Albino hitzak latinezko albus hitzan du jatorria eta zuria du esanahi. “Beltz-zuri” gisa ezagun badira ere, afrikar albinoek gurago dute albinismoa dutela onartu. Euren “bekatu” bakarra azalean aurkitzen da: melanina eza. Azalean, begietan eta ilean; ez, ordea, bihotzean. Gene errezesibo biren kontua baino ez da, begi berdeak edo ile leuna edukitzearekin gertatzen den gauza bera. Edonola ere, aurreiritziak desberdina den edonor zapaltzeko erabili ohi dira, eta albinoak ez daude zigor horrengandik salbu.
Gezurra badirudi ere, eguzkiak sorturiko arazoak nahikoa ez, eta jazarpen zikoitz baten biktima ere badira. Esetsi hori pairatzen duten 270.000 albino daude 39 milioi biztanle dituen Tanzanian. Iaz, esaterako, martxoaren amaieratik apirilaren erdialdera, 15 pertsona (umeak barne) erail eta mutilatu zituzten lurralde horretan. Joan den urtean ere, Burundin, azaroan ero zuten irailaz geroztiko seigarren hildakoa: gurasoak lotu ostean, buruan tiroa emanez akabatu zuten 6 urte zituen neskatxa. Aipaturiko bi afrikar herrialde horietaz gain, beste hainbat aipa genitzake; izan ere, 3.000 pertsonatik batek albinismoa du kontinenteko leku anitzetan. Datu horrek ez du inondik inora adierazten gure planetako gainontzeko txokoetan gaixotasunaren eramale den beste inor ez dagoenik, baina. Estatu Batuetan, kasu, 17.000 biztanletik bat albinoa da.
Aurretik aipatu moduan, eguzkia eta aurreiritziak edo zurrumurruak dira albinoen etsai gaindigaitzak. Lehenak gaixotasun kronikoak sorrarazten dizkie. Albinismoa dutenen seirenak azaleko minbizia nozitzen du eta, arazo hori dela medio, gehienek ez dituzte 30 urte betetzen. Hori gutxi balitz, babes gabeziak begi-arazo larriak eragiten dizkie. Gainera, Afrikako zenbait lurraldetan eguzkitarako kremak luxuzko gaitzat hartzen dira edo ez daude salmentan ere.
Beste alde batetik, zurrumurruek albinoen hilketak bultzatzen dituzte. Tanzania da horren adibide esanguratsu bat. Bertan, hiltzaileek hildakoen gorpu zatiak (behatzak, sexu-organoak, mihiak eta ilea) saltzen dizkiete meatzari txikiei. Esames batzuen arabera, urrea aurkitu eta meatzeetan ez hiltzeko balio ei dute eta. Halaber, komunitateko buruek behi bat edo bi, edo 100 dolar ematen dizkie hiltzaileei “egindako lan onagatik”. Poliziaren esanetan, nekazaritzako zonaldeetan sinesten dira superstizioak errazen, eta mediku sorginak izan ohi dira zurrumurruen erantzule. Azken horiek albinoen azala, hezurrak eta ilea saltzen dituzte zorte ona izateko edabeak prestatzeko bikainak direla esanez. Esamesak etorri eta joan egiten dira. Horregatik, Tanzanian gutxitzen ari den azal merkataritza zitalak mugak igaro eta Zambia, Malawi edo Kongoko lurraldeetan bota du hazia dagoeneko.
Istorio ugari daude albinoen pertsekuzioen inguruan, norberak istorio propioa baitu. Hala ere, askok eta askok badituzte ezaugarri komunak. Horietako bat aitaren jarrera da. Haur albinoen aitek ez dituzte hauek euren seme-alaba gisa onartzen gehienetan. Sarritan gertatzen da umetan gainontzekoen irainak jasan behar izatea. Gertaera biak jazo zitzaizkion egun pop abeslari ezaguna den Maliko Salif Keita “Afrikako urrezko ahotsari”.
Ezin esan daiteke egoera kezkagarria ez denik; alderantziz, zurrumurruak sakabanatzen diren heinean, hilketa gehiago suertatzeko arriskua hazten doa. Horren aurka, bai polizia eta baita erakunde ugari ere, albinoen segurtasuna bermatzen ahalegintzen ari dira. Polizia albinoen zerrenda bat osatzen saiatzen ari da, bizkartzain modukoak izan ditzaten behar izanez gero. Erakundeak, euren aldetik, bizitza arriskuan duten horientzat ezinbesteko bilakatuz doaz bien bitartean.
Â
No comments yet.