Igande euritsu honetan euskaldunok Eusko Legebiltzarra nola osatuko den bozkatu berri dugu. Jarraian, parlamentariek hurrengo lau urteetarako gure Lehendakaria nor izango den hautatuko dute. Egoera honetara iristeko, hauteskunde-kanpaina luzea izan dugu, non herri honetako sentsibilitate politiko guztiek beraien programak azaldu ondoren, bozka eskatu diguten. Baina gu ez gara horrekin konformatu: hautagaien iritzia gertutik ezagutu nahi izan dugu, eta gazteoi eragiten diguten alorretan zein politika eta ikuspegi duten galdetu nahi izan diegu. Horretarako, alderdiekin harremanetan ipini eta hautagaiak elkarrizketatzeari ekin diogu (hementxe hautagai-zerrenda guztiak).
Esan bezala, gazteoi eragiten diguten alorren bueltan ibili gara eta, iritzi ezberdinak lortzeko, Antonio Basagoiti (PP), Iñigo Urkullu (EAJ-PNV), Laura Mintegi (EH Bildu) eta Mikel Arana (Ezker Anitza) aurrez aurre elkarrizketatu ditugu. Ezker Batuak Berdeak taldeko Raquel Modubarrek eskainitako elkarrizketa idatzia ere badugu. Patxi Lópezen alderdia (PSE) gure galderei idatziz erantzuteko prest agertu bazen ere, oraindik erantzunen zain gaude. Bestetik, UPyD eta Equo alderdietatik ez dugu erantzunik jaso.
Hauteskunde-mahaiak itxi bezain laster argitaratu nahi izan dugun hau, gure lanaren aurrerapen bat baino ez da. Geroago etorriko dira, besteak beste, hautagaiei egindako elkarrizketak osotasunean.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin egon diren hautagaiei, bereziki aurrez aurre ezagutu eta galdetzeko aukera eman digutenei.
Iruzkin berriak