Iepa, guztioi!
Gaur gauean izan dudan ametsa nahiko bitxia izan da. Egia esan, ez ditut oso ondo gogoratzen xehetasun guztiak, baina nork gogoratzen edo ulertzen ditu bere begitazioak erabateko ziurtasunez? Nik, behintzat, ez!
” Basoan nenbilen erdi galdurik eta bat-batean izaki oso ezberdin eta arraro xamarrekin egin nuen topo. Baziren batzuk txiki-txikiak zirenak, praka gorrixkekin eta nahiko bihurriak, dudarik gabe. Alde batetik bestera zebiltzan urrezko orraziekin orrazten ari ziren emakume antzeko batzuk zirikatzen, geldiunerik gabe. Bigarren hauen irudia laku batean ispilatua agertzen zen, baina harrigarria egin zitzaidana zera zen: ilargia eta eguzkia, biak batera, agertzen zirela islatuta lakuan, emakumeen islen ondoan eta, hori gutxi batlitz, emakumeek oiloen oinak zeuzkaten!
Izkina batean, eguzkiaren errainuen azpian eta ilargiaren isiltasuna errespetatuz, emakumeak miresten ari zen ehiztari bat bistatu nezakeen, baina honek apaiz baten itxura zuen!
Ez oso urruti, baina zertxobait ezkutuan, zazpi buru zituen suge bat zegoen, bere buru gainean hegaka zebilen sugea harrapatu nahian, baina hau begi bakarreko izaki bati begira zegoen izoztuta gelditu izan balitz bezalaxe. Izaki horrek itxura benetan zatarra zuen!
Honetaz guztiaz jabetu ez ziren beste batzuk ere bazeuden, izugarri handiak eta itxuraz, behintzat, oso indartsuak . Harriak jaurtiz jolasean zebiltzan beraien artean. Hauen inguruan bueltaka, beste txikitxo batzuk zeuden, baita praka gorrixkekin ere , baina hauek zirikatzen ibili ordez, zer egin zezaketen galdezka ari ziren.
Leku ezin hobea zen: paisaia politak, larre berdeak, ur gardenak, zuhaitzak han-hemenka… Baina, zoritxarrez, emakumeekin hitz egitera ausartu nintzenean, esnatu egin nintzen.”
Argi eta garbi geratu zitzaidan, nire ametsa, euskal mitologiako pertsonaia ezberdinez beteta zegoela eta, horregatik, beraiei buruzko azalpen txiki batzuk bilatzen saiatu nintzen eta hona hemen ondorioa:
Iratxoak edo Gorritxikia: Izaki bitxiak dira, Prakagorriak bezalakoak, baina hauek batzuetan kalte egiten dute.
Lamiak: Lamiak erreka zuloetan egoten dira ilea urrezko orraziekin orrazten. Hankak oiloenak bezalakoak izaten dituzte, eta gizakumeak liluratuta lagatzen dituzte. Lanean laguntzen diete opari bat ematen dietenei.
Eguzkia eta Ilargia: Lurraren alabak dira eta egunero euren ibilbidea egin ostean, lurrera joaten dira. Eguzkia edo Ekia Jaungoikoaren begia da, eta Ilargia aurpegia.
Mateo Txistu: Apaiz ehiztari hau meza ematen zegoela, txakurrak zaunka entzun zituen, erbi bat zebilelako seinale. Meza bertan behera laga eta, eskopeta hartuta, erbiaren atzetik joan zen. Harrezkero, hor dabil bere txakurrekin. Ekaitzaldietan txakurrei entzuten zaie, eta haize-boladak daudenean, bera hor dabilen adierazgarria da.
Herensugea: Zazpi buru zituen sugea da. Leize batean bizi zen animaliak eta gizakiak janez.
Maju-Sugaar-Sugoi: Maju Mariren senarra da. Suge itxura dauka eta, suzko igitaia bailitzan, zerua zeharkatzen du.
Tartalo: Begi bakarreko izaki gaiztoa da. Haitzuloetan bizi da eta gazteak harrapatu eta jan egiten ditu.
Jentilak: Gizon handi eta basati hauek mendian bizi ziren eta izugarrizko indarra zuten. Euren indarrez, harri handiak mugitzeko gai ziren eta harri horiek gaur egun monumentu megalitikotzat dauzkagu.
Mamurrak edo Galtzagorriak: Mamurrek eta Prakagorriek gizakiei euren lan harrigarrietan laguntzen dieten ahaide txiki-txikiak dira. Praka gorriak dituzte soinean, eta orraztokian ezkutatzen dira. Euren jabeari biraka-biraka hasten zaizkio oihu batean galdezka. Eta orain zer? Eta orain zer? Eta une batean betetzen dituzte nagusiaren aginduak, nahiz eta ikaragarrienak izan.
Nire ametsean hauek bakarrik ikusi nituen, baina ziur nago, leku gehiagotan begiratu izan banu (zuhaitz baten atzean, kobazulo baten barruan…), beste izaki miresgarri piloa aurkitu izango nuela. Haiei buruz pittin bat gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen eta oso interesgarria den orrialde bat irekiko zaizue. Ez dator informazio oso zehatza, baina gure kulturan horrenbesteko garrantzia izan dutenei buruz gehiago jakitea ez datorrenez inoiz gaizki…
Iruzkin berriak