Kontsugabonak

kontsumismoaGabonak urte baten bukaeran eta hurrengoaren hasieran munduko herrialde askotan ospatzen diren egunak dira. Mundu osoan zehar hedaturiko ospakizun honen oinarrian erlijioa dago, Jesukristoren jaiotza hain zuzen ere.; izan ere, munduko herrialde askok erlijio katolikoari jarraitzen diote, baina bakoitzak bere kultura eta ohiturak errespetatuz.

Beraz, jatorriari erreparatuz gero, egun hauek familian, zoriontasunez eta bakean pasatzeko egunak dira: familiarteko bazkari eta afariak, Olentzero, hamabi mahatsak jatea urte amaieran… Gure pentsatzeko modua, dena den, aldatuz joan da,  eta jada ez ditugu Gabonak duela berrogeita hamar urte bezala ikusten. Gaur egun, ez dugu gure erlijioa lehen bezala jarraitzen; gehienak ez gara igandeetan mezetara joaten, esaterako. Gainera, gero eta jende gutxiagok ospatzen ditu ezkontzak edo bataioak erlijio aldetik. Orduan, pentsa dezakegu, nahiz eta hainbat ohitura oraindik mantendu, gaur egungo Gabonak ez direla duten izaera erlijiosoagatik ospatzen, ez baitugu izaera hori kontuan izaten ospakizun honen ohiturak jarraitzeko orduan.

Horrela izanda, neure buruari galdetzen diot: non gelditu dira Gabonak ospatzeko lehen geneuzkan ilusio eta ohiturak? Zertan gelditu dira gaur egungo Gabonak? Gauza argia da: gaur egun ospatzen dugunak ez du zerikusirik gurasoek edo aitona-amonek ospatzen zutenekin. Orain, hainbat ohitura mantentzen dugun arren, “Gabonak” hitza entzuten dugunean, berehala datorkigu burura “festa” hitza, eta ez dugu beste ezer buruan; izan ere, oraintxe bertan, egun hauek iristen ari direla eta, bakarrik ditugu gogoan eskolan edo lanean eman behar dizkiguten oporrak, edota lagunekin Urteberrian egin behar dugun parranda.

OlentzeroEsan dezakegu, belaunaldiz belaunaldi jasotako ohitura eta familiarteko gizarteari uko egiten ari gatzaizkiela, gizarte kontsumista bihurtzeko. Gero eta gutxiago axola zaizkigu familian egindako bazkari edo afariak, eta gehiago horren ondoren datozkigun lagunarteko parrandak edo jasoko ditugun opariak. Halaber, egun hauek diru gehien gastatzen dugun urteko egunak direla esan dezakegu. Ikusi besterik ez dago familia elkartzen gareneko bazkari edo afari horietan xahutzen dugun dirutza. Komertzioak, gainera, horretaz aprobetxatzen dira beraien prezioak igotzeko. Olentzeroren opariei dagokienez, gauza berbera gertatzen da: askotan, opariak erostean, diru pila gastatzen dugu txorakerietan, beste pertsonak nahi duena kontuan izan gabe. Hau da, gizarte kontsumista batean bizi gara, eta egun hauetan are kontsumistagoak bihurtzen garela esan beharra dago.

Zer egin dezakegu honen aurrean? Nire ustez, ezer gutxi egin daiteke. Azken finean, haurrak gineneko Gabonetako ilusio horiek guztiak berreskuratzea zaila dela kontutan izanik, agian, egin beharrekoa zera izango litzateke: familiarekin eta lagunekin egondako momentuak gehiago baloratu eta horretaz gozatu, hori baita egun hauetako gauzarik garrantzitsuena.

, , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->