Japoniako jendea betidanik fashion victim kontsideratua izan da. Azken garai honetan, fenomeno berri bat indarrean jartzen ari da, cosplay izenekoa. Esanahia costume playetik dator, eta mozorro jokoa esan nahi du. Mozorrotzen denak cosplayer izena hartzen du.
Zertarako Cosplaya?
Cosplayerrentzat, mozorrotzeak talde bateko kide izatea suposatzen du, baita beraien ideiak hitzik gabe itxuraren bidez aditzera ematea ere. Joko honen helburua, beraz, bakoitzak bere ideien adierazle diren gauzak soinean jartzea da: rock, pop, roleko joko edota anime eta mangako pertsonaia gogokoen itxura hartzea, alegia. Topaguneak edota konbentzioak sortzen dituzte antzeko gustuak dituzten pertsonekin elkartzeko taldeak sortuz.
Nortzuk dira Cosplayerrak?
Pertsona hauek gehienbat neskak dira, nahiz eta mutil asko ere izan. Janzkerari dagokionez, ideia erradikalak dituzte eta beraien gustuko gauzak edozer gauzaren gainetik goraipatzen dituzte. Gehiengoak asteburuetan baino ez du horrelako arropa erabiltzen. Mutilek, ordea, askotan cosplayatik atera eta crossplay delakoarekin erlazionatzen dira, mozorrotzean, askotan neska itxura hartzen baitute, nahiz eta homosexualak ez izan.
Mozorroen gaiak zeintzuk dira?
Oso zabalak dira mozorroen gaiak. Nagusienak ondokoak dira:
- Mangaren jarraitzaileak direnak beraien pertsonaia gogokoenaren moduan janzten dira, gizakiak edo animaliak bihurtuz, ez dago mugarik.
- Roleko jokoak gustatzen zaizkienak ezpataz, kapaz, kaskoz eta burura etortzen zaien edozer gauzaz baliatzen dira nahi duten itxura hartzeko.
- Gothic lolitas moduan jantzi nahi dutenak ere badira. Beraien kasuan, XIX. mendeko zerbitzarien jantziak erabiltzen dituzte.
- J-poparen, hau da, Japanese poparen jarraitzaileak eskura duten guztia jartzen dute soinean, minimalismoaren kontrako jarrera hartuz: zenbat eta gehigarri gehiago, orduan eta hobeto. Horrela, buruan edozein motatako apaingarriak jartzen dituzte, eta arropetan eta poltsetan zintzilikario ugari.
- Lolitak. Neska hauek kolore arrosako jantziak jartzen dituzte. Gehienetan arrosa hutsa eramaten dute, baina gorriaz edo zuriaz konbinatzen dute batzuetan.
Jantzi hauetan guztietan soilik oinarritzen diren dendak aurki daitezke. Gai ezberdinetan antolatutako dendak dira, bertan edozer gauza aurkitu ahal delarik.
Jantziak zein motatakoak diren ideia bat egiteko, orrialde honetara jotzea gomendatzen dizut.
Informazio gehiagorako, ondoko orrialdera jo ezazue (ingelesez dago): Cosplaylab
Iruzkin berriak