Duela egun batzuk amaitu zen gazte topagunea. 4 egun herri aske bihurtu genuen herrixka batean ibili ondoren, motxilak bizkarrean hartu eta bakoitzak bere etxeko bideari ekin genion. 14.ooo lagun baino gehiago bildu ginen, beraz, kanpin mordoa ikusteko aukera izan genuen. Balorazioa nahiko ona izan dela aipatu zuten, egunero esnatzen gintuen megafoniatik. Eguraldia ere aldeko izan genuen, azken gaua arte behinik behin. Hala ere, haizea franko ibili zen gau partean.
Gazte Topagunearen nondik norakoa ikus dezazuen gure esperientzia propioa azalduko dizuet. Nolanahi ere, gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.
Ostiralean, goizeko 09:15ean autobusa hartu genuen, gure helmugara eraman gintuena. Ibilgailuan Ordiziako gazteez gain, Beasain, Legorreta, Zaldibia eta Ataungo gazteak aurkitzen ginen. Hala ere, denok ezaugarri komun bat genuen: gure ezpaineko irribarrea, aspalditik itxaroten ari ginen eguna iritsi baitzen. Autobusak Arbizu partean utzi gintuen eta 1,5 kilometroren ostean, kanpalekuan geunden gure kanpina muntatzen. Kanpin dendak muntatu ondoren, herri gunera abiatu ginen bertako plazan harrera ekitaldia ikusteko asmoz. Kanpalekuan tripa bete ondoren, arratsaldean berriro ere herrira abiatu ginen bertako giroa ikusteko. Giro aparta zegoen eta Mikel Urdangarin ikusteko parada izan genuen gaztetxe gunean. Eguna karpa erraldoiko kontzertuak ikusten bukatu genuen, Ken Zazpirena, hain zuzen ere. Gaua nola bukatu genuen , ordea, beste gauza bat litzateke….:smile:.
Larunbatean jaikitzeko arazoak izan genituen eta dutxatzera Arbizura joan ginen. Jende pila zegoen bertan eta 2 ordu itxaron ondoren, gure tanda iritsi zen. Zoritxarrez, ur hotzarekin topatu ginen, bizkortzekobalio izan zuen sikiera. Arratsaldeko zortziak arte gaztetxeko materiala saltzen aritu ginen antolatu zen azokan. Ondoren, karpa batean afaldu eta karpa erraldoira abiatu ginen bertan zegoen ekitaldi politikoa ikusteko asmoz. Hau bukatu ostean, kontzertuak hasi ziren (horien artean Berri Txarrak).
Igandean, goizeko 07:30ean, udaletxera joan ginen lanean aritzeko. Zortzietan hasi ginen kanpalekua zaintzen, eta sarreran bonoak eskatzen. Ordu bietan bukatu, dutxatu eta zakura joan ginen ziztu bizian, lo egiteko premian aurkitzen baikinen. Esnatzean, bokata karpara joan ginen afaltzera eta, jarraian, karpa erraldoira abiatu ginen azken kontzertuak ikustera ( horien artean Kuraiarena).
Astelehenean, jaikitzea kosta zitzaigunez, kanpinean bakarrik aurkitu ginen, mutilak bertsoak ikustera herri gunera joanak baitziren. Hauek etorritakoan, bazkaltzera herrira joan ginen motxilak prest utziz. Bazkaldu, tragotxo batzuk hartu eta kanpalekura joan ginen. Kanpin dendak jaso eta Arbizun Ordiziara bueltatu gintuen autobusa hartu genuen.
Hauxe izan da gure esperientzia. Egia esan, penaz ere etorri ginen, izan ere, egitarauan gauza asko ipintzen baititzituen eta guk ez baikenuen denborarik izan horietara guztietara joateko. Beraz, hurrengoan parranda gutxiago egin beharko dugu. Ikusteko eta bizitzeko aukera izan genuen egitaraua ikusteko, klikatu hemen.
Iruzkin berriak