Iritsi da munduko jende askok gehien maitatzen duen garaia: Gabonak. Eta harekin batera, besteak beste, parrandak, kontsumoa eta denetariko ospakizunak etorri dira. 2009. urtea oraintxe amaitu da eta urtean zehar gertaturiko gauza eta gai garrantzitsuenen laburpen edota flashback-ak ikustea gure egongelako telebistan ez da batere bitxia egunotan. Tira, hori horrela bada, azter ditzagun aurtengo gertakari garrantzitsu batzuk.
Urteko bilduma horietan kirolak, programen laburpenak, urteko momentu onenak…azaldu ohi dira. Esaterako, atletismoko mundialetan hautsitako markak, futbol txapelketetako gol garrantzitsuenak, telebistako telesailen une zirraragarrienak eta Gabonetako edizio edo kapitulu bereziak. Baina, aurten, ez al da hori guztia baino garrantzitsuagoa izan daitekeen zerbait gertatu? Galdera horri baiezkoa erantzun beharko genioke eta krisiari buruz hitz egiten ari garela jakin beharko genuke. Duela hilabete dezente hasi ziren arazo ekonomiko horiek; halere, jendeak ez zion jaramonik egin arazoari munduko banku eta enpresa garrantzitsu askok porrot egin zuten arte. Mundu osoan ospe eta botere handiena zuten hainbat erori ziren hasiera batean eta, jarraian, beste enpresa mordo bat joan ziren zulora. Langabezia hazten hasi zen.
Krisian egonda, ondoriozta genezake aurtengo Gabonak berezi samarrak izango direla. Jende asko langabezian dago eta ez dago dirua xahutzeko; dena den, badirudi tradizioak salbuespen direla eta krisiaren eragina espero baino askoz ere gutxiago nabaritu dela aurtengo Gabonetan. Aditu mordo batek aldez aurretik esan zuen aurtengo Gabonetan jostailu dendek eta antzerakoek krisia inoiz baino gehiago nabarituko zutela, euren salmentak izugarri jaitsiz, familia bakoitzeko aurrekontua txikiagoa izango zelako. Espero zena, ordea, ez da gertatu.
Adibide garbia Donostiako Solbes janari denda dugu. Haren arduradunak, Martin Solbesek, zera zioen: “Aurten, guk behintzat, ez dugu nabaritu krisia. Jendea beti bezala etorri da gure produktuak erostera. Are gehiago, ez galdetu zergatik, baina agian gorakada bat nabaritu dugu azken egun hauetan iazkoarekin alderatuta.”
Hau guztia honela izanik, zera ondoriozta dezakegu: urtean zehar krisiak gogor jo arren, tradizioak errespetatu egiten dira, bai edo bai. Gero, lanean garai zakarrenak jasango dira, gehiago kobratu ahal izateko noski; baina, garai hauek heltzean, krisia alde batera uzten dugu lipar batez eta kolkoa diruz betetzen…
Krisia hitz gutxitan ulertzeko:
Iruzkin berriak