About ezabaleta

Author Archive | ezabaleta

Ba aldakizu zer ikasi?

hautaprobetan iazAzken asteetan, unibertsitate desberdinen bisitak izan ditugu ikastolan. Informazio anitz jaso dugu karrera desberdinen inguruan, baita unibertsitate bakoitzak dituen ohiturena ere. Baina nola aukeratu zer ikasi? Askotan argi izaten dugu urteetan zehar zer egingo dugun, baina hautatzeko unea iristen denan, maiz zalantzaz josten gara.

Lehen aukera batxiler mota izaten da. Proba desberdin ugari egiten dugu zein bide hartzea komeni zaigun jakiteko. Hala ere, sarritan zalantzaz beterik hasten dugu ikasturtea, ez baitakigu aukeraketa egokia egin ote dugun.

Orain, bigarren hautaketa egitea tokatzen zaigu. Nire inguruan, asko noraezean daude, ni bezalaxe. Horien artean, batzuek ez dakite nondik jo, ez dute arrastorik ere zer egin nahi duten. Beste batzuek gutxi gorabehera badakigu zer nahi dugun, baina ez dakigu ongi emango ote zaigun edo topatuko dugunaren beldur gara, hau da, agian, ez da guk espero genuena izanen.

Gauzak horrela, tentsioa handiagotuz joaten da, ez baita beldurra bakarrik, guztioi esan digute noizbait: �Baina hortik gero ez duzu lanik izango!� Bestalde, karrera batzuek beste batzuek baino izen eta sona gehiago dutela dirudi. Honek presioa handiagotu besterik ez du egiten. Azken finean, denok gauza bera ikasiko bagenu, arlo horretako lan eskaintza ere jaitsi egingo litzateke. Nolanahi ere, aipatu behar da, egoten dela bakarren bat gustuko duzuna ikastea gomendatzen dizuna, zuk zerbait atsegin baduzu, gehiago saiatuko zarela suposatzen baita. Lana aurkitzeari dagokionez, gehiago esango nuke, askotan zorte kontua izaten dela ala ez? Bai, egia da ikasketa batzuek lan eskaintza gehiago dituztela, baina horrek ez du esan nahi beste batzuetatik ez dugunik lanik aurkituko.

Amaitzeko, helbide interesgarri batzuk informazioa kontsultatzeko (unibertsitate desberdinak, karrerak, bekak…). Bide batez, animo guztioi, gutxi geratzen zaigu aurrematrikulak egiten hasteko eta.

Helbide interesgarriak:

Comments { 0 }

Organoen salerosketa

operazioaAurreko batean, gaur egungo “mito urbano� handienetariko bati buruz hitz egiten zuen korreo bat jaso nuen. Bertan, organoen salerosketaz hitz egiten zen. Benetan gai interesgarria iruditu zitzaidan eta interneten informazioa aurkitzea erabaki nuen. Ez dago asko bilatu beharrik gai honen inguruan artikulu eta testu desberdinak aurkitu ahal izateko.

Baina zertan datza organoen salerosketak? Mito bat da edo gu guztion begion aurrean gertatzen den bihozgabekeria bat da? Nola sortzen da, baina, horretara dedikatzen den talde bat?

Gaur irakurri dudanaren arabera, organo transplante bat behar duen jende kopurua emaileena baino dezente handiagoa da. Horren eraginez, dirudunak edozein prezio ordaintzeko prest daude (badirudi gure gizartean dirua eta boterea duenak edozer egin edo eros dezakeela, etika eta moralaren gainetik jarriz) eta ,ez dutenak, beraien bizi kalitate eskasagatik (hauetariko askok irauteko ere ez dute), beraien edo seme-alaben organoak saltzeko prest daude, ondorioak zeintzuk diren jakin gabe. Hauetariko batzuk, iragarkiak jartzen omen dituzte, beraien organo bat saltzeko prest daudela adieraziz. Beste zenbaitetan, ordea, ez da salerosketara murrizten.

Gure gizartean zirrara handien sortzen duen metodoa, organo ilegalak lortu ahal izateko, bahiketa bidez eginikoa da. Errealitatea da, urtean zehar, heldu nahiz haur asko desagertzen direla eta, gehienetan, ez dela gehiago beraien berririk izaten. Zenbaitetan, gorpuak agertzen dira eta organoren baten gabezia izaten dute. Beste kasu batzuetan, bizirik aurkitzen dituzten arren, organoren bat falta zaie edo agian itsu daude.

Horrek izugarri harritu nau eta nire buruari galde egin diot ea zer dela eta agertzen diren haurrak itsututa. Horren erantzuna oso sinplea da, kornea transplanteak egin ahal izateko, begiak lapurtzen dizkiete. Benetan harrigarria iruditu zait, baina artikulu desberdinetan irakurri dudanez, kornea transplanteak ere egiten dira. Ondorengo organoen izenak dira gehien aipatzen direnak: giltzurrunak, korneak, birikak eta gibela ere zenbaitetan agertzen da.

Beste batzuetan, desagertzen diren haur horien etorkizuna guztiz desberdina da. Badaude mafia batzuk, lurralde pobreetan haurrak bahitu eta ondoren “lurralde aberatsetako� familiei saltzen dizkietenak. Kasu normaletan adoptatzeko zailtasunak dituzten familiak izan ohi dira.

Ondorengo lurraldeetan ematen dira desagerpen kasu gehienak: Hego Amerikako estatu batzuetan, Txinan, Filipinetan, Hong Kongen, Ipar Afrikako lurralde batzuetan eta Egipton ere bai.

Hala ere, aipatu behar da, organo baten transplantea egin ahal izateko, beharrezkoa den jende kopurua eta material egokia lortzea oso zaila dela. Horrez gain, transplante bat egin ahal izateko, ongi prestaturiko leku behar izaten da, hau da, ez du edozein lekutxok balio. Hori guztia kontuan izaten badugu, oso zaila dirudi horretara dedikatzen diren mafiak daudela sinestea edo errealtzat hartzea. Gainera, egia da ez dela inongo talderik harrapatu. Baina desagerpenak, organorik gabe agertzen diren haur eta helduak eta beraien organoak diru eskasia bategatik saltzeko prest dauden pertsonak, existitzen dira; beraz, zerbait gertatzen da.

Kontua da, nolabait, gertaera hauek desagerraraztea edo jaistea lor dezakegula. Horretarako, emaile kopuru gehiago behar da. Gauza da, guk hil ostean, ez ditugula gure organoak ezertarako behar. Beraz, zergatik kostatzen zaigu horrenbeste emaile izatea? donante de organos

Artikulu eta helbide interesgarriak:

Comments { 3 }

Hipokresiaren gizartea

Gaur egun, asko hitz egiten da heziketaren garrantziaz. Pentsamendu, itxura, gustu… desberdinak errespetatzeko eta inbidia desagertzeko biderik hoberena edo bakarra dela esan liteke. Agian, guztiok txiki-txikitatik gauza garrantzitsuak gehiago baloratuko bagenitu eta besteek jostailu, kamiseta edo bestelako zerbait dutelako, nik ere nahi dut jarrera izango ez bagenu, bi gauza lortuko genituzke, nire iritziz.

Bata, eta ia garrantzitsuena, independenteagoak izango ginateke; hau da, ez genioke horrenbesteko garrantzirik emango besteek dutenari, janzteko moduari, fisikoari… Horrela, ez ginateke beti besteen menpean egongo eta gauza bat eduki ezin dugunean, arrazoi desberdinengatik, inbidia izan beharrean poztu egingo ginateke. Horregatik, oso garrantzitsua da txikitatik, guztia ezin dela izan ulertzea eta gauza materialek ez gaituztela zoriontsuago egingo jakitea; lagun on baten konpainia garrantzitsuagoa dela, dena markakoa edukitzea edo azken modeloko mugikorra, mp3… izatea baino.

Bestea, dibertsitatea da. Badirudi, gaur egun, denok berdinak izan behar dugula, bai fisikoki, bai janzkeran, bai gustuetan eta, ahal izanez gero, baita pentsatzeko eta sentitzeko moduan ere. Gauzak horrela izanda, normaltzat kontsideratzen den horretatik irteten den edonori arraroa edo anormala esaten zaio eta, agian, beldurtu ere egiten gaitu. Ez al da, bada, dibertsitatea gauza benetan interesgarria? Nik baietz deritzot, monotonia aspergarriagoa da eta, gainera, kalean gurutzatzen ditugun pertsona guztiak berdin jantziko balira eta fisikoki ere itxura bere balute, ez al ginateke nazkatuko?

Horrela, bi puntu hauek (dibertsitatea onartzea eta independenteak izatea) lortzen baditugu, errespetatzen ere jakingo dugu. Eta, bide batez, zenbait gaitzekin bukatzea ere lortuko dugu. Adibidez, bakoitzak dituen gaitasunei garrantzi gehiago emango genieke fisikoari eta janzteko moduari baino. Desberdin pentsatzen edo sentitzen duena ez genuke bazterrean utziko eta, agian, inbidiarekin ere amaituko genuke.

Jakituriaren gizartean bizi garela suposatzen da. Guztion berdintasuna eta ideien askatasuna aldarrikatzen da. Baina errespetu faltako eta edukazio gabeko jarrerez inguraturik gaude. Arazoa da, jarrera horiek ez direla helduetan bakarrik ematen, nerabezaroan eta haurtzaroan ere ematen direla eta ez bazaituzte txikitatik ohitzen ezberdintasunak errespetatzera, noiz hasi behar zara? Zergatik dago itxurarekiko menpekotasun hori? Hau guztia ez ote da zerbait gaizki egiten ari garelako? Edo, agian, hipokresiaren gizartean bizi garelako izango da? Hitz politez baina ekintza gutxiz eraturiko gizartean, alegia…

Comments { 16 }
-->