About Maite

Author Archive | Maite

Jakintza Ikastolako ikasle ohi zara?

Aurten betetzen dira 40 urte Jakintza Ikastola sortu zela. Ekimen ugari izango dira gertaeraren harira urtean zehar burutuko ditugunak eta horietako bat ikasle ohien afaria da; izan ere, apirilaren 26an, Jakintza Ikastolako ikasle ohien afaria ospatzea ideia ona izan daitekeela pentsatu baitugu. Beraz, jakin ezazue ikasle ohi guztiak bertaratzea gonbidatuta zaudetela. Izugarri polita izan liteke belaunaldi zein ikasturte ezberdinetako ikasle eta irakasleak elkartzea afari goxo baten aitzakiaz!

77an jaioak

Arazo txiki bat ere badugu; izan ere, jakin badakigu ez dela oso erraza ikasle ohi zareten guztiengana iristea. Horregatik oharra irakurtzen duzuen guztiok albiste hau zuen ingurukoen artean zabaltzea biziki eskertuko genuke. Ea denon artean ikasle ohi askorengana iristeko gai garen…

Amaitzeko, Jakintzazu aldizkariaren bilduma ikasle ohien artean banatzeko orduan, arazo berberarekin topo egiten dugula esan nahi dizuegu. Bai gure datu basean ikasle ohi guztien datuak behar bezala jasota ez ditugulako, bai beste asko eta asko eguneratu gabe daudelako, ikasle ohi asko gelditu ohi zarete bilduma etxean jaso gabe. Jakin ezazue ikastolako bulegora dei bat egitea edo mezu bat bidaltzea nahikoa dela hemendik aurrera bilduma hori eskuratzeko.  

Gonbidapena

Informazio gehiago nahi baduzu, egin klik goiko irudian.

Anima zaitezte!

Comments { 0 }

Arauak 25: Komunztadura aposizioetan

jakintzaAposizioez hitz egingo dugu gaurkoan. Baina zer da aposizio bat? Izen-sintagma bati beste izen-sintagma bat justaposizioz lotuz egindako eraikuntza, batak bestea azaldu edo zehazten duelarik (ikus Harluxeten). Askotan zalantza handiak izaten ditugu aposizioak idaztean, batez ere, komunztadurari dagokionean; hori dela eta, ematen diren kasu ezberdinak azaltzen saiatuko gara. Euskaltzaindiaren azalpenak bere horretan utzi ditugu; dena den, azalpenetan galtzen bazarete (ez dira oso samurrak), zuzenean adibideetara jotzea aholkatzen dizuegu. Amaieran, beti bezala, praktikatzeko ariketa bat topatu ahal izango duzue. Has gaitezen, bada.

1. Aposizioa izen sintagmaren barneko izenen artean egiten denean ez da komunztadura arazorik sortzen, hondarkia (desinentzia) ez baita sintagma osoaren azken buruan baizik ageri:

  • Unibertsitateko Errektoreorde Edurne Mendiluzek aurkeztu du txostena.
  • Edurne Mendiluze Unibertsitateko Errektoreordeari aurkeztu diote txostena.

Horrelakoetan, bistan da, lehen izenak ez darama mugatzailerik (asteriskoak erabilera okerra adierazten du):

  • Unibertsitateko Errektoreorde(*a) Edurne Mendiluzek aurkeztu du txostena.
  • Zure lagunem>a) Dublinen bizi denari sari bat eman diote.

Mugatzailea izenaren beraren osagai egina duten izen bereziek, ordea – Antso Azkarra edo Pernando Amezketarra bezalakoek, alegia–, gorde egiten dute hura aposizioan ere:

  • Antso Azkarra errege ausartari (*Antso Azkar errege ausartari).
  • Pernando Amezketarra bertsolari ezagunaren ibilerak (*Pernando Amezketar bertsolari ezagunaren ibilerak).

2. Izen sintagma osoak aposatzen direnean, berriz, komunztadura egitea da ohikoena, hondarkia sintagma aposatuetan ere ipiniz:

  • Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebeak, kontzertu asko eman ditu aurten.
  • Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri denari, eman diote lanpostu hori.
  • Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslearekin, mintzatu naiz gaur.

Komunztadurarik gabeko aposizioak lekukotasun urriagoa du tradizioan, batez ere perpaus barruan kokatua dagoenak, eta, hortaz, ez da gomendatzekoa :

  • ?? Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebea, kontzertu asko eman ditu aurten.
  • ?? Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri dena, eman diote lanpostu hori.
  • ?? Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslea, mintzatu naiz gaur.

Zenbaitetan, perpausaren joskeratik aparteko eranskin edo tarteki aske gisa ematen da bigarren sintagma eta ez sintagma aposatu gisa. Areago gertatzen da etenak, tartekiak eta horrelakoak maiz samar dituen euskara mintzatuan, jardun egituratuagoa izan ohi duen idatzian baino. Horrelakoetan, jakina, benetako aposiziorik ez dagoenez, ez da komunztadura egiten. Errazago onartzen dira horrelakoak, tarteki izaera argia denean:

  • Gure herriko alkateak –musikazale amorratua bera– begi onez ikusi du kontzertu gela berria egiteko proiektua.
  • Haren etxean –aski zabala, ene ustez– erraz kabituko gara denok.
  • Datorren larunbatean –hilak zortzi– hasiko da ehiza garaia.

Araua osorik.

praktika

Comments { 0 }

Sommer jaunaren istorioa ikusgai Ordiziako Herri Antzokian

SoroizTxalo konpainiak eta Jose Ramon Soroizek “Sommer jaunaren istorioa” antzerki lana aurkeztuko dute ostiral honetan Ordiziako Herri Antzokian.

Ostiral honetan, hilaren 11n, amaiera emango zaio Ordizian, Beasain eta Ordizia Udaleko Kultura Sailek antolatutako “Antzerki Garaia” egitarauari. Antzerki egitarau hau Euskadiko Antzoki  Sarearen barnean kokatzen da eta Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailek laguntzen dute.

Programazioari amaiera emateko Txalo taldeak Sommer jaunaren istoria antzerki lana aurkeztuko du. Sommer Jaunaren Istorioa, Patrick Süskind-ek (Das Parfum/El perfume nobelaren egileak) idatzitako lanaren antzerkirako egokitzapena, 13 urtez katalanez ikusgai egon ondoren, euskarazko tauletara iritsi da.

Duela hamahiru urte estreinatutako Sömmer (sa història des senyor) antzezlana abiaburu, Ordiziara helduko da ostiralean idazle alemaniarrak idatzitako Sommer Jaunaren istorioa, José Ramón Soroiz antzezleak
bultzatutako egitasmoa, Katalunian jada emanaldi klasiko bihurtu den bakarrizketarekin erabat maitemindu ondoren. Lourdes Oñederrak euskaratuta, Soroizek taularatzen du bizitzaren misterioetan barneratzen den balada hau.

José Ramón Soroizek, Xicu Masóren zuzendaritzapean, haurtzaro eta nerabezaroko pasarteak bizi-bizi gogora ekartzen dituen pertsonaia antzezten digu. Oraindik zuhaitzetara igotzen zenean nola bizi zen kontatzen digu, ia hegan ere egin zezakeen garai hura gogoratuz, eta bere herria nolakoa zen, nolakoak ziren eskola, lagunak eta auzokoak, Sommertarrak batez ere. Sommer andrea ez omen zen ia etxetik irteten, baina Sommer jauna, alderantziz, egunero joaten zen ibilaldi luzeak egitera, makila handi bat eta bizkar-zorroa hartuta; egun osoa pasa zezakeen alde batetik bestera, berdin zion eguzkia edo euria, elurra edo kazkabarra ari bazuen ere. Egunero egiten zituen Sommer jaunak bere ibilaldi berezi haiek. Eta harrigarria zen hura
benetan, Sommer jaunak ez baitzuen inorekin harremanik, ez baitzuen inorekin hitz egiten…

Testua bizitzaren misterioetan zehar barneratzen den balada eder bat da. Malenkoniaz eta umorez beteriko kontakizun bat, garai ezberdinetan kokatzen dena, ikuslea liluratuko duten ezusteko eta iradokizunez betea. Axolagabekeriaren eta ahanzturaren lozorroan gorde ditugun gure osagaiak esnatzen ditu istorio honek. Agian horregatik hunkitu egiten gaitu eta ongi pasarazteaz gain, zirrara eragiten digu.

Nura Teixidorrek sortutako espazio eszenikoak kafe-teatro aretoa ekarriko du gogora. Eta musikak antzezlan osoan presentzia nabarmena ez duen arren, Jabier Muguruzak antzezlanerako propio sortu ditu doinuak. Antzerkiarekin hitzordua, beraz, Ordizian, “Antzerki Garaia” egitarauari amaiera emateko, ostiral honetan, Ordiziako Herri Antzokian, gaueko 22:15ean. Sarrerak aldez aurretik salgai Barrena Kultur Etxean.

Comments { 1 }
-->