Uda gero eta gertuago dugu eta ikasle ugari, ni horien artean, dagoeneko planak egiten hasiak gara beste lurralde batzuetara joateko bai beste hizkuntzaren bat ikasteko eta baita hango kultura ezagutzeko ere. Halaber, gaiaren inguruko hainbat aldizkari hasten dira etxera iristen. Nik esperientzia hau duela 2 urte bizi izan nuen lehenengoz eta iaz errepikatu egin nuen.
Hasteko, Irlandara joan nintzen lehen aldiz, Navan-era, hain zuzen ere. Hegoaldean kokaturik dagoela esan daiteke, Dublin 30 minutura inguru dago kotxez. Iaz, ordea, beste kontinente batera joatea erabaki nuen, AEBra hain zuzen ere, bertako Maryland estatura. Washington nahiko gertu genuen eta New York 4 ordura.
Baltimore-era iritsi bezain laster, hantxe zegoen zain hilabetez nire familia izango zena. Arratsaldez iritsi ginen eta gau horretan bi pelikula hartu genituen bideo klubean eta pizza batzuk jaten ikusi genituen. Hasiera ezin hobea ikus dezakezuen legez! Giroa izugarri ona zen eta nire etxean sentitu nintzen hasiera-hasieratik.
Hari beretik, irteera ugari egin nituen eta gauza mordo bat ezagutzeko parada izan nuen. Irteera horietako batean, New York ikustera eraman ninduten. Nola esan…izugarria iruditu zitzaidan! World Trade Center ikusi nuen eta baita beisboleko partida bat ere. Ez hori bakarrik, Kennedy lurperatuta dagoen tokia, munduko Mc Donald’s handiena (2 pisukoa eta 30 kaxaz osatua) eta beste hainbat ere ikusteko aukera izan genuen argazkietan ikus dezakezuen bezala..
Gorago esan bezala, New York ezagutzeko aukera izan nuen eta merezi izan zuen. Ikaragarrizko hiria da, ikusgarria! Berriz joateko aukera badut ziur joango naizela. Filmetan azaltzen den bezalakoa da: kotxe ugari, etxeak ikaragarri altuak, taxi horiak…
Honekin guztiarekin zera esan nahi dizuet: beste lurralderen bat ezagutzeko aukerarik baduzue, ez utzi pasatzen. Zalantzarik gabe, beste toki, kultura, bizitzeko era… ezagutzeak asko aberasten du edonor eta bizipen horiek ez dituzue sekula ahaztuko. Anima zaitezte!
Iruzkin berriak