About alazne.agirre

Author Archive | alazne.agirre

Denok berdin pentsatzen al dugu?

Goizean goiz, Platonen gogoetak eginahalak egiten ibili ziren geure pentsamenduez jabe zitezen, pitinka-pitinka logalea arbuiatuz. Irakasleak, aurreko gauean irrikatutako amets bitxi eta itzel hartara bueltatzera bultzatu izan arren, moral hitza aipatzeak nire arreta piztu zuen. Nork esango lidake hitz batek halako burutapenak sorraraziko zizkidala, edota ikasgelan hainbesteko anabasa sor zezakeela! Gelan zegoen zarata hain zen handia, non bakoitzak plazaratzen zituen buruhausteak ezin ziren inola ere entzun.

Halako batean, nire besoa zerurantz jaso zela ohartu nintzen, berandu zela ere bai; izan ere, jabetu nintzenerako,  irakaslea nire erantzunaren zain baitzegoen. Ezelako beldurrik gabe, nire lehen iritzia agertu nuen. Moral unibertsala? Eta zergatik ez? Ez nuen uste honek halako eztabaida ekarriko zuenik! Gai guztietan ez, baina, agian, gairen batean denok berdin pentsa genezakeela aipatu, eta berehala neuzkan ikaskide guztiak gainean. Ikasgelaren gehiengoa ez zetorren bat nik azaldutakoarekin, eta euren desadostasuna adierazi zidaten; hori bai, bakoitzak bere erara. Platonen hitzei jaramon handirik egin gabe ametsetan jarraitzen zuten batzuk ere bazeuden iskanbila honen erdian. Nire hausnarketa indartzeko, hilketaren adibidea aipatu nuen. Norentzat legoke ondo norbait hiltzea? Ekintza hori egitean, hark dituen eskubide guztiak zapaltzen ari gara. Argi dago edozertarako prest dagoen gaizkile mordoa dabilela munduan zehar, euren bizitzari garrantzirik eman gabe, eta, ondorioz, haien heriotzak ez luke inongo zoriontasunik ekarriko. Horregatik, gizabanako horiek zuzentzeko beste modu bat aurkitu beharko litzateke, eta, nire ustez, eurak sufriaraztea izango litzateke erarik onuragarriena.

Nahiz eta ikaslagun batzuk hilketaren adibidearekin ados egon, gehiengoak oraindik ezezkoan zebiltzan; eta horrek, hausnartzera eraman ninduen: moral unibertsalik ez dago. Hala izango al da? Ezin izan nintzen era hartara geratu, eta pentsa eta pentsa aritu nintzen. Hasieran, ez zitzaidan ezer bururatzen, minutuak pasa eta berdinean jarraitzen nuen, norbaitek azalduko zidanaren zain. Polvoestelar izeneko blog batean, moralari buruzko artikulu bat irakurri nuen. Hark zioenez, ezinezkoa da morala ez duen gizakirik aurkitzea, baina oraindik zailagoa, kanpotik inongo eraginik izan ez duen morala duen pertsona topatzea. Esaldi honekin bat nentorren, ia ezinezkoa baita inongo eraginik ez jasotzea; bai erlijioak, baita familiak ere izugarrizko eragina izan ohi baitute guregan.

Hala ere, nahiz eta esakune honekin bat etorri, denok berdin pentsatzen dugun arlo bat egon beharra zeukala iruditzen zitzaidan. Baina zein izango zen? Zaila egin zitzaidan; azkenean, baina, lortu nuen aurkitzea: zoriontasuna! Hori zen denbora luzez burura etortzen ez zitzaidan hitza. Lehen betikaratik aurrera, zoriontasuna bilatzen ibiltzen gara, hori baita bizitzak daukan helburua. Bistakoa da gizabanakoak guztiz desberdinak garela geure artean, eta, ondorioz, zoriontasuna ez dela denontzat berdina, ezta hara iristeko bidea ere. Batzuek bizitzan zehar izango duten guztia balioetsiko dute; beste batzuek, aldiz, diruarekin erlazionatuko dute. Jean Paul Sartreren ustez, esaterako, zoriontasuna ez zen batek nahi edo gogoko zuen guztia lortzea, egiten zuena maitatzea baizik. Sartrek azaltzen duenarekin bat nator, oso garrantzitsua iruditzen zait egiten duzuna maitatzea, oinarrizkoa da zoriontasuna aurkitu nahi baduzu. Egia da zoriontasunarekin ezin dezakezula nahi duzun unean topo egin; izan ere, tximeletarekin gertatzen den antzera, harrapatu nahi denean ez da lortzen, ustekabean agertzen den zerbait baita.

Gelako lau muturretatik, futbol partida bakoitzaren amaieran entzuten den soinua entzun zen, txirrinaren hotsa alegia. Irakaslea mahaitik altxatu baino lehen, ikaskide guztiek euren liburuak itxiak zeuzkaten; nik ez, ordea. Hain gustura nengoenez, ez zitzaidan inolaz ere hura burutik joan. A zer nolako klasea! Zenbat burutapen! Baina orain zer? Hori izan zen irakasleak gela utzi aurretik nik neure buruari eginiko azken galdera. Nire zoriontasunaren bila jarraitzeko asmoa daukat, halako batean iritsiko zitzaidalakoan bainago.

Jarraian datorren bideoa, Juan Luis Navasena da. Morala nondik datorren eta moral unibertsal berri bat sortzea egokia dela azaltzen du bertan.

Informazio gehigarria:

Moralari buruzko bi artikulu interesgarri agertzen dira webgune hauetan:

Foro batean, moral unibertsalari buruz hitz egiten dute. Norbaitek zerbait esan nahi badu,  hemen jartzen dut helbidea:

Comments { 10 }

Euskaljakintza6kook hementxe gaude, lanerako prest!

Oraingo honetan, euskaljakintza6ko kideak izango gaituzue gertu, gune honen kontrolpean. Bene-benetan eskerrak eman nahi dizkizuegu, urtez urte, ahalegin eta lan handiz webgunea aurrera atera duzuen guztiei, eta, oroz gain, Maiteri; izan ere, bere ekarpenak -eta bere etengabeko lana gune honek bere bidean aurrera egin dezan- izango ez bagenitu, web honen etorkizuna pikea baino beltzagoa izango bailitzateke!

Argi dago aurreko belaunaldiek burututako guztiak eragin ikaragarria izan duela gaur egungo ikasle askoren euskararen erabileran. Aurten guri dagokigu horren guztiaren ardura, baina aitortu nahi dugu oso lagungarria gertatu zitzaigula, bere garaian, EGAko azterketa prestatzeko hemen topatu genuen guztia (berridazketak, aditzak, irakurmenak…). Guk sortuko ditugunak ere zuentzat baliagarri eta mesedegarri izango direlakoan gaude; hortaz, gure onena ematen saiatuko gara.

Gure txoko honetan, euskarari eta haren lanketari buruzko eduki mordo bat topatuko duzue. Ez hori bakarrik, hemendik aurrera argitaratuko ditugun artikulu eta elkarrizketak ahalik eta interesgarrien egiten ahaleginduko gara. Hori da, behintzat, gure asmoa. Lanean jarraitu nahi dugu, euskararen presentzia sarean zabalduz eta guk sortutako guztia zuekin partekatuz; horregatik, zuek ere ongi etorriak zarete gure txoko honetara. Sartu deitu gabe!

Comments { 2 }
-->