Amaiera tragikoa gauean

Balcón de RosalesDagoeneko abenduan gaude, eta egun pil-pilean dagoen gai batekin natorkizue. Denok ezaguna izango dugun gaia da: dantzalekuetan emandako istiluen gorabeherak. Diskoteketan edota tabernetan emandako istiluen kasuak ez dira berriak; izan ere, hauek aspalditik gertatu izan diren jazoerak dira, baina tamalez denbora igaro ahala, gogortzen joan dira, hauetako asko sarraski hutsak bihurtuz. Sarraski hauek gehienetan gazteen artean sortzen dira, agian, pixka bat pasata daudelako edariarekin edo beste era bateko substantziengatik, eta okerrena da borroka hauen sorrera edozein huskeriagatik izaten dela, gehienetan bultzakada batengatik, edota beste edozein ziztrinkeriagatik…

Gai honek sekulako eztabaida sortu du jendearen artean, eta harekin batera beste gai batzuk ere ilunpetik atera dira, hala nola tabernetan gazteei alkohola ematearen eztabaida, drogak… laburbilduz: gaueko gehiegikeriak. Honek guztiak sortu duen eztabaida sozialak sekulako oihartzuna izan du. Ez dugu ahaztu behar, esaterako, honetan guztian telebistak jokatzen duen papera, oso komunikabide nahasgarria izateaz gain, kasu askotan espekulazio ugari sorrarazten baitu.

Beraz, nork esan dezakegu duela errua horrelako kasuetan? Gazteek, atezainek, gurasoek, lokal horren zuzendariak…? Nire ustez, erru handiena dutenak diskoteketako zuzendariak dira kasu gehienetan, hauek izaten baitira adinez txikiak direnei sartzeko baimena eman eta, gainera, alkohola saltzen dietenak. Baina galdera zera da: zergatik ez du inork ezer egiten hau aldatzeko? Jakina da taberna edo dantzaleku hauetan astero ematen direla istiluak, baina horietako asko liskar “xumeetan” geratzen direnez, inork ez du ezer esaten edo egiten. Ez hori bakarrik, beste diskoteka askok salaketa ugari jaso dituzte, baina ez dute azaltzen inongo asmorik gune hori ixteko edota segurtasun neurriak hartzeko. Gurasoek ere, honen berri dutenean, zerbait egin beharko luketela iruditzen zait; halere, kasu askotan hau ez da gertatzen, gurasoak ez dakitelako zertan ibiltzen diren euren seme-alabak asteburuetan.

atezainaHonekin zuzenki loturik dagoen kasua da orain dela aste batzuk Madrileko dantzaleku batean gertatutakoa. Bertan, 18 urte besterik ez zituen gazte bat hil zen dantzaleku horretako atezainarekin izandako borroka baten ondorioz. Gazte honen izena Alvaro Ussia zen eta egun horretan, edozein asteburutan bezala, bere lagunekin gaua igarotzeko eta ongi pasatzeko asmoz atera zen. Hauen topagunea Balcon de Rosales izeneko diskoteka zen. Istilua nola hasi zen oso ziur ez badago ere, hainbat egunkarik dio honen lagun batek neska batekin estropuz egitean gertatu zela. Neska hau diskoteka horretako atezain baten neska-lagun ohia dela dirudi eta hori izan omen zen iskanbila leherrarazi zuena. Neska hau atezainaren bila joan ondoren, Alvaroren lagunarekin liskarra izan zuen. Zoritxarrez, Alvaro tartean sartu zen. Egunkari batean atezainak aditzera eman duenez, gazteak nahiko aztoratuta zeuden Dantzalekuaren kanpoaldean gertatu zen zorigaiztoko heriotza. Han gertatutakoaz bi hipotesi daudela esan dezakegu: bata, hiru atezainak gazteari emandako jipoiaren ondorioz hil zela; eta, bigarrena, hiru hauetako atezain bat halabeharrez honen gainean erori zela. Istripua edo hilketa? Barrabaskeria hau egin zutenak dagoeneko kartzelan daude; dena dela, oraindik ere kasua ikertzen ari dira jazotakoa ez baitago batere argi.

Edonola ere, honetan guztian harrigarriena da Madrilgo udalak bazekiela dantzaleku honek hainbat salaketa zuela -bai beraien atezainen jarreragatik, eta baita beste hainbat irregulartasunengatik ere-, eta ez zuela ezer egin lokal hau ixteko. Baina ez da hau okerrena. Penagarriena iruditzen zaidana da horrelako gauza bat gertatu behar izan dela, hau da, gazte bat hil behar izan dela dantzaleku hau ixteko eta honi dagokion legea “gogortzeko”. Hori ezer gertatu baino lehenago egin behar zen, ez gertatu ondoren. Zoritxar honen ostean, gauza asko jakin dira diskoteka honi buruz. Esanguratsuena izan da honek jatetxe lizentzia baino ez duela, hau da, diskoteka izateko lizentziarik ez duela; eta ondorioz, ezta gazteei alkohola saltzeko, ezta bertara sartzen uzteko. Benetan lotsagarria. Orain gauzak aldatzen hasteak ez du aldatuko gazte askoren heriotza gertatu izana.

Aurreko guztia horrela izanik ere, honekin guztiarekin ados ez dauden atezainak ere badaude. Hauek esaten dute atezain guztiak ez direla horren oldarkorrak, gutxi batzuk baizik. Honekin ados nagoela esan beharra daukat. Atezain gehienak euren lana egitera mugatzen dira, hau da, jendea sartzen utzi edo ez utzi eta sortzen diren iskanbilak “konpontzera”, baina beraiek parte hartu gabe. Egia da, halaber, hauetako askok ez dutela lan horretarako prestakuntzarik jaso. Gertatu den guztiarekin atezainen lana lupaz ari da begiratzen; eta, horren ondorioz, orain dela egun gutxi batzuk oso arriskutsua zen Bulgariako atezain talde bat desegin dute, kideetako asko militarrak izandakoak.

Ez da hau, baina, kasu bakarra: estatuan horrelako ehunka kasu ematen dira asteburuetan zehar, nahiz eta ez duten lehen aipatutako amaiera zorionez. Jendea beldurtuta dago eta zaintza gehiago eskatzen du horrelako tokietan, gehienbat toki gatazkatsuetan. Beste gazte batzuen heriotzarik ez gertatzeko eta gazteok horrelako lokaletara segurtasun handiagoz joateko, nire ustez, diskoteka hauei dagozkien legeak gogortu edo moldatu egin beharko litzaizkieke.

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->