Itzalpeko milaka ekintza txiki

“Izorratuta nago, abokatu jauna, halaxe esan diot, izorratuta nago, hemengoek esaten duten moduan, ederki izorratuta gainera, epaiketa egin aurretik kondenatu naute, zertarako epaiketa bat, pentsatuko zuten, zertarako astirik galdu, diren krimen guztietatik makurrena omen da-eta nirea, bihozgabeena, zitalena (…)”

Hitz hauekin ematen dio hasiera Xabier Montoia euskal idazle ezagunak Fucking Artists liburuko apaiz pederasta baten bakarrizketari, bakarrizketa bikainari. Gaurko honetan ez nator, ordea, Elizaren errugabetasuna zipriztindu duten delituez -ez hainbestetan salatu diren delituez, ez isilean ezkutatu direnez- hitz egitera. Gaurkoan, Eliza bera izango dugu aztergai.

Azken urteetan fededun kopurua jaisten ari omen da, hauen adinak gora egiten duen artean. Apaizen edadeak ere aurrera dirau, eta badirudi ondorengoen kopurua oso urria -ia nulua- dela. Gero eta jende gehiago da ateoa edo agnostikoa; eta gurasoen erlijio desberdinetara konbertitu denik ere badago. Zergatik ez? Jendearen izaera aldatu dela esan genezake, hala baita neurri handi batean; halere, sinestun kopuruaren beherakada hau ez da fenomeno psikologikoa -edo ez, behintzat, bere osotasunean-.

Batek daki nola definituko duten gure ondorengoek bizi garen mende hau; baina ukaezina da aurrerabidea hitza ezingo litzatekeela falta. Internetaren aroan bizi gara, garapenaren aroan, globalizazioaren aroan: XXI. mendean. Elizaren zati handi bat, aldiz, hermetismo ideologiko moduko batean murgildurik bizi da, abantzuan doan gizartearen iskanbilari entzungor eginez. Gertaera bat ukatzeak honen izaera ukatu ez eta fededunak galtzen ari da, gainera.

Izan ere, gurea bezalakoa den gizarte batean, Elizaren buru den Aita Santuak preserbatiboen erabilerak HIESa ezin geldiaraz dezakeela esateak ez du eragin handirik izango, beharbada; baina hori bera garatze bideetan dauden herrialdeetan esatea guztiz onartezina -zigorgarria ez esatearren- iruditzen zait. Nola liteke! Ez da Aita Santua, gainera, honelako iritziak zabaltzen dituen bakarra; alde baititu Elizako buru asko; eta, hauei jarraiki, fededunak.

Ez da ahaztu behar, dena den, Elizaren alde humanitarioa. Kristau balioetan hazi eta hezi naizelako izango da beharbada, baina aurrekoak bezalako esapideei entzungor egin eta alde ona ikusten irakatsi didate. Komunikabideetan gutxiago agertzen badira ere, hor daude gehien behar dutenei laguntzen dieten talde erlijiosoak. Eta ez dira gutxi.

Kristau erlijioak proposatzen dituen balio asko hurkoaz arduratzen dira, eta balore hauek dira Eliza osatzen duten talde askok duten gizarte konpromisoaren erantzule. Eta horiek dira benetako apaltasunez eta inongo aberastasunik gabe lan egiten dutenak, erlijioaren benetako balioak zabaltzen dituztenak.

Hauen lana, ordea, itzalean geratu ohi da, gainerako guztiei Elizaren beste aurpegia erakutsiz. Egia izango da kristautasunaren mandatari ugari oker daudela; baina horien handitasunari ezentzunarena egin eta beste talde erlijioso askoren laguntza-deia -dei etsia- entzun beharko genuke.

Azkarregi bizi garelako izango da beharbada, gaur egungo gizarteak frenetikotasuna besterik ez duelako onartzen edo, baina aurrekoa bezalako gauza txikiak aztertzeko gaitasuna galtzen ari garela dirudi. Eta, ugariak izanik, haien txikitasunari itzal egiten dio emaitzak: egun bat gehiagoz sabela betetzea lortzen duten behartsu kopuruak, garapen bidean dauden herrialdeetan eraikitako eskolek…

XXI. mendeko Elizak badu, eduki, alde kontraesankor bat; garbiketa handi bat behar duen alde bat. Baina badu, bestalde, gainerakoez arduratzen den zati handi bat. Eta guk gaizki dagoena aztertu eta zigortzen dugun moduan, zoriondu beharko genituzke hain eskuzabalak diren beste itzalpeko milaka ekintza txiki.

, , , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->