About Maddi Otegi

Author Archive | Maddi Otegi

Oraingoan ere alferra lanez betea?

La_educación_no_se_vende

La educación no se vende, Wikimedia Commons

Gaur egungo gazteon artean eragin handia duen gai bat izan zen protagonista gure lagunarteko elkarrizketan aurreko egun batean. Hezkuntzan egin diren murrizketena, hain zuzen ere. Gaur egungo egoera honek izugarrizko kezkak sortzen dituela konturatu ginen ikasleon artean, eta galdera orokor batean laburtu genituen gure ardurak: eta zuk zer egingo zenuke izugarri desio duzun lanbide ikasketak egiteko nahikoa diru edo baliabide edukiko ez bazenu?

Zur eta lur geratu nintzen lagunetariko batek egunkari bateko albistea erakutsi zidanean. Bertan, Jose Inazio Wertek, hezkuntza ministroak, zioen hezkuntza arloan inbertsio handiagoa egiteak ez duela ikasle hoberik sortzen. Are gehiago, bere ustez, diru laguntza hauek jaistea dela seme-alaba eta bere gurasoek ikasketei garrantzia handiagoa emateko modu bakarra eta, honi esker, ikasketa maila hobea lortzeko irtenbidea espainiar estatuan. Akaso familiar aberatsenetako haurrak dira ikasle onenak? Haur txiroek ez al dute liburu bakar bat izateko eskubiderik? Ez al ditugu etorkizuneko mediku, arkitekto, ingeniari edo irakasle garrantzitsuenak galduko ikasketak ordaindu ezinik geratzen badira? Egoera honek aurrera jarraituko balu, ikasle dirudunek bakarrik lortuko lukete beraien ikasketak bukatzea eta hau ez litzateke batere egokia izango benetan ikasteko gogoa dutenen artean.

Politikari eta hezkuntza ministroak ikasketa modu berri bat sortu eta ikasleak formazio hobearekin irtetea nahi dute (ikus murrizketen zerrenda). Horrela, herrialde honetan dagoen krisiari bira eman edo, hori lortuko ez balitz, atzerrira joan eta lanbide egoki bat lortzeko baliabide gehiago edukitzea da hauen asmoa. Oinezkorik nahi ez izatearen ondorioa, zaldizkorik ez etortzea da. Izan ere, nola lortuko dugu hauek espero duten ikasketa-maila irakatsiko duen irakaslerik ez badago, ikasketak ordaintzeko eta atzerrian ikasi ahal izateko diru laguntzarik ez badago, eta honez gain, unibertsitateko tasak igotzen badira?

Arazo larri honi konponbidea jartzeko modu bakarra, arau horiek jarri dituenari begiak ireki eta zein buruhaustetan jarri gaituen erakustea da. Beraz, mahai gainean ogi gogorra jartzen badigute, haginak zorroztu eta goseari aurre egin beharko diogu. Ikasle eta irakasle, gazte eta zahar, euskaldun edo erdaldun, egun batez bada ere, bat egin eta denon artean protesta egin dezagun!

Comments { 2 }
-->