Aurreiritzi eta epaiketa azkarrez

susan_boyleJakina denez, duela gutxi emakume eskoziar bat, Susan Boyle, Ingalaterran oso ospetsu den programa batean, Britain´s Got Talent, parte hartzera aurkeztu zen. Susanek 47 urte ditu, langabezian dago, ez du zorte handirik izan bizitzan eta, gainera, ez da oso itxura onekoa. Baina hau guztia alde batera utzi, eta emakume honek duen dohainari erreparatzea komeni da: bere ahotsa izugarrizkoa da. Has gaitezen, baina, hasieratik. Boyleri ideia ona iruditu zitzaion bere herrialdeko programa honetan parte hartzea eta halaxe egin zuen. Nire ustez, bertara aurkeztu zen, alde batetik, duen gaitasuna erakusteko eta, bestetik, dirua irabazteko. Kontuan izan behar da horrelako programetan irabazleari diru dezente ematen diotela, eta, esan bezala Susan langabezian dago.

Bere txanda iritsi zitzaion. Susan bere burua aurkezten hasi zen. Epaileak eta publikoa harrituta geratu ziren emakume hau platoan sartzean. Ez hori bakarrik, barrez ere hasi ziren, baliteke bere itxuragatik edota bere adinagatik. Baina nork esan du abesteko, dantzatzeko… edozein gaitasun edukitzeko gaztea eta fisikoki polita izan behar denik? Hori guztia gizarteak egin du, guk egin dugu… Itxura ona izateaz gain, jakintsuak eta perfektuak izan behar dugu onartuak izateko? Ez dut uste hori horrela izan behar denik.

Susanek bere burua aurkeztu ondoren, abesten hasi zen eta denak txundituta geratu ziren; izan ere, emakumearen ahotsa ikaragarria da. Honela, emakumea Ingalaterrako pertsonarik famatuenetako bat bihurtu da. Hori gutxi balitz, mundu osoan zeharreko jende ugarik ikusi du Youtuben zintzilikatuta dauden bideoak. Booma hainbestekoa izan da, non bere bideoak ikusienen artean baitaude.

Hasieran errespetu falta pitin bat dagoela iruditu zitzaidan bideoa ikusi nuenean. Emakumeak duen gaitasuna erakutsi besterik ez du nahi. Boyle abesten hasi aurretik denak barrez daude, imintzio adarjotzaileak eginez; abesten hasi orduko, ordea, jarrera hori bat-batean aldatzen dute, zutitu eta txaloka hasten dira. Honekin adierazi nahi dudana zera da, maiz, aldez aurretik epaitzen dugula jendea, itxuragatik eta ezagutu gabe. Noiz aldatu behar ditugu jarrera horiek?

Egin klik estekaren gainean, zertaz ari garen ikusteko:

Susan Boyle – Singer – Britains Got Talent 2009 (With Lyrics)

, , , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->