Abenduaren 14an euskaljakintzako ikasle bakoitzari posta elektronikoz mezu bat iritsi zitzaigun. Bertan, ikastolara Gipuzkoako Bertsolari Elkartetik igandean jokatuko zen finalerako bi sarrera iritsi zirela zioen. Interesatuta zeuden ikasleen artean zozketa egingo zen, eta zortedunarentzat izango ziren bi sarrerak. Behingoan bada ere, ni izan nintzen zorteduna eta niri egokitu zitzaizkidan bi sarrerak. Gauzak horrela, igande arratsaldean Donostiako Illunbe zezen-plazan azaldu nintzen arrasti on bat pasatzeko asmoz. Ez zen arrats on bat izan, arrats zoragarria baizik!
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Jon Martin, Jon Maia, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre eta Iker Zubeldia ziren, zortzi maisu.
Lehenengo agurra Irazuk bota zuen. Bertan, txapelaren bila zetorrela esan zuen. Bigarren agurra Mendiluzerena izan zen, honek bertsotan eginez gozatzera zetorrela zioen. Ondoren, Jon Martinen txanda iritsi zen, eta bere bertsoak gauza asko izan nahi zuela zioen. Jon Maiaren agurra izan zen laugarrena, bere burua aurkeztu eta kondena hitzaren inguruan aritu zen. Gero, Sarriegiren agurraren txanda iritsi zen, eta ondo aritzera zetozela esan zuen. Gaztelumendi zen hurrengoa, honek bera gainditu nahi zuenak sufri zezala oihukatu zuen (hau izan zen gehien gustatu zitzaidan agurrerako bertsoa). Gaztelumendiren ondoren, Unairen txanda zen. Honek etorriaren damurik ez zuela aitortu zuen. Azkenik, Ikerrek zezena erre eta jatera zetorrela esan zuen.
Agurraren ondoren, bertso puntuagarriak hasi ziren: binaka, gaia emanda, 8ko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, 8ko txikian hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, 8ko txikian bina bertso; binaka, gaia emanda, 10eko txikian hiruna bertso; eta azkenik, kartzelako lana, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian hiruna bertso.
8ko handian puntu gehien Jon Maiak jaso zituen (120). Bere bikotekidea Jon Martin izan zen eta honek ere puntu mordoxka polita izan zuen (117). Bikotearen gaiak zera zioen: Afari erromantikoa egin dute elkarrekin; orain bakoitza bere etxera doa bere bikotekidearengana. Jon Maiak etxera joan eta emaztearen berotasuna izango zuela zioen bitartean, Jon Martinek etxean maitasunik ez zuela zioen. Bertsoa bukatzeko, Jon Maiari maitasun hitzak bota zizkion: ezingo zuela gehiago maitatu bere senarra balitz.
8ko txikian Beñat Gaztelumendik jaso zituen punturik gehienak (125,5). Berarekin Unai Agirre aritu zen eta honek 115,5 puntu lortu zituen. Gaia hau izan zen: farmazialaria da Beñat; guardian dagoela, goizeko 5etan, Unai etorri zaio kondoi eske. Oso saio polita izan zen eta umorea nagusitu zen.
Puntuari erantzuten Aitor Mendiluze nagusitu zen 87 punturekin.
10eko txikian ere Aitor Mendiluzek lortu zuen puntuaziorik altuena (129,5). Jon Maia, bere bikotekidearen puntuazioa 121ekoa izan zen. Egokitu zitzaien gaia: Aitorren alaba hil zenean haren organo guztiak eman zenituzten, eta haren bihotzari esker bizi da Jon. Gaur ezagutu dute elkar.
Primerako saioa egin zuten. Ikusle guztiak begietan malkoa ezin eutsirik ibili ginen. Oso sentibera izan zen eta txalo zaparrada jaso zuten.
Aipatzekoa da, 10eko txikiko gai oro heriotzaren ingurukoak izan zirela. Oso sentiberak guztiak eta oso bertso onak entzun ziren. Hala ere, honek eztabaida ugari sortu zuen ikuslegoaren artean. Batzuek ondo pasatzera gindoazela eta gai alaiagoak behar zirela zioten, eta beste batzuek, gaiak aproposak zirela. Nik hasiera batean lehenengoen iritzia babestuko nukeen, baina horrelako bertsoak entzun eta gero, eta malkoa ateratzeko zorian eduki nuela kontuan hartuz gero, gaiak erabat gustatu zitzaizkidala esan beharrean nago.
Azkenik, kartzelako lana iritsi zen. Final handiko gaia hauxe izan zuten zortzi finalistek: erantzun baten zain asteak eman dituzu eta, gaur, espero ez zenuen erantzuna jaso duzu.
Lan honetan puntuazio altuena Jon Martinek lortu zuen 141,5 punturekin, bigarrenari 17,5 puntutako aldea ateraz. Egia esan, Martinen bertsoak entzundakoan aho bete hortz geratu ginen guztiok. ABBA formatuan kantatu zuen. Bere bertsoek neska baten ezetza jaso zuela zioten. Entzun beharreko lana egin zuen, benetan berezia.
Horrela, buruz burukora zein sartuko zain geunden guztiok. Azkenean, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Mendiluze izango ziren buruz buru aritu behar zirenak. Ikuslegoaren txalo zaparradak Illunbe dardarka jarri zuen, ni tartean. Biak izan ziren nik txapeldun ikusten nituenak.
Orain arte, gutxi aipatu baditut ere, Jexux Mari Irazu, Aitor Sarriegi, Unai Agirre eta Iker Zubeldia ere ederki aritu ziren. Lehia zortzi txapeldunen artekoa izan zen, baina sarien artean bakarra ei zegoen. Hala nola, puntuaketan Iker Zubeldia azken gelditu bazen ere, bera izan zen bertsolari txalotuena.
Buruz burukoan lan hauek egin behar izan zituzten Beñatek eta Aitorrek: binaka, gaia emanda, puntutan, zortziko txikian zortzi bertso; ondoren, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso; eta azkenik kartzelako lanean, bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian hiruna bertso.
Puntutan gaia hau izan zuten: bi espermatozoide dira, hil eta biziko lasterketan doaz. Biak ondo aritu ziren, baina Aitorrek lan txukunagoa egin zuen. Beñatek 113 puntu lortu zituen, eta Aitorrek 122. Saio honetan umorea ez zen falta izan, lehia beharrean bi bertsolarien artean elkarlana nagusitu zen.
Sei puntuko motzean hauxe izan zuten gaia: Gabon gaua da eta oraintxe amaitu dute afaltzen, bat-batean, aitak honelaxe esan die: “Noiz hasi behar dugu afaltzen?â€. Ondo aritu ziren biak, familiaren elkartasunaren alde eginez. Oraingo honetan, Beñatek Aitorrek baino 3,5 puntu gehiago lortu zituen, 126,5.
Sei puntuko motzaren ostean, arratsaldeko eta 2007ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken bertsoak entzun ziren kartzelako lanean. Gaiak hau zioen: hilabeteetan gelan egondako sehaska bildu eta gordetzeko unea da.
Beñatek kantatu zuen lehenengo, eta sendagileak emazteak eta berak haurrik izango ez dutela aitortu dienez, sehaska bota dutela kantatu zuen. Ondoren, Aitorren txanda iritsi zen, eta honek semea hazteagatik erretiratu duela sehaska kantatu zuen. Azken lan honetan Beñatek 117,5 puntu lortu zituen eta Aitorrek 122,5.
Bi bertsolarien jardunean ikusle guztiok benetan gozatu genuen. Biek erakutsi zuten finalean egotea merezi zutela eta ikusleok txaloz eskertu genien. Beraz, horrela bukatu ziren bertso puntuagarriak. Puntu guztiak batuz, txapelduna… Aitor Mendiluze!!! Txapela, merezitako ondorioa dudarik gabe.
Arratsaldea borobiltzeko azken agurrak bota zituzten zortzi finalistek. Guztiak bihotz bihotzetik eta emozioz beteak Illunbe txaloka leherraraziz.
Amai dezagun esanez, irailaren 22an sailkapen faseko lehen ekitaldietatik abiatu eta abenduaren 16an Illunben Aitor Mendiluzeri txapela jarri arte, bertsolari handi asko txalotu ditugula eta finalean egon zitezkeen asko bidean gelditu direla. Parte hartu duzuen guztiei mila esker, euskaldunon altxorra den euskara eta bere bitartez bertsolaritza goi mailako plazara eraman baituzue.
Hemen dauzkazue finaleko puntuazioak:
Oso ona ez bada ere, buruz buru aritu behar ziren bi sailkatuak zein ziren jakiteko garaian Illunben zegoen giroaz jabetu zaitezten, hemen uzten dizuet bideo bat.
[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/Yam0TqToqyw" width="425" height="350" wmode="transparent" /]
Â
Iruzkin berriak