxo batzuk egiten hasi bezain laster, mehatxuak eta jipoiak jasoko baititu. Atsedenik gabeko bilaketari ekingo dio orduan Aitorrek, bere koinatuak izan zitzakeen etsaiak topatu nahiko ditu bere lagun-min bilakatuko den Mateo Urrestirekin. Bilaketa horretan, Anderrek zuen bizimodua ez zela itxuraz bezain garbia konturatuko da, zenbait gaizkilerekin erlazioak zituela ohartuko baita. Ezagutuko dituen pista guztiek Ander Fernando izeneko baten hilketarekin lotuko dute, eta hilketa horren atzean azalduko zaigu baita X jauna delakoa ere. Anderren hilketaren arrazoiak ezagutzetik zenbat eta gertuago egon, orduan eta interes ekonomiko handiagoak daudela ohartuko da Aitor, tartean egongo baita aseguru-etxearen lokalaren alokairua, bortxaketa bat… Nahaste-borraste horretan sartu ondoren, sukaldariak ezin izango du irten, eta Mateo eta biek amaierara arte iritsi behar direla ohartuko da, Anderren hilketa argituko badute, behintzat.
Liburua ez da horretara soilik mugatzen, baina. Izan ere, hari nagusia jarraitzeko orduan deskribapen eta istoriotxo txiki ugari tartekatzen ditu. Zehaztasunez eta txikikeriaz beterik agertzen zaizkigu, besteak beste, Irantzurekin duen erlazioaren gorabeherak, jatetxeko eguneroko lana, Monika zerbitzariarekin eta Mateorekin duen erlazio berezia… Dena euskal kutsu berezi batez zipriztindurik. Hona hemen horren adibide bat:
Egunak luzatu eta gauak laburtzearekin batera, gure bezeroen ohiturak ere aldatzen joan ziren: afari gehiago eta bazkari gutxiago, asteburuetan batez ere. Libratzen zuten orduetan, Itziar eta Mateo toalla bana besagainean hartu eta hortik zehar joaten hasi ziren neskaren autoan; afariak prestatu baino lehenago itzultzen ziren, irribarretsu eta joandakoan baino beltzaranago
Euskal izaera hori oso nabaria da paisaia eta ingurunean (Abadiño, Durangaldea…); baita pertsonaietan ere. Aurrez aipatu dudan bezala, Mendaroko txokolatea liburuko pertsonaiak ez dira amerikar estereotipoen araberakoak. Ez dugu topatuko polizia berezirik, ez gobernuaren agindupeko hiltzailerik, ez detektiberik… Horren adibide garbiena Aitor bera da. Patuak bere koinatuaren hilketa aztertzera bultzatuko du, baina ez da ikertzaile nekaezin eta azkarra izango. Pausoz pauso joan beharko du eta zenbait unetan atzera egitekotan ere egongo da, inguratzen duena bere ahalmenaz gaindikoa dela uste duelako. Sentimentalki, lur jota dago Irantzuk utzi duelako, baina ez hori bakarrik, beste norbait tartean duelako ere bai. Beldurti samarra ere bada, eta bere bizimodua zen bezalakoa gogoko zuen arren, bere arreba lasaitzeko helburuarekin ekingo dio Anderren hilketa argitzeko lanari. Horren froga pasarte hauxe bezalako ugari:
Egun pare bat ibili nintzen zer egin pentsatuz. Mapan bilatu nuen baseliza, eta atzamarrarekin hamaika aldiz egin nuen bertarainoko bidaia, baina ez nuen argi ikusten, bertara joan eta gorpua bertan egonda ere, nori egiten nion mesede.
No comments yet.