Archive | erlijioa

RSS feed for this section

Izango al zinateke XVIII. mendean bezala bizitzeko gai?

amish umeak (FlickrCC, trustypics)

amish umeak (FlickrCC, trustypics)

Aurreko batean, Callejeros Viajeros telebistako programa ikusten ari nintzela, Estatu Batuetan eta Kanadan Amish izeneko komunitate berezietan duela lau mendetako bizitza daramatela jakin nuen. Kristau anabaptista taldeak dira, bakezaleak eta teknologiaren inongo eraginik jaso ez dutenak. Antzina alemanen eragina jaso zuten, eta, ondorioz, dialekto aleman bat hitz egiten dute. Gaur egun, 230.000 amish bizi dira.

“Ordnung” izeneko araudi bat dute, komunitateko bizitza arautzen dieten legeez betea. Oso zorrotzak dira, zorrotzegiak nire ustetan. Horren zehatzak dira, non daramatzaten txapelek zenbat tolestura izan behar dituzten ere agintzen duten. Janzkerarekin jarraituz, bibotea eramatea (militarren ezaugarria kontsideratzen dutelako), eskularruak edota kirolerako zapatilak janztea guztiz debekatua dute. Gizonezkoek jantzi ilunak eta lastozko edo txapela beltzak janzten dituzte. Emakumezkoek, berriz, kolore bakarreko soineko sinple batzuk mantalarekin, eta buruan, motots bat buruko zuri batez estalita.

Ez hori bakarrik; izan ere, XXI. mendean bizi garen arren, teknologiarik erabili gabe bizi dira, guztiz isolatuta. Aurrerapen guztiak baztertzen eta gutxiesten dituzte. Gauzak horrela, ez dute ez telebista, elektrizitate, eta ezta mugikorrik ere. Etxea argitzeko eta hozkailua martxan edukitzeko gasa erabiltzen dute. Kontuan izan behar dugu amish komunitateko gizon gehienen ogibidea zurgintza dela, eta eurek eginiko altzariak Estatu Batuetako beste hiri batzuetara esportatzen dituztenez gero, euren produktuak sailean ekoizten dituzte. Ezingo litzateke hori posible izan XVIII. mendeko lan-tresnekin. Hortaz, 12V-ko bateriak erabiltzen dituzte soldatzeko eta zulatzeko. Garraiobideari dagokionez, ez dira motordun ibilgailuetan ibiltzen, zaldi-gurdietan baizik.

amish komunitatea (FlickrCC, cindy47452)

amish komunitatea (FlickrCC, cindy47452)

Ordnungak diktatzen dituzzten zenbait lege ez zaizkit batere egokiak iruditzen. Izan ere, ikaragarrizko kaltea eragiten die horretan sinesten duten amish biztanleei. 16 urtera arte ez dute aukerarik bizimodu hori uzteko. Behin adin hori iritsita, amish izaten jarraitu nahi duten ala ez aukera dezakete. Euren sinesmenetan itxita bizi dira, eta nekez dute euren komunitateaz kanpoko munduaren berri. The Shunning filmak, haien bizitza eta arauak irakasteaz gain, neskatxa batek bere familiak amish komunitatetik botatzen duenean bizitzen duena ere erakusten digu.

Esan bezala, kaltetuak eurak dira. Amish taldea ez du jende ugarik osatzen, eta asko eta asko odol bereko jendearekin ezkontzen dira. Horrek herentziazko gaitz genetikoak ekar diezazkieke. Hori gutxi balitz, gaixotasun horiek izatea Jainkoaren nahia dela esanez justifikatzen dute. Gainera, ez dute medikamendurik hartzen. Antza denez, sendatzeko fedean sinesten dute.

Hitz gutxitan esanda, benetan onuragarria al da inguratzen dituen errealitatetik kanpo bizitzea? Nire uste apalean, gizartean ematen diren aldaketekin batera bizi beharko lukete, beste kulturekin gehiago sozializatuz. Zein da zure iritzia?

Comments { 2 }

Itzalpeko milaka ekintza txiki

“Izorratuta nago, abokatu jauna, halaxe esan diot, izorratuta nago, hemengoek esaten duten moduan, ederki izorratuta gainera, epaiketa egin aurretik kondenatu naute, zertarako epaiketa bat, pentsatuko zuten, zertarako astirik galdu, diren krimen guztietatik makurrena omen da-eta nirea, bihozgabeena, zitalena (…)”

Hitz hauekin ematen dio hasiera Xabier Montoia euskal idazle ezagunak Fucking Artists liburuko apaiz pederasta baten bakarrizketari, bakarrizketa bikainari. Gaurko honetan ez nator, ordea, Elizaren errugabetasuna zipriztindu duten delituez -ez hainbestetan salatu diren delituez, ez isilean ezkutatu direnez- hitz egitera. Gaurkoan, Eliza bera izango dugu aztergai.

Azken urteetan fededun kopurua jaisten ari omen da, hauen adinak gora egiten duen artean. Apaizen edadeak ere aurrera dirau, eta badirudi ondorengoen kopurua oso urria -ia nulua- dela. Gero eta jende gehiago da ateoa edo agnostikoa; eta gurasoen erlijio desberdinetara konbertitu denik ere badago. Zergatik ez? Jendearen izaera aldatu dela esan genezake, hala baita neurri handi batean; halere, sinestun kopuruaren beherakada hau ez da fenomeno psikologikoa -edo ez, behintzat, bere osotasunean-.

Batek daki nola definituko duten gure ondorengoek bizi garen mende hau; baina ukaezina da aurrerabidea hitza ezingo litzatekeela falta. Internetaren aroan bizi gara, garapenaren aroan, globalizazioaren aroan: XXI. mendean. Elizaren zati handi bat, aldiz, hermetismo ideologiko moduko batean murgildurik bizi da, abantzuan doan gizartearen iskanbilari entzungor eginez. Gertaera bat ukatzeak honen izaera ukatu ez eta fededunak galtzen ari da, gainera.

Izan ere, gurea bezalakoa den gizarte batean, Elizaren buru den Aita Santuak preserbatiboen erabilerak HIESa ezin geldiaraz dezakeela esateak ez du eragin handirik izango, beharbada; baina hori bera garatze bideetan dauden herrialdeetan esatea guztiz onartezina -zigorgarria ez esatearren- iruditzen zait. Nola liteke! Ez da Aita Santua, gainera, honelako iritziak zabaltzen dituen bakarra; alde baititu Elizako buru asko; eta, hauei jarraiki, fededunak.

Ez da ahaztu behar, dena den, Elizaren alde humanitarioa. Kristau balioetan hazi eta hezi naizelako izango da beharbada, baina aurrekoak bezalako esapideei entzungor egin eta alde ona ikusten irakatsi didate. Komunikabideetan gutxiago agertzen badira ere, hor daude gehien behar dutenei laguntzen dieten talde erlijiosoak. Eta ez dira gutxi.

Kristau erlijioak proposatzen dituen balio asko hurkoaz arduratzen dira, eta balore hauek dira Eliza osatzen duten talde askok duten gizarte konpromisoaren erantzule. Eta horiek dira benetako apaltasunez eta inongo aberastasunik gabe lan egiten dutenak, erlijioaren benetako balioak zabaltzen dituztenak.

Hauen lana, ordea, itzalean geratu ohi da, gainerako guztiei Elizaren beste aurpegia erakutsiz. Egia izango da kristautasunaren mandatari ugari oker daudela; baina horien handitasunari ezentzunarena egin eta beste talde erlijioso askoren laguntza-deia -dei etsia- entzun beharko genuke.

Azkarregi bizi garelako izango da beharbada, gaur egungo gizarteak frenetikotasuna besterik ez duelako onartzen edo, baina aurrekoa bezalako gauza txikiak aztertzeko gaitasuna galtzen ari garela dirudi. Eta, ugariak izanik, haien txikitasunari itzal egiten dio emaitzak: egun bat gehiagoz sabela betetzea lortzen duten behartsu kopuruak, garapen bidean dauden herrialdeetan eraikitako eskolek…

XXI. mendeko Elizak badu, eduki, alde kontraesankor bat; garbiketa handi bat behar duen alde bat. Baina badu, bestalde, gainerakoez arduratzen den zati handi bat. Eta guk gaizki dagoena aztertu eta zigortzen dugun moduan, zoriondu beharko genituzke hain eskuzabalak diren beste itzalpeko milaka ekintza txiki.

Comments { 0 }
-->