About Asier Arbizu

Author Archive | Asier Arbizu

Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea: “Ni oso ilusionatua nago egiten ari naizenarekin eta egiten ari garenarekin”

Eguraldia lagun genuen estreinatu berri zen urtarrilaren 9 epel hartan, eta urte berrirako asmoa balitz bezala, hantxe genbiltzan Josu eta biok karriketan gora eta behera, Donostiako udaletxera iritsi eta bertako alkate den Juan Karlos Izagirre elkarrizketatzeko asmoarekin. Nahiz eta kale horiek, milaka eta milaka istorioren lekuko, behin baino gehiagotan zeharkatu, kutsu ezberdin bat nabari genien egun hartan, urduritasunagatik akaso.

Juan Karlos Izagirre Asier eta Josurekin

Behin udaletxera ailegatu ondoren, inguruko banku batean jezarri ginen Kontxako Badia zoragarria begiztatzeko aukera izan genuela, ordua gainera zetorkigula ikusi eta sartzea erabaki arte. Sartu ondoren ulertu genuen benetan leku haren handitasuna: antzinako eta luxuzko leku horiek duten xarma eta herriarekiko gertutasuna ezin hobeki nahasten ziren eraikuntza eder hartan. Edertasun haren guztiaren erdian, aitortu beharrean gaude apur bat galduta egon ginela hasieran, baina udala osatzen duten kideen adeitasunari esker, laster geunden alkatearekin. Horrela, solasaldi atsegin baten ondoren, geneukan artegatasuna desagertuta, olatuen talka bortitzen ostean sortutako aparra bailitzan, elkarrizketari gogotsu ekin genion.

Hementxe gaude Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin; egun on Juan Karlos Kaixo, egun on!

Aldez aurretik, eskerrak eman beharrean gara, badakigu eta oso lanpetuta zabiltzala, elkarrizketa hau aurrera eramateko aukera emateagatik. Bada, nire aldetik eskerrak zuei Ordiziatik etorri eta gutaz gogoratzeagatik. Benetan ilusio handia egiten dit elkarrizketa honek; beraz, aurrera!

Izagirre elkarrizketan zehar

Izagirre elkarrizketan zehar

Eskerrik asko. Bada, elkarrizketari dagokionez, ibilbide profesionalari buruzko galderak egingo dizkizugu, lehenik alkatetza aurrekoak, mediku lanaz alegia, eta jarraian alkatetzari buruzkoak.  Beraz, zure baimenarekin, hasiera emango diogu elkarrizketari. Dakigunez, Medikuntza ikasketak egina zara Euskal Herriko Unibertsitatean eta horretan jardun izan duzu alkate izendatua izan arte, besteak beste, DYAn, eta baita familia eta kirol mediku gisa ere. Zerk bultzatu zintuen mundu hau utzi eta politika arloan murgiltzera? Bueno, galdera zail samarra, baina gogoratu behar da 2011n zer egoera politiko zegoenEuskal Herrian. Urte asko ziren gizarteko sektore batek, Ezker Abertzaleak,  ezin zuela aurkeztu hauteskundeetara, eta 2011n aukera izan zen koalizio baten bitartez aurkezteko, bi partidu legalekin, EA eta Alternatiba. Ezker Abertzalea bezala ezin zen, baina bai Ezker Abertzalearen inguruan zebilen jende batekin zerrenda osatuz. 40.000 lagun zeuden zerrenda horretan aurkeztu  ezinik, noizbait egon zirelako zerrenda batean edo arrazoi ezberdinengatik –Justizia espainiarrak aipatutako arrazoiak-, eta bageunden beste batzuk aurkezteko askatasuna genuenak eta Ezker Abertzalearekin bat egiten genuenak ideologikoki. Bizitzen ari ginen prozesua oso ilusionagarria zen, eta da, nolabait Euskal Herriaren normalizaziorako prozesu bat, eta iruditu zitzaidan nire ekarpena izan zitekeela nire izena eskaintzea zerrenda horietan egoteko. Behin esan ondoren prest nengoela zerrenda horretan egoteko, hitz egiten hasten zara zer zerrendetan, zein lekutan… Azkenean, Donostiako lehenengo postu horretan. Aurkezten gara, bozkatu egiten gaituzte donostiarrek, eta, ondoren, alkatetza hartzen dugu. Nire lehenbiziko asmoa zinegotzi izan eta mediku gisa jarraitzea bazen ere, alkate izanda ezinezkoa da, denbora asko eskatzen baitu, eta medikuntza utzi egin behar izan nuen. Orain benetan pozik nago, memento horretan aurkeztu ginenak lan asko egiten baikenuen mugimendu eta plataforma ezberdinetan gizartea aldatzeko eta politika beste modu batera egin daitekeela aldarrikatuz, eta orain, gobernuan gaudela, iruditzen zaigu aukera handiak ditugula praktikara eramateko lehen aldarrikatzen genituen hainbat eta hainbat gauza. Ez dakit ondo erantzun dudan baina…

Badakigu, beraz, medikuntza utzi egin behar izan duzula, baina aurretik ere izan omen zara Saharako kanpamenduetan. Guk ere badakigu hango eta hemengo egoera oso ezberdina dela: klima ezberdina, pobrezia oso handia dute, gaixotasunak ere ezberdinak… Gaur egun, hobekuntzarik sumatu ahal duzu? Bi gauza ondo argitzeko: ni urtero joaten nintzen, urtean bitan ere bai, mediku gisa GKEbatekin kanpamenduetara. Sahara bere lurraldea duen herri bat da, kosta ere badaukana, Atlantikoa; Marokoren azpian, hegoaldean, dagoena; baina memento honetan Marokoren barnean dago, Marokok okupatzen baitu, eta Sahararren erdia-edo bizi da kanpamendu batzuetan Aljerian, Tindufen. Ni horra joaten nintzen, GKE gehienak joaten garen bezala.

Egia da leku oso txarrean bizi direla, egoera meteorologikoak oso gogorrak baitira basamortuan, eta basamortu oso bortitz batean gainera. Hor bizi dira behartuta, desplazatuta daudelako. Beraien herrian bizi balira, eta hori da erreibindikatu behar dena lehenbizi, beste egoera batean eta beste klima batekin  biziko lirateke. Saharar herria herri nomada bat da, normalean bere herrialdean bizi ziren eta Sahara basamortura joaten ziren beraien gameluekin eta beste ganadu batzuekin, eta memento honetan, ordea, kanpamendu batean bizi dira asko eta asko.

Egia da gauza ezberdin asko ditugula, eta egia da gauza komunak ere badauzkagula Euskal Herriak eta Saharak. Azken finean, autodeterminazio eskubidea eskatzen dugu, herri batek berak aukeratzen duena izan behar baitu. Saharar horien arazoa da, eta gurea, ez digutela uzten erabakitzen. Nik uste dut memento honetan ez dela asko aldatu sahararren egoera. Azken finean, azkeneko 20 urte hauetan su-eten bat deklaratu zuen Fronte Polisarioak, pentsatuz erreferenduma egingo zuela autodeterminazio eskubide hori praktikara eramateko -ez duena eraman oraindik-, eta egia da perspektiba oso positiboa ere ez dutela. Gu orain ere, eta udaletxetik ere, laguntzeko prest, baina beti esango dut kanpamenduetara laguntzera joatea oso ondo dagoela -animatzen ditut gainera denak horrelako esperientzia bat edukitzera-, baina lan politiko bat ere egin behar da eta erreibindikatu behar da duten eskubidea, itzultzeko bere lurraldera eta bertan bizitzeko, independente izanda nahi badute, independente izanda. Hor dago saharrar arazoaren gakoa.

Juan Karlos Izagirre Kofi Annan jasotzen (Wikimedia Commons)

Juan Karlos Izagirre Kofi Annan jasotzen (Wikimedia Commons)

Jarraian alkatetzari buruzko galderak egingo dizkiguzu. Jakina denez, Donostiaren azken urteetako lorpenik handienetarikoa 2016rako Europako hiriburu kulturala bihurtu izana da, eta, beraz, lorpen honengatik zorionak eman beharrean gaude Donostiari eta bereziki udaletxeari; beraz, zorionak. Orain arte hainbat ekimen egin dira eta egingo dira oraindik ere, baina urte horretarako egitarauari dagokionez, zein ekimen azpimarratuko zenituzke? Hasteko, egia da lorpen bat dela Donostiarentzat, baina ez Donostiarentzat bakarrik, baita Gipuzkoarentzat eta Euskal Herria osoarentzat ere. Azken finean, hiriburu kulturala Donostia izango da, baina aukera paregabea ere bada gure kultura ezagutarazteko Europa eta mundu osoan, eta baita guk beste kultura batzuk ezagutzeko ere hemen bertan. Lorpena egia da handia dela, baina lorpen handi asko daude egunero-egunero donostiar asko eta askok egiten dituztenak. Esan nahi dut egia dela, aukera paregabea da, baina gauza asko daudela egunerotasunean ere oso ondo egiten direnak eta zoriondu beharrekoak. Gero, egia da 2016an egitarau eta ekitaldi asko izango direla eta jende asko etorriko dela Donostia ikustera, bestela ere jende asko etortzen da, baina urte horretan bereziki jende gehiago etorriko da.

2016an eta 2015ean zer egingo den 2014ko martxoan zehaztuko da, hemendik bi hilabetera; beraz, horiek ez daude zehaztuta oraindik, baina 2016ak bistaratzen oso zaila den beste gauza bat dauka: balore batzuk lantzen dituen proiektu bat da, eta balore horiek bizikidetza, bakea eraikitzea, parte hartzea…dira. Azken finean, ezberdinen artean hiria edo herria egitea; eta hori da guk landu nahi duguna, baina ez 2016an, orain hasita. Guk ondare bezala utzi nahi duguna 2016a pasa ondoren -2017an, 2018an eta 2040an ere bai-, ikastea eta gizarteak barneratzea ezberdinen artean eraiki daitekeela hiri bat, eta denon artean eginda, gainera, aberasgarriagoa dela. Horretan ari gara. Egia da gauza puntual asko izango direla eta ondarea fisikoki ere geratuko dela leku batzuetan: XVI. mendeko ontzi handi bat egiten ari gara, arrrantzale itsasontzi bat, bakailaoa eta balea hartzera Kanadara joateko erabiltzen zituzten horietako baten erreplika bat; Tabakalera ere errealitate bat izango da 2015ean, sortzaileen fabrika bat izango delarik, eta horiek ere jasoko dute ondarea nolabait ere.

Baina ondare garrantzitsuena jendea balore batzuk landu daitezkeela ohartzea da, beste maila batzuetan lantzea oso zailak direnak.

Bestalde, badaude beste hainbat proiektu Donostia oso ezaguna egin dutenak: Zinemaldia, Beldurrezko filmen astea,  Aste Nagusia… sorreratik harrera ona eta arrakasta galanta izan dutenak. Zure ustez, non egon daiteke hauen guztien arrakastaren gakoa?  Nik uste dut fase ezberdinak izan dituztela denek. Memento honetan Zinemaldia, Hamabostaldia, Jazzaldia, Beldurraren zinemaldia… nazioarteko ekitaldiak dira, arrakasta eta onarpen handia dutenak nazioartean ere, baina arrakasta hori faktore askotan bilatu beharko litzateke: hiriak berak ere proiekzio ona dauka munduan zehar, oso polita delako, bai gastronomia aldetik, bai kultura eskaintzengatik eta baita -eta hau oso garrantzitsua da- jendeagatik ere. Hona etortzen diren bisitariek eta turistek, balorazioa egiten denean eta inkestak egiten direnean, askok gehien baloratzen dutena ez da ez Kontxa ez Zinemaldia, donostiarren jarrera izaten da, eta, nolabait ere, euskaldunen jarrera orokorrean. Hori azpimarratzekoa da, askotan hiri bat hiritarrek osatzen dutela ahaztu egiten baitzaigu; paisaiak eta ekitaldiak hor daude, baina hiritarrek ematen diote bizitza hiriari.

Egia da arrakasta handia duela, adibidez, Aste Nagusiak. Horrekin lotuta, jaiak eta zer-nolako jaiak egin herri edo hiri batean, eztabaidarako gaia izaten da askotan. Guk argi daukagu jaiek ahalik eta herrikoienak izan behar dutela, eta, Donostian ditugun bisitariak kontuan hartuta eskaini behar badira ere, gero eta indar gehiago hartzen ari dira jai herrikoiak. Aste Nagusian piratak jokatzen ari diren papera ezinbestekoa da. Horretarako, jada 11. urtea bada beraien lana egin dutela, eta nik uste dut horrelako mugimenduak bultzatu egin behar direla, edota, bultzatu baino gehiago, berez sortu eta antolatu behar direla, administrazioak alde batera utziz. Beraiek eskaintzen duten festa ereduak ez du zerikusirik turistentzako antolatzen ditugunekin, baina biak oso ondo uztartzen dira.  Eta urtean zehar ere badaude hainbat eta hainbat festa Donostiako auzo eta herrietan oso ondo funtzionatzen dutenak.

Pasa den urtean, 2013. urtean, lan asko eginak zarete, eta egun asko borobildu behar izan zenituzten egutegian. Horren adibide ona dira abuztuaren 3an Hiroshiman egin zen “Mayors for peace” konferentzian eduki zenuen papera, eta, ondoren, horrekin batera Donostian bertan urriaren 10ean eta 11n egindako Bake Konferentzia. Mundu mailako esperientzia hauei, zure ustez, atera al zaie etekinik? Hau da, ari al dira bertan azaleratutako helburuak betetzen? Nik baietz uste dut; lan garrantzitsua dugu udaletxeetan orokorrean, baita Donostian ere, gure hiritarren artean bizikidetza lortzeko. Hemen urte asko eta asko pasa ditugu gatazka bat jasaten. Sufrimendu asko sortu da herri honetan, eta nik uste dut orain denon lana dela, politikariena bai, baina baita zuena ere -ikasleena, irakasleena, edozein langilerena ere bai, fabrika batean egon, mediku izan edo arotza izan, berdin zait-, bizikidetza bat lortzea eta normaltzat ematea besteekin herria eraikitzea. Horretarako, esperientzia asko partekatu behar ditugu, besteek jasan izan dituzten urte txar horiek ulertzen jakin behar dugu, sufrimenduak partekatu eta enpatiak sortu. Horretan, udaletxeek asko daukagu egiteko eta guk hasieratik normalizio eta bake prozesuaren alde egingo genuela esan genuen, eta horren harira bidaia mordoxka egin ditugu hara eta hona, beste hirietan gatazkak bizitzen dituztenean edo bizi izan dituztenean, ondoren bizikidetza lantzeko nola moldatu diren jakiteko. Nantesen egon gara, Belfasten, Hiroshiman eta hemen horrelako biltzar bat antolatzeko aukera ikusi genuen.

Esperientzia oso polita izan zen, alkate ezberdin asko etorri baitziren, eta nahiz eta gatazka oso ezberdinak izan, gauza komunak ere bazeudela konturatu ginen. Nik uste dut asko ikasi genuela, bai hemengo alkate batzuk kontatu zituzten esperientziengatik eta kanpotik etorritakoengandik. Azken hauek ere asko eskertu digute horrelako foro bat antolatu izana. Bertan entzundakoak balio digu egunerokotasunerako, eta baita genituen kontaktuak zabaltzeko ere. Nik uste, memento honetan, ez garela gatazka bat bizi izan dugun bakarrak, asko daukagula ikasteko beste lekuetan zer egin den. Hauetan ere hemen nola egiten ari garen begiratzen ari dira, eta ezagutza beti ona da edozein arlotan; beraz, ikasi. Ikasle bezala idatzi hori, eta zenbat eta gauza gehiago ezagutu, nik uste dut orduan eta gauza gehiago egiteko aukerak ematen dizkizula. Ondorioz, oso positiboki baloratzen dugu.  

Wikimedia Commons

Wikimedia Commons

Beste egun batzuk ere badaude borobiltzeko modukoak. Duela bi hilabete, azaroaren 10ean hain justu, Igeldok udal herri izatearen aldeko edo aurkakoa bozkatu zenekoa. Bozketan baiezkoak irabazi zuen, %60 baino gehiagorekin gainera. Azkenean, abenduaren 18an, herriaren borondatea bete egin zen. Jakin dugu, zu zeu ere Itxas Aurre plataformako ordezkari izan zinela, herri bihurtzearen aldekoa alegia. Zer abantaila ikusten dizkiozu, Igeldoren ikuspegitik, banaketa honi? Egia da Itxas Aurreko buru izan naizela urte askotan, gertatzen dena da Donostiako alkate izendatzen nautenean, noski, nire ardura zein den badakit, eta ez da Igeldoren alde egitea memento horretan,  Donostiaren alde egitea baizik. Igeldoren alde ere bai, Donostiaren barnean baitago memento horretan. Nik orduz geroztik egiten dudana Donostiaren defentsa da, Donostia berri bat eraikitzeko lana. Azken finean, gu politika egiteko beste modu bat bazegoela esanez etorri ginen, eta beste gizarte bat posible zela: askoz ere parte-hartzaileagoa, euskaldunagoa, kultura ardatz nagusi izango zuena, politika sozialak bultzatuko zituena ezkerreko ikuspegi batetik; eta ni horretan ari naiz. Baina, egia da guk jada hauteskunde programan, aurkeztu ginenean, esan genuela  Igeldoko eta Donostian dauden beste herrixka baten kasuan errespetatuko genuela hautatzen zuten kudeatze sistema, izan zitekeen deszentralizazio bat, edota zergatik ez desanexio bat. Erabaki horiek ez dira gero udaletxean hartzen, Diputazioan hartzen dira. 20 urtetako liskar bat zegoela ikusirik, galdeketa bat egitea erabaki zen Igeldon, eta emaitza eman zuen orain ere nahiago dutela udalerri bihurtu. Dekretu foral bat egin zuen, esanez Igeldo udalerri berri bat dela, eta guk, gobernu bezala, hori errespetatzen genuela esan genuen, eta beraien eskuetan jartzen ginela trantsizio epe honetan egin beharreko lanak egiteko; betiere, nire kasuan, Donostia kaltetua ez ateratzeko -eta ez da aterako kaltetua-, eta jakinda udalerri berri horrekin harreman ahal den onenak eduki behar ditugula, beste herri guztiekin bezala.

Beraiei galdetu beharko zaizkie abantailak, baina nik uste dut abantaila edo desabantaila baino gehiago dela herriak ez direla ergelak eta aukera ematen bazaie -eta eman behar zaie-, demokratikoki beren baliabideak era batera edo bestera kudeatzeko. Errespetatu egin behar da aukeratzen dutena. Aukeratu badute udalerri bilakatu nahi dutela eta beraien baliabideak beraiek kudeatu zuzenean, errespetatu egin behar zaie. Abantaiak izango ditu baiezkoa bozkatu dutenak hor daudelako eta jakingo dute zer bozkatzen zuten. Eta historiak erakusten badu ez doala gauza hain ondo, ikusiko dugu hemendik hamar urtera edo ehun urtera ez den beste mugimendu bat egingo berriz ere mugak aldatzeko. Historian zehar hiriak aldaketa asko izan ditu bere mugetan: hasiera batean, 1100. urte inguruan, Hondarribiatik  Zarautzeraino eta ia Tolosaraino iristen zen Donostia eta geroztik mugimendu asko izan dira. Orain dela berrogeita hamar urte Altza herri bat zen, eta orain ez da herria; Astigarraga bazen, gero Donostia izan zen eta gero berriz udalerria. Nik uste dut naturaltasun guztiarekin hartu behar direla eta beti oinarrituta behar lukete herritarren nahian, errespetatuz erabakitzeko eskubidea, azken finean.

Beste herrialde guztiak bezala, Donostiak ere jaso du krisi ekonomikoaren eragina, eta, zuk zeuk onartu zenuen bezala, krisiak kolpatutako hiria da, eta zuen apustua barnealdearen eta kanpoaldearen arteko ezberdintasunak eta langabezia murriztea izan dira. Badakigu epe luzerako helburua dela, baina lortu al duzue egoera hau apur bat hobetzea?  Nik uste dut krisi ekonomiko latza bizitzen ari garela eta ez dela inor libratzen; ez herritarrak, ez administrazioak, eta ez inor. Egia da Donostiako datuak beste leku batzuetakoekin alderatuta ez direla txarrak. Datu bat emateagatik: langabeziaren tasa %12 da. Euskal Herrian %17 izango da eta estatu mailan %25. Orduan, ez da horren nabarmena, baina 12.000 donostiar langabezian daude, eta egia da lana sortzeko konpetentzia ez dela udaletxe batena, baina guk hasieratik ikusi genuen krisi garai batean udaletxeek ere bere ahalegina egin behar dutela. Beste administrazioei ahalegin hori egiteko eskatzen diegu, batez ere konpetentzia dutenei, noski; baina guk diogu gu ez garela egongo ezer egin gabe eta besoak gurutzatuta besteek zer egiten duten itxaroten.

Gu etorri arte, hemen milioi bat euro inbertitzen zen, gutxi gorabehera, ekonomia suspertzeko, eta guk azkeneko urte honetan, 2013 eta 2014ko kontuetan, 6 milioi eta erdi ditugu jarrita, hau da, 6 aldiz gehiago, helburu horretarako. Horrekin zer lortu dugun? Bada, iaz 1.000 lanpostu sortu ziren eta sortzen dira modu ezberdinetan: negozio bat sortzen  laguntzen diezulako, kontratatzea behar dutenei laguntza ematen diezu kontratu hori egiteko, edota zuzenean kontaktuan jarriz sortzen dutenak eta konsumitu behar dutenak… Eta hori ondo pentsatuz non gastatzen ari garen, auzo kaltetuenak jarriz gure ikuspuntuan, han gehiago inbertitzeko; emakumeak eta adineko jendea kontratatzeagatik, pixka bat gehiago pairatzen edo sufritzen dutenak langabezia, diru laguntza gehiago emanez eta pixka bat begiratuz non dauden ahultasun gehiago bertan gehiago laguntzeko.

Horretan dihardugu, baina, nahiz eta hori dena egin, langabezia hor dago. Eta ez langabezia bakarrik. Badaude jubilazioa kobratzen dutenak eta, hala ere, hilabete bukaerara iristen ez direnak, jateko ez dutenak edo argia, argindarra, edukitzeko etxean ez dutenak. Edo badaude, nahiz eta lana eduki, gutxi kobratzen dutenak. Hain eskasia handian lan egiten dute, non ez dira iristen: emakume bat 800 euro eta bi seme-alabekin, adibidez, eta ez da iristen. Horientzako ere laguntzak ematen ditugu politika sozialen bitartez, eta eskubidea duen bakarra ere ez dugu uzten Donostian laguntza eman gabe, nahiz eta hori ere gure konpetentzia ez izan eta nahiz eta eman behar dutenek askotan ez eman. Orduan, dirua jartzen dugu, beste lekuetatik ematen ez badiete guk emanez. Hori da egiten ari garen lana eta oso harro gaude esateko beste administrazioetan horrelakorik ez dela egiten, beste udaletxeetan ez duela inork 6 milioi eta erdi ez ezer jartzen ekonomia suspertzeko. Udaletxeetan diot. Guk jartzen dugu. Eta nahiz eta krisian egon, politika soziala igo egin da, ez jaitsi.

FlickrCC, Donostiako festak

FlickrCC, Donostiako festak

Kirolari dagokionez, gu, zu bezala, errealzaleak gara, eta beste hainbat zalek arazoa daukate Anoetako Estadioan: jendea jokalariengandik urruti geratzen dela, hau da, atlestimoko pista tartean dagoela. Badakigu plan bat dagoela estadioa handitzeko, jakin nahiko genukeena da, zein egoera edo garapen prozesutan aurkitzen den proiektu hori. Gu hona iritsi ginenean, 2011ko ekainean, jadanik onartua zegoen proiektu bat birmoldaketa bat egiteko Anoeta estadioan, eta guk traba batzuk ikusten genizkion. Egia da polemika handia zegoela pista kendu edo ez kendu. Egia da pribatizatu egiten zirela lau izkinak, obra handiak egiten zirela, eta bazeudela hor arazo batzuk guri gustatzen ez zitzaizkigunak. Orduan, gaia hartu genuen eta ikusi genuen bazeudela aukerak proiektu hori hobetzeko, eta beste proiektu bat jarri genuen mahai gainean. Horretan ez da ezer pribatizatzen, dena publikoa da. Udaletxearena izango da gero ere; eta ziurtatu dugu udaletxeak ez duela euro bakar bat ere jarriko proiektu honetan, proiektu hori egin behar duenak jarriko ditu bere diru guztiak eta berak bilatu beharko ditu bere finantziazioak. Eta gero, guretzako oso garrantzitsua, pista kendu beharko balitz, Europa mailan konpetitu ahal izateko beste pista bat eduki nahi genuen. Baldintza jarri genuen miniestadioa deitzen denak edukierak-eta hobetzea eta baldintzak hobetzea nazioarteko konpetizio hori bertan edukitzeko aukerak izateko. Orduan, denbora gutxian lehiaketa bat aterako da eta lehiaketa horretan jarriko du edukiera handiagotu egin beharko dela eta pista kentzeko baimena emango zaie, baina miniestadioan hobekuntzak eginez, nazioarteko atletismoko lehiaketa horiek posible egin al izateko,. Ezer pribatizatu gabe. Dorreak ere txikiagoak izango dira eta udaletxearentzat ere abantaila batzuk izango ditu, leku batzuk berarentzat izango direlako. Eta hori non dago momentu honetan? Bada astebete, hilabete gutxi barru lehiaketa hori aterako da, aurkeztuko dira erreforma hori egiteko interesa duten erakundeak eta hor ikusiko dugu zeintzuk aurkeztuko diren. Agian, Erreala.

Hau esan eta gero, ezin dugu Errealak Europan egin duen ibilbideari buruz hitz egin barik alde egin. Badakigu maila handia eman zuela kanporaketan, eta ligaxkan egokitutako taldeekin ametsa luzatu egin zela, baina azkenean ez da guk espero izan dugun etapa izan. Zer-nolako esperientzia izan da zuretzat alkate moduan? Alkate moduan edo hiritar moduan nik uste dut antzera bizi izan dugula denok. Ez duela horrelako emaitzik eduki esatea gogorregia da; izan ere, nork espero zuen aurreko ligaren erdialdera klasifikatuko zenik Championserako? Eta klasifikatu egin zen. Egia da emaitzak ez direla hain onak izan, nahiz eta partiduren bat edo beste, agian, irabazi egin behar zuen edo ez galdu behintzat, eta horrek ez zuen lagundu. Halere, hor egotea ez zen gutxi. Aurten ere oso ondo doa eta zeinek daki aurten ere ez garen sartuko. Athleticen gainetik pasatu beharko dugu, hor baitabiltza bi taldeak, baina nik uste dut esperientzia oso polita dela. Ni neu Manchesterren egon nintzen eta hango afizioa ikustea, errealzale eta gipuzkoar guztiak han dena emanez ikustea… Nik uste dut horretan, behintzat, txapeldunak garela. Hemen daukagun afizioa… Eta edozein lekutara joaten garenean, gainera, eskertu egiten dute bertakoek. Emaitzak ez ziren horren onak izan, baina haraino iritsi ginen. Ez da gutxi. Ea aurten nola bukatzen dugun!

Aurretik aipatu ditugu hainbat proiektu, eta azkenaldi honetan bada ahoz aho dabilen bat: Donostiaren metroari dagokiona, hain zuzen ere. Proiektu hau duela urtebete eskas baztertua izan zen, baina EAJ eta PSEren arteko paktu baten bitartez berriz ere mahai gainean jarri da. Hala ere, badaude Donostian hainbat garraio mota oso onak direnak: bizikleta elektronikoak -hortxe aldamenean ikusi ditugunak-, autobusa, trena… Beraz, zerbait eskainiko die bisitariei? Bueno, guk metroaz ez dugu hitz egiten, topoaz hitz egiten dugu hasteko. Orduan, topo hitza erabiliko dut. Nik uste dut topoa oso garrantzitsua dela Donostiarentzat eta lurralde guztiarentzat. Guk garraio publikoa bultzatzen dugu bai ala bai, eta topoa bultzatzea ere ezinbestekoa da. Halere, topoak baditu oraindik gauza asko hobetzeko, horrelako obra handietan sartu baino lehen. Lehenbizikoa “desdoblamiento” deitzen dena da, trenbide guztia  biderkatzea, horrela maiztasuna askoz handiagoa izatea  lortuko baikenuke, eta bidaiak ugaritzea. Donostia barruan ere baditugu obra batzuk hasita topoa hobetzeko; batez ere, Loiola auzoan zubi bat, biaduktua eta estazio berria daude egiteko. Hor obra bat hasita dago Altzara iristeko eta egiteke dago ere Altzatik Altzarabardora (Errenteriara) pasatzeko beste zati bat. Guk pentsatzen dugu horiek askoz ere garrantzi handiagoa dutela beste zabalkuntza batzuek baino. Egia da Donostiak garraio publikoak oso ona daukala autobusen bitartez, eta, gainera, aitortua dago Europan, iaz ere jaso genuen sari bat oso garrantzitsua eredu dela dioena Europan garraio publikoak duen funtzionamenduan. Pentsatzen dut oinez eta bizikletaz oso erraz ibil daitekeen hiria dela. Bizikletaz ibiltzen diren gehienak bizikleta partikularrekin ibiltzen dira, baina badago alokairuko sistema bat. Uste dut Dbusekin, bizikletekin eta oinez egin daitezkeela bidaia gehienak, eta gero garraio pribatua utzi lehentasunetan azkenerako. Egia da topoa erdialderaino iristen dela, eta guk ez daukagula arazorik ekialdetik datozenak eta mendebaldea datozenen arteko konexio hori hobetzeko obraren bat egiteko, baina pasante hori  planteatu zen eta ez dugu inondik ere beharrezko ikusten. Eta beste obra txikiagoak egin behar badira, orain hasita daudenak bukatu eta gero.

Hainbat gai aipatu ditugu jada: politika, kirola,  kultura … Maiatzean 3 urte egingo dituzunez alkatetza lortu zenuela, galdera derrigorrezkoa da: zer balorazio eginen duzu hiru urte hauei dagokienez? Bada, oso ona, oso ona. Beste batzuek beste aldera esaten dute, baina guk oso ona egiten dugu. Guk esan genuen politika beste modu batera egitera etorri ginela, eta sinesten genuela ezkerretik, eta askoz ere gertuago egonda hiritarrengandik, egin zitekeela politika. Uste dugu krisi garai batean iritsita, iritsi garen bezala, krisi latz batean, ez ditugula gure marra gorriak pasatu, edozein ezkertiarrek eduki beharko lituzkeenak: politika sozialak bultzatu ditugu; lana sortzen ari gara krisiari aurre egiteko, nahiz eta gure konpetentzia ez izan; lankidetza ez dugu bat ere jaitsi, munduan gu baino okerrago dauden herrialdeak laguntzen jarraitzen baitugu; kultura jarri dugu motor bezala hainbat gauza lantzeko, kohesio soziala baina baita motore ekonomiko bezala ere. Gero, normalizazioa dela eta, Euskal Herrian ekarpena egiten ari gara egunero-egunero udaletxetik hainbat eta hainbat ekimenen bitartez, bai giza eskubideak orokorrean defendatzeko eta baita bakea lortzeko ere, eraikitzeko, Euskal Herrian. Gero eta euskaldunagoa egiten ari gara Donostia eta pozik gaude. Guk uste dugu inbertsioetan ere lehentasunak ondo markatu ditugula. Badakigu Urumea ingurua dela gure lehentasuna, oraindik badaudela Donostian auzoak, euria egiten duenean, arriskua dutenak uholdeak-eta edukitzeko. Hori saihestu egin behar da, eta lanean ari gara horretan eta gure inbertsio gehienak horretara doaz: Txomin Eneako garapena, 1400 etxebizitza egiteko bertan, oso aurreratua dago; autobus-geltokia errealitate bat izango da 2015ean, Tabakalera bezala, eta proiektu potolo horiek ere aurrera ateratzen ari gara, nahiz eta krisi garaian egon, uko egin gabe kalitatezko zerbitzu publiko batzuei eta, noski, ezkerreko politika bat eginez, politika sozialak bultzatuz eta krisi garaian lana sortuz. Guk, posible!

Azkenik, goazen etorkizunaz hitz egitera. Jakina denez, Odon Elorzak, aurreko alkateak, 20 urte bete zituen politikan; eta zer plan du Juan Karlos Izagirrek etorkizunari begira? Bada, ez dauka planik! Juan Karlos Izagirre Medikuntzatik etorri zen, hasieran hitz egin dugun bezala. Bukatu nahi luke bere lan ibilbide osoa mediku bezala. Ez dauka inongo helbururik 20 urte egoteko hemen eta ez daki zer egingo duen hemendik urtebetera, hain zuzen, ez dakit zer egingo dudan hemendik… Bueno, hemendik 5 minutura bai, bilkura bat daukagulako. Hemendik astebetera, auskalo! Orduan, nik ez dut markatzen zer egingo dudan aurrerago. Ni oso ilusionatua nago egiten ari naizenarekin eta egiten ari garenarekin. Hau ez da Juan Karlosen gauza bat, hau talde batena da eta atzean dagoen hainbat eta hainbat jendearena. Azken finean, herri bat dago atzean eta ni oso ilusionatua nago jarraitzeko, oraingoz urte eta erdi hau eta gero gerokoak.

Bada, hau izan da guztia, berriz ere eskerrak guri elkarrizketa hau egiteko aukera emateagatik eta beste bat arte. Eta nik espero dut garbi gelditu izana eginiko galderak . Eta benetan eskerrak zuei, Ordiziatik hona etorri, hemen egoteagatik eta ea balio duen lan txukun bat egiteko, ongi?

Ongi. Eskerrik asko!

Juan Karlos Izagirre euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Comments { 2 }

Aldaketa klimatikoaren arrastorik ez komunikabideetan

aldaketa klimatikoaren ondorioetako bat (Wikimedia Commons)

aldaketa klimatikoaren ondorioetako bat (Wikimedia Commons)

Google Interneteko bilatzailean aldaketa klimatikoa hitza idazten badugu, 39.200 emaitza inguru lortuko ditugu. Halakorik! Eta zer esanik ez, erdaraz edo ingelesez xerkatzen badugu. Sinesten ez duenak egin dezala proba. Baina hori ez da kontua. Kontua da gizakiak urteak eta urteak daramatzala fenomeno honi buruz hitz egiten (XIX. mende amaieratik hipotesi bezala, XX. mendeko 70. hamarkadatik ziurtasun osoz), eta ohituta geundela honi buruzko albiste gero eta larriagoak entzutera (Bizkaiko itsasoko ura gradu bat igo da, aldaketa klimatikoa dela eta, Un estudio augura catástrofes naturales causadas por el cambio climático…); baita honi buruzko azalpenetara ere (Klima aldaketa). Azkenaldi honetan, ordea, egunkarietan gai honi buruzko albiste kopurua guztiz txikertu da, gaur egun dauzkagun beste arazo anitzengatik ziurrenik (krisi ekonomikoa dela, ustelkeria kasuen gorakada…). Hala eta guztiz ere, duela gutxi “El País” egunkariak behin betiko albistea argitaratu du: Los efectos del cambio climático se acercan al punto de no retorno.

Puntu honetara iritsita, gai honen inguruko epe laburrerako erabakiak hartzea guztiz premiazkoa dela uste dut. Lehenik eta behin, aldaketa klimatikoaren aurrean kontrolpean jarri beharreko ondoriorik garrantzitsuenetarikoa berotegi efektua da. Berotegi efektua berez ez da txarra, bizitzeko beharrezkoa baitugu, baina guztion artean arazo bilakatzea lortzen ari gara. Honek tenperaturen gehiegizko igotzea dakar, gure planeta kinka larrian ipiniz: poloetako uren urtzea eta, ondorioz, itsasoen mailen handitzea, ekosistemen aldaketa, ur eskasia edo uholdeak, animalien biziraupena arriskuan ipintzea…

Arrazoi hori entzunda, jendea agian ez da guztiz konbentzituko arazo honen garrantziaz, gizakia oraindik aipatu ez delako. Bada, ikuspegi geurekoi batetik begiratuta -akaso jendeari buruan sartzeko modu bakarra da-, badago bai, honen barnean, esklusiboki gizakia kaltetzen duen ondorio bat: beroaren ondorioz ematen diren heriotzen gorakada nabarmena jasaten ari gara oraintxe bertan, baita alergia kasuena ere, tenperatura gorakada honek polenaren garaia luzatu baitu. Ildo horretatik jarraituz, gaixotasunak transmititzen dituzten eltxoetan aldaketak gertatzen ari dira, gaixotasun hauen kalteak larriagotuz.

Horrenbestez, argi geratu da aldaketa klimatikoaren auzia gizakiaren errua dela ia zati handi batean, baina ondorioak bizidun guztiok sufritzen ditugunez, baita hurrengo belaunaldiek ere, honi guztiari konponbide bat aurkitzea zor diegula uste dut. Agian, gaur egungo egoera dela eta, ezingo ditugu proiektu handiak aurrera eraman (diru kontuak direla eta); hala ere, herritar guztiok benetan kontzientziatzen bagara eta neurriak hartzen baditugu, hala nola, karbono dioxido emisioak gutxituz autoen erabilera murriztuta, aerosolen erabilera saihestuz…egoera pixka bat hobetzea lortuko dugu. Baina berriro diot: guztiok egin behar dugu saiakera, baita eszeptikoenak ere; denok dakigunez, itsuen herrian begibakarra baita alkate. Horrela jarraituz gero, ordea, ikusiko dugu zenbat denborarako. Tik-tak, tik-tak…

Comments { 6 }
-->