Burua txoriz beterik- I. Irasizabal

Lehengo batean Igor Zeberiok ireki zuen atal berriari jarraipen bat emateko asmoz nabil gaur ni. Oraingoan, Iñaki Irasizabal idazle durangarraren “Burua txoriz beterik� liburua dakarkidalarik. Horrela, liburuaren laburpena emateari ekingo diot.

Alberto hirurogei urte inguruko gizon alarguna da. Bilbon bizi da eta hiri bertan egiten du lan unibertsitate irakasle moduan. Hiru seme-alaba dauzka; Markel da hiruretan zaharrena. Ostaizkarekin ezkondua dago eta bi seme-alaba ditu: Irati eta Harkaitz. Hiriko girotik urrun dagoen baserri zaharkitu batean bizi dira eta dirua soberan ez badute ere, pozik bizi dira bertan. Ondoren, Arantza daukagu. Albertoren alaba bakarra, duela hilabete eskas batzuk bere senargaiarengandik banandu da eta bere bizitzarekin zer egin ez dakiela, benetan bera ulertuko duen gizon baten bila jardungo da. Azkenik, bere seme gazteena eta berarekin batera bizi den bakarra, Iker. Deustuko unibertsitatean dabil soziologia ikasketak burutzen.

Guztia etxeko anaia gazteenaren heriotzarekin hasiko da. Orduantxe konturatuko da Alberto bere semea ez zuela berak uste zuen bezain ondo ezagutzen eta, heriotzak suposatuko dion minetik osatu ezinean dabilela, geratzen zaizkion beste birekin harremana estutu beharrean dagoela ohartzen da. Hasiera batean traba handiak topatuko ditu Albertok baina ez du etsiko eta bere seme-alaben bizitzan sartzea lortuko du. Sartzea eta …… hainbat gauza gehiago; izan ere, bidean berak uste ez dituen hainbat gertakari jazoko baitira. Gauza eta ilusio berri asko irabaziko duen arren, beste hainbat ere galduko du eta horien artean hainbeste maite duen semea, Markel.

Burua txoriz beterik liburuak familia xume eta arrunt baten barnean gertatzen diren gorabeherak azaltzen ditu eta berauen aurrean familiako senide bakoitzak dituen sentipen, gogoeta eta jokabideak kontatzen dira. Zoriontasunez beteriko bizitza bat sortzea dute denek helburu, baina hau ez da batere erraza suertatuko, egunero bizitzako zailtasunez gain, familiako senideen arteko harremanak direla eta, bide hori guztiz malkartsua bihurtuko baita.

Nire iritziz, liburu bikaina, gai interesgarria lantzen duena. Irakurketarako erraztasun handiak eskaintzen dituen irakurgaia, hizkuntzaz oso sinplea eta deskripzio nahiz narrazio ugariz josia. Aipatu beharra daukat gainera, aspaldiko partez, oso gustura irakurri dudan liburu bat dela eta honek aurrerantzean euskaraz irakurtzeko gogoa piztu didala. Azkenik, esan, Iñaki Irasizabalen Burua txoriz beterik liburua duela gutxi Ondarroako nobela laburren lehiaketako sarituetako bat izan dela. Horri buruz gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Hemendik, beraz, liburua irakurtzera animatzen zaituztet eta, irakurria izanez gero, zuen
iritzia denekin konpartitzera!!

Liburu honi egindako hainbat kritikaren berri izateko, klik egin hemen.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->