Idazle gazte hau Parisen jaio zen 1977an. Gaztetatik ibili da euskal kulturaren inguruan murgilduta. Gaur egun, Pau hiriko unibertsitateko euskal filologiako irakasle izatera heldu da eta dagoeneko proiektu asko eta bi nobela utzi ditu finkaturik iraganean.
Liburu hau irakurtzeko grina, bere nobeletako bat irakurri ondoren berarengan sortu zitzaidan miresmenetik datorkit. Liburua argitaratu zenean, bilatzen jardun nuen eta, azkenean, irakasle baten eskutik iritsi zen nire eskuetara.
Euskal literaturaren erabiltzaile eta bultzatzaile den idazle honen bi liburu irakurri ditut jada eta inoiz irakurri ditudan liburu interesgarrienak iruditu zaizkidala esan beharra daukat. Egia esan, bere lehen nobela den Gauak eta Hiriak irakurtzeko denbora gehiago izan nuen eta, ondorioz, bigarren nobela hau astunxeagoa egin zait. Kontuan hartu beharra dago, lehenengo idatzi zuen istorioan, gazteago zenean idatzi zuela eta lagun arteko sentimendu, erlazio, arazo eta abarrez aritzen zenez, erakargarriagoa iruditu zitzaidala. Azken honetan berriz, sakontasun landuagoa azaltzen du gaietan eta gaiak ez daude irakurle eremu zabal bati zuzenduak. Horixe da, hain zuzen, literatura munduan murgiltzen direnei edo aldi berean, literaturaz interesa gordetzen dutenei istoriorantz erakarriko dien ezaugarria.
Liburuaren nondik norakoak:
Julene Oihanburu da liburuaren pertsonaia protagonista eta bere inguruan murgiltzen da istorio osoa; zehatzagoak izateko, bere bizitzaren atal garrantzitsu baten inguruan. Euskal filologia ikasketak burutu berri dituen idazle gazte hau bere bigarren idazlanaren bila abiatzen da. Lehenengoa Nire mutil lagun martzianoa izan zen eta arrakasta handia lortzen ari den liburu hau kalean bueltaka dabilen bitartean, beste obra bat idaztea otutzen zaio. Bere lana hilda dagoen Gaston Berrizar idazle mitikoaren biografia bat da. Lan hau burutzeko, Gure Gauzak S.A izeneko liburu argitaletxeak beka bat eskaintzen dio. Hasieran, diru erdia ematen diote eta obra amaitzerakoan beste erdia. Hala eta guztiz, bekaren inguruan ezagutu dituen pertsonaia guztien artean arazoak sortuko zaizkio eta literatur argitaletxe hauen atzean ezkutatzen diren gertaera eta kontu ilunez ohartuko da. Nik, egia esan, argitaletxeen inguruan dudan ezjakintasunaren erruagatik ziurrenik ez dut errealitateko inolako kasurekin erlazionatzen baina, adituek diotenez, idazlearen fikzio eta errealitatearen harreman sakona nabarmena da gai hauetan. Errealitatearen zati txiki bat ezagutzeko gai izango banintz bederen… Liburu osoa euskal kulturgintzaren inguruan mugitzen den alde ilun honen lekuko da. Bestalde, Ilun Zaldunbide idazlearekin ere baditu bere tira-birak, adiskidetasun eta maitasunaren artean lekuren bat aurkitzen saiatzen den gizona da hau. Gainera, protagonistari azpikeriak azaleratzen laguntzen dion laguna da.
Ur Apalategiren hitzetan:
Saizarbitoriak zioen, Hasier Etxeberriak egindako elkarrizketan, idazleak egia azaldu behar duela, baita atzetik norbait etorri badaiteke ere geuk esandako egia geure kontrako gezur bihurtuz, horixe dela idazleon konpromisoa. Nahiko hurbil sentitzen naiz konpromisoaren definizio horretatik, eta uste horretan oinarritu da nire idazle jarduna Gure Gauzak SA idazterakoan. Jakin arren maila geopolitikoan euskalgintzaren tresna baliotsu bati eraso egiten niola eleberri hau idatziz eta beraz euskal kulturaren aurka daudenei armak ematea suposatzen zuela ekintza honek, bada sinesten dut hori zela nire idazle eginbeharra. Ez behar bada politikari abertzalearena, bai ordea idazlearena.
Nire iritziz, oso liburu entretenigarria da. Gainera, ziurrenik inoiz ukitu ez dituzun gai berriak ezagutzeko aukera ere emango dizu thrillerak. Niri gertatutakoagatik diotsut hau, batik bat. Eta ez hori bakarrik, euskal literaturaren beste aurpegi bat ezagutzeko parada ere ematen du.
Amaitzeko, liburua irakurtzea gomendatzen dizuet. Ziur nago Urren liburuek duten ukitu berezi eta atsegin horretaz gozatuko duzuela!
Iruzkin berriak