About oihane.huesa

Author Archive | oihane.huesa

Burka airean

Burkaz estalitako emakumea (FlickrCC)

Azken egunetan, Sarkozyk burka Frantziako leku publikoetatik at ikusi nahi duela esan duenetik, berriro zabaldu da burkaren erabileraren alde eta kontrako ikuspegien eztabaida. Honek ni ere hausnarketara eraman nau. Lehendabizi, burkaren jatorriak irakurri ditut, estali hau daramaten emakumeen ikuspegia ulertzeko xedearekin.

Labur esanda, emakumeak goitik behera estaltzen dituen tela honen atzean dagoen historiak erlijioan du jatorria. Afganistango populazioaren %80 talibanen (mugimendu politiko islamikoa) menpe dagoenetik, emakumeen bizitza debekuz eta arriskuz betea dago. Burka da horien erakusle garbietako bat. Gizonak ez erakartzearren, emakumeen gorputzak erabat estalita egon behar du tela honen atzean; baita begiak ere (sare itxurako tela batekin, ikustea ahalbidetzen diena), begiradari ere gorputzeko beste edozein zati erakusteari bezain besteko garrantzia ematen baitiote. Honekin, emakumeak gizonaren agindupean daudela ondoriozta dezakegu; lehen aipatutako debekuen artean, gizonek ez bezala, emakumeek ez baitute ez hezkuntza, ez lanerako eta ezta osasun zerbitzuak jasotzeko aukerarik. Baina ikus dezagun zergatik askok eta askok ez dugun islamak ezarritako janzkera hau onartzen.

Erlijio hau oso zabaldua ez dagoen herrialdeetako kaleetan edo beste zenbait lekutan burkadun norbait ikusiz gero, aurpegi arraroz begiratuko dugulakoan nago. Hainbat kasutan, ez dutelako onartzen; eta beste batzuetan, ordea, nahiz eta onartu ohikotzat jotzen ez dutelako. Gure herrialdeetara etorri eta bertako kultura eta ohituretara ez moldatzeagatik dago gaizki ikusia burka, ez baitut uste inori ondokoak zer janzten duen axolako zaionik. Halere, ez da gauza bera aurpegia bistan eramatea, edo burka delakoarekin bere azpian ezkutatzen den pertsonaren ezer ez ikustea, emakumea den ere ez baitakigu, eta horrek mesfidantza apur bat ere ematen du.

Asko entzuten den beste esaldi bat integrazioarena da. Izan ere, nahiz eta haien herrialdean jantzi hauek eramatera derrigortuak izan (asko dira gogoz kontra jarri behar izaten dutenak), emakume ugari dago bertatik kanpo bizi eta burkaren itzaletik irteteko beldur dena. Halere, beldur honi aurre egiteko prest egon behar dute aukeraturiko jatorri berrian gizarteratuko badira. Izan ere, haien herrialdera joaten denak burka edo, gutxienez, hiyab (burua eta lepoa bakarrik ezkutatuz aurpegia estaltzen ez duen zapia) izeneko tela zatia jantzi beharra dauka; beraz, bertako ohiturak errespetatzea gustatzen zaien bezala, haiek bisitatzen duten herrialdekoei begirunea erakutsi beharko liekeela iruditzen zait.

Goitik behera estalia joatea gaizki ikusia egotearen beste kausetako bat emakumeen eskubideen kontra joatearen alde egiten duela da. Europar Batasuneko hainbat herrialdek burka eramatea emakumea gutxiestea dela diote, baina ez zait hori arrazoi nahikoa iruditzen honen erabilera debekatzeko. Gainera, kontraesanean erortzen dira UEko Oinarrizko Eskubideen 18.artiukuluan, erlijio batekoa izanik bere adierazpena ezin galerazi daitekeela argi adieraziz.

Amaitzeko, beraz, erlijio islamikoa ugaria ez den herrialdeetan burkaren erabilera debekatzea alde batetik ondo iruditzen zait, lehen esan bezala gizarteratzean arazoak ekartzen dizkiolako, batez ere, tela horren azpian dagoen emakumeari. Bestetik, erlijioaren adierazpena debekatzearen aurkakoa naiz, herrialdez aldatzeak ez baitu zertan zure pentsaeran inolako eraginik izan. Horregatik, burkaren antzekoak diren Chador eta Hiyab (honetan ere aldeko eta kontrako iritziak daude musulman praktikanteen artean) janztera bultzatuz, bi alderdien arteko adostasuna lor daitekeela uste dut: erlijioaren agerpena debekatu ez eta aurpegia bistan uzten duen zapiaz estali.

Informazio gehigarria:

Burka eramatearen edo ez eramatearen ondorioak:

Comments { 5 }

Elbarritasuna, gizartearen zati ala arazo?

minusbaliatuen logoa1. iz. eta izond. Gaixotasun edo ezbeharren baten ondorioz mugitzeko gauza ez dela geratu dena edo oso nekez mugi daitekeena. 2. iz. Elbarritasuna.

Hori da Harluxet Hiztegi Entziklopedikora jo, elbarri hitza begiratu, eta agertuko zaiguna.
Ziur nago egunero ikusten duzuela elbarriren bat edo beste. Hau arrunta balitz bezala hartzen dugu gehienok, baina inoiz pentsatu al duzue nolakoa den kalean edo bizitzan zehar aurki ditzakegun zailtasun txiki horiek gurpildun aulkiaz gainditzea? Askotan, ezinezkoa!

Egunari ekin eta kalera irten behar duten momentu beretik hasten dira arazoak gaitasun fisikoa duen eta gurpildun aulkiari lotua bizi behar duenarentzat. Guretzat hain erraza den ekintza, etxetik gertuen dugun okindegira jaitsi eta ogia erosi, amesgaizto bilaka daiteke beste batzuentzat. Izan ere, etxetik irtetearekin batera, gizarteak oztopoak saihesteko jokoren bat ezarri diela dirudi: espaloi estuak, hauek igo eta jaisteko aldaparik eza, gurpildun aulkia igarotzea ekiditen duten trabak (postontzia, trafiko seinale, semaforo eta beste hainbat eragozpen), eskailerak… Zerrenda amaiezina da. Baina ikus dezagun gizarteak duen eragina pertsona hauengan.

Badakigu eraikin askok oztopo ugari dituela gurpildun aulkiaz bertara iristeko. Consumer Eroski aldizkariak eginiko ikerketa baten arabera, hainbat zinema-areto, igerileku eta museo ez dago pertsona hauen beharrak asetzeko egokituta. Oztopo hauek eraikin publiko askotan aurki daitezkeela badakigu, eta publiko hitzak herritar guztiei dagokiena esan nahi duela ere bai. Beraz, eraikuntza asko egiteko garaian gizarteko talde handi bat kanpoan uzten dela esan nahi du honek. Eta aurretik esandako zailasun edo oztopo hoiek baino handiagoa dena azaleratzen da: marjinazio soziala. Azken hau da elbarriari gizarteak jartzen dion trabarik nagusiena. Izan ere, aipatu ditudan eraikin publiko horiek denbora librean joatekoak dira, baina zer gertatzen da unibertsitate eta eskolekin?

minusbaliatu bat oztopo baten aurreanOrain arte elbarri mota bati buruz hitz egin dut, baina badago bestelako elbarritasunak dituenik ere; adibidez, itsu, gor edo mutuak. Hauek ere, aurrekoak bezala, marginazio soziala jasaten dute. Unibertsitate eta eskoletan ikasteko zailtasun bereziak dituzte, gurpildun aulkian dagoenak pairatzen dituenak baino gehiago askotan. El Pais-en argitaratu zen artikuluak argi eta garbi azaltzen du edozein ezintasun mota duen pertsonak aurki ditzakeen zailtasunak karrera bat ikasteko garaian. Lan munduan sartzea ere kosta egiten zaie, baina alde horretatik badaude horretarako sortuak izan diren taldeak, Gureak eta Sifu besteak beste.

Amaitzeko, UEko Oinarrizko Eskubideen 26.artikuluak “elbarrien autonomia, integrazio sozial eta profesionala eta gizarteko eskuhartzea” onartzen dituela jakinik eta UEko populazioaren %15ek elbarritasun bat duela ikusirik, gizartearen aldetik ezer gutxi egiten dela esatera ausartuko nintzateke. Egia da azken urteotan aurrera pauso ugari eman direla arlo honetan, baina oraindik asko gelditzen da egiteko.
Bideo honetan ikusiko duzuen moduan, eraikinetarako sarrerak zoruaren mailan jarri eta kafetegietako mailak altura aldakorra izatea bezalako aldaketa txikiek elbarrien mundua asko erraz dezakete. Izan dezagun, bada, kontuan!

Comments { 2 }
-->