About orey

Author Archive | orey

Aste Santua, erlijioa errespetatu edo oporretarako baliatu?

Aste Santua Jesukristoren hilketa jesukristogogoratzeko tartea da. Oroitzapen horren barruan, garizuma dugu. Kristautasunaren aldi liturgikoa hau Aste Santuaren aurreko 40 egunetan ospatzen da, Pazkorako prestakizun gisa, eta otoitza, baraua eta limosna egitean datza. Berrogei egun horietan ezin da haragirik jan, esaterako. Egia da gure gertuko tokietan prozesio batzuk egiten direla egun hauetan. Egia da, halaber, fededunek ekimen hauetan parte hartu eta askok sentitu egiten dituztela egun hauek, baina badira beste asko erlijioa alde batera utzi eta opor garaitzat hartzen dituztenak. Beraz, nire galdera ondorengoa da: Aste Santua erlijio-ospakizuna, edo erlijioa aprobetxatuz oporretara joateko tartea da?

Zenbait tokitan asko errespetatzen da Aste Santua: Sevillan, Valladoliden… Hain urrutira joan gabe, Seguran prozesio garrantzitsuak egiten dira. Prozesio hauetan, Jesukristok bizi izandakoa gogoratzeko, herrikoek pauso izeneko figura erraldoi eta pisutsuak eramaten dituzte euren bizkarretan. Kofradiak izaten dira dira honen guztiaren arduradunak, eta komeni da jakitea pauso horietako bakoitza eramateko 60 bat pertsona behar izaten direla lehen aipatutako pisu itzelagatik.

auto-ilaraAurrekoa, baina, Aste Santuaren aurpegi bat baino ez da. Beste muturrean, kilometrotako auto-ilara izugarriak ditugu. Jende askok egun hauek oporretara joateko baliatzen ditu, Aste Santuaren benetako esanahia ahaztuz. Kotxea hartu eta kanpora joaten dira asko eta asko egun batzuk pasatzera, eguneroko lana, estresa eta zereginak alde batera utzi nahian. Espainia osoko errepideak kotxez betetzen dira eta istripu mordoa gertatzen da. Egun hauetan, zoritxarrez, heriotza tasa nahiko handia izaten da etengabe komunikabideek azaltzen diguten bezala. Bidaia egin ondoren, turistak prozesio garrantzitsu horietara joan joaten dira; baina ez benetan sentitzen dutelako, ikuskizun bat gehiago gisa hartzen dutelako baizik. Garizuma ere oso jende gutxik errespetatzen du eta horrela luze joko genuke gai honen inguruan.

Aurreko guztia kontuan izanda, hurrengo galderaren inguruan gogoeta egin dezazuen proposatu nahi dizuet: Aste Santua, oporra ala erlijio kontua da zuentzat?

Comments { 0 }

Kontsugabonak

kontsumismoaGabonak urte baten bukaeran eta hurrengoaren hasieran munduko herrialde askotan ospatzen diren egunak dira. Mundu osoan zehar hedaturiko ospakizun honen oinarrian erlijioa dago, Jesukristoren jaiotza hain zuzen ere.; izan ere, munduko herrialde askok erlijio katolikoari jarraitzen diote, baina bakoitzak bere kultura eta ohiturak errespetatuz.

Beraz, jatorriari erreparatuz gero, egun hauek familian, zoriontasunez eta bakean pasatzeko egunak dira: familiarteko bazkari eta afariak, Olentzero, hamabi mahatsak jatea urte amaieran… Gure pentsatzeko modua, dena den, aldatuz joan da,  eta jada ez ditugu Gabonak duela berrogeita hamar urte bezala ikusten. Gaur egun, ez dugu gure erlijioa lehen bezala jarraitzen; gehienak ez gara igandeetan mezetara joaten, esaterako. Gainera, gero eta jende gutxiagok ospatzen ditu ezkontzak edo bataioak erlijio aldetik. Orduan, pentsa dezakegu, nahiz eta hainbat ohitura oraindik mantendu, gaur egungo Gabonak ez direla duten izaera erlijiosoagatik ospatzen, ez baitugu izaera hori kontuan izaten ospakizun honen ohiturak jarraitzeko orduan.

Horrela izanda, neure buruari galdetzen diot: non gelditu dira Gabonak ospatzeko lehen geneuzkan ilusio eta ohiturak? Zertan gelditu dira gaur egungo Gabonak? Gauza argia da: gaur egun ospatzen dugunak ez du zerikusirik gurasoek edo aitona-amonek ospatzen zutenekin. Orain, hainbat ohitura mantentzen dugun arren, “Gabonak” hitza entzuten dugunean, berehala datorkigu burura “festa” hitza, eta ez dugu beste ezer buruan; izan ere, oraintxe bertan, egun hauek iristen ari direla eta, bakarrik ditugu gogoan eskolan edo lanean eman behar dizkiguten oporrak, edota lagunekin Urteberrian egin behar dugun parranda.

OlentzeroEsan dezakegu, belaunaldiz belaunaldi jasotako ohitura eta familiarteko gizarteari uko egiten ari gatzaizkiela, gizarte kontsumista bihurtzeko. Gero eta gutxiago axola zaizkigu familian egindako bazkari edo afariak, eta gehiago horren ondoren datozkigun lagunarteko parrandak edo jasoko ditugun opariak. Halaber, egun hauek diru gehien gastatzen dugun urteko egunak direla esan dezakegu. Ikusi besterik ez dago familia elkartzen gareneko bazkari edo afari horietan xahutzen dugun dirutza. Komertzioak, gainera, horretaz aprobetxatzen dira beraien prezioak igotzeko. Olentzeroren opariei dagokienez, gauza berbera gertatzen da: askotan, opariak erostean, diru pila gastatzen dugu txorakerietan, beste pertsonak nahi duena kontuan izan gabe. Hau da, gizarte kontsumista batean bizi gara, eta egun hauetan are kontsumistagoak bihurtzen garela esan beharra dago.

Zer egin dezakegu honen aurrean? Nire ustez, ezer gutxi egin daiteke. Azken finean, haurrak gineneko Gabonetako ilusio horiek guztiak berreskuratzea zaila dela kontutan izanik, agian, egin beharrekoa zera izango litzateke: familiarekin eta lagunekin egondako momentuak gehiago baloratu eta horretaz gozatu, hori baita egun hauetako gauzarik garrantzitsuena.

Comments { 0 }

Ba al daki norbaitek 1995eko abenduaren 15ean zer gertatu zen?

euro1995eko abenduaren 15ean, Europar Batasunak euro izeneko txanpona sortu zuen, eta, hemendik egun batzuetara urteurrena ospatuko denez, horri buruz idaztea otu zait. Txanpon hau Europar Batasunean dauden hainbat herrialderen txanpon bakar eta ofizial bezala ezarri zen, toki horietan lehen zeuden txanponak desagerraraziz. Gure kasuan, pezetaren ordez hasi ginen Euroa erabiltzen.

Europar Batasunak bere barneko herrialdeen arteko batasun ekonomikoa erdietsi nahian sortu zuen moneta berria. Hasieran, Ecu izena eman behar zioten; halere, azkenean, Euro deitu zioten. Euroa ehun zentimotan zatitzen da; honen etorrera arte, ordea, ehun pezetako txanpona hirurogei zentimok osatzen zuten. Euroaren sinboloa alfabeto grekoko epsilon hizkian oinarrituta dago, eta Europa hitzaren lehenengo hizkiari egiten dio erreferentzia.

Euroa osatzen duten txanpon eta billeteei dagokienez, zera esan dezakegu: billeteak 5, 10, 20, 50, 100, 200 eta 500ekoak dira. Hauek berdinak dira Eurogunea osatzen duten herri guztietan. 1, 2, 5, 10, 20 eta 50 zentimo, zein 1 eta 2 euroko txanponak, ordea, aurrealde berdina baina atzealde ezberdina dute.

15 kide dira Eurogunea osatzen dutenak (ikus mapa): Alemania, Austria, Belgika, Zipre, Eslovenia, Espainia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Malta, Herbehereak eta Portugal. Honela, estatu hauetan euroa txanpon ofizial eta bakar bezala erabiltzen da eta Europako Banku Zentrala da 15 herrialde hauen politika monetarioaren arduraduna . Dena den, Eurogunean sartuta ez egonagatik ere, badaude beste estatu batzuk euroa erabiltzen dutenak, besteak beste, Andorra eta Monako.

txanponakEuroa duten estatuek Europar Batasunean parte hartzen dute, eta data ezberdinetan joan dira moldatzen moneta berri hau beraien egoera ekonomikora. Estatuan, 2002ko urtarrilaren 1ean hasi zen erabiltzen, hasieran pezetarekin batera. Geroago, azken hau desagertu egin zen. Gaur egun, euroa da denok erabil dezakegun txanpon bakarra gure erosketa eta ordainketak egiteko.

Zazpi urte beteko dira laster euroa erabiltzen hasi ginenetik. Egia esan, hasieran dezente kostatu zitzaigun txanpon honetara ohitzea, eta oraindik ere badago, erosketak egiterako orduan, pezetatan pentsatzen duen jendea. Hori gutxi balitz, prezioak pezetatan pentsatzen ditugunean, dena garestiagoa dela iruditzen zaigu. Nire ustez, pertsona helduak izan dira eurora ohitu ez direnak edo ohitzea gehiago kostatzen ari zaienak; izan ere, urte mordoa egon ziren pezeta erabiltzen eta, logikoa denez, egun batetik bestera aldaketa egitea oso zaila da. Gazteok, ordea, hobeto moldatu gara gure eguneroko bizitzan aldaketara, eta, pezeta ahaztua izateaz gain, euro-pezeta aldaketaren beharrik ez dugu.

Comments { 2 }
-->