Archive | denetarik

RSS feed for this section

Simstarren unibertso liluragarria

Sims 2Egun hauetan denok pentsatu dugu Olentzerori zer eskatu. Egia esan, buruan opari ugari izan ditugu. Batzuek arropa eskatuko zenuten, edo, agian, beharrezko objekturen bat, kontsolak…mila gauza. Oraintsu, ordea, Erregeei zer eskatuko diegun pentsatzen ari gara. Nik, egia esan, oraindik ez daukat garbi, baina interneten arakatzen ibili ondoren, joko batzuen berri izan dut. Hona hemen ikusi dudana.

SIMS 2, ordenagailuarentzako joko interesgarria dugu. Joko honetan familia ugari sortu eta beraien bizimodua kontrolatu ahal izango duzu. Hiriak, etxeak, eta abar eraiki beharko dituzu horretarako. Horretaz gain, sortutako familia zure gustura moldatu eta kontrolatu ahal izango duzu. Kontrolatu bakarrik, ez, noski, zaindu ere egin beharko dituzu; bestela, ez dira gustura sentituko eta deserosotasun horrek beraien bizimoduan eragina izango du.

Sims berritua ustekabe ugarirekin dator. Sims deituriko pertsonaia hauek hazi egingo dira eta hainbat fase igaroko dituzte. Haurrak, infante, nerabe, heldu  eta, azkenik, edadetu izango dira. Aldi hauek igarotzen dituzten bitartean, Sims bakoitzak hainbat eginkizun izango ditu. Horretaz gain, pertsonaiei zorigaitz edo gauza on asko gertatu ahal izango zaizkie, adibidez, pertsonaiak hil egingo dira edo umeak edukitzeko premia izango dute. Ikusten duzuen bezala, joko honek errealitatearekin antza izugarria dauka.

Aurreko hariari jarraiki, hainbat hiri sor dezakezu eta zure familiarentzako egokia den zonalde batean etxea eraiki. Era askotako etxeak egin daitezke: lorategi batez inguraturik, nahi dituzun metro karratuekin (txikiak, handiak..), hainbat solairu dituztenak… hau guztia zure familia eroso senti dadin. Zure etxea eraiki eta hornitzeko, gainera, material ugari izango duzu. Beraz, ez da ezer falta.

Hala ere, benetako munduarekin alderatuz, hainbat ezberdintasun topa dezakegu. Esaterako, hauek simlish hizkuntza hitz egiten dute. Simlisha italiera, txekiera eta japonieran oinarrituta dago. Horrez gain, simstarrek gauzak erosteko berezko txanpona dute. Txanponak simoleon izena du. Dirua lortzeko, modu ugari dago. Normalean, lan eginez lortzen da, baina kuadroak salduz edo negozio baten bidez ere lor daiteke.

Jokatu ahal izateko, oinarrizko joko bat izan beharko duzu; hau da, Sims 2 jokoa. Oinarrizko honetaz gain, Maxinsek hedapen interesgarri ugari jarri berri ditu salgai. Hona hemen horietako batzuk:

SIMS 2 UNIBERTSITARIOAK: Sortutako nerabe guztiak unibertsitatera joateko aukera izango dute. Gure pertsonaiak institututik campusera joango dira eta han beraien bizitzako beste etapa bat bizi ahal izango dute. Unibertsitateko egonaldiak pertsonaiari mesede handia egingo dio. Guk sortutako Simsek hainbat karreraren artean aukeratu ahal izango dute. Esperientzia honetan azterketa eta ikasketez gain, festak, lagunak eta hainbat gauza gehiago biziko dituzte.

SIMS 2 GAUTXORIAK: Joko honetan gure pertsonaiak kalera atera ahal izango dira eta hainbat gune bisitatu ahal izango dute. Diskoteka, taberna, club eta horrelakoetara joateko aukera izango dute; baita dibertitzeko hainbat ekitaldi prestatzeko parada ere. Familia bakoitzak, gainera, ibilgailu bat izateko aukera izango du. Honekin, gune guztiak ondo ezagutu ahal izango dituzte eta ez dute alde batetik bestera ibiltzeko taxiaren beharrik izango.

IgerilekuanSIMS 2 NEGOZIOAK IREKITZEN: Joko honek zuk sortutako familiaren etxean saltoki bat egiteko aukera emango dizu edo, nahiago baduzu, zure hiriko gune komertzialean. Bertan, hainbat objektu saldu ahal izango dira eta honela familiak dirua lortuko du.

SIMS 2 MASCOTAK: Gure familiak maskota bat izateko aukera izango du. Txakurrak, katuak eta hainbat animaliaren artean hautatu ahal izango dute. Animalia hauek zaindu egin beharko dituzte ez badute ihes egitea nahi.

SIMS 2 ETA LAU URTAROAK: Eguraldi aldaketak eta lau urtaroak bereiztu ahal izango dira eta gure Simsak klima ezberdinetara egokitu beharko dira. Horretarako, arropa ugariren artean hautatu beharko dute, tenperatura bakoitzarekin arropa bat edo beste jantziz.

SIMS 2 BON VOYAGE: Joko honekin gure pertsonaiek bidaia bat egiteko aukera izango dute.

SIMS 2 ETA HOBBIAK: Atera berri duten joko honetan, Simstarrek beraien hobbiak egiteko aukera izango dute. Beraz, gure pertsonaiei dibertitzeko aukera berriak emango zaizkie.

SIMS 2 NAUFRAGOAK: Hona hemen Maxinsek atera berri duen azkena. Joko honetan, sims naufrago bat izateko aukera izango dugu eta bere biziraupena kontrolatu beharko dugu.

Amaitzeko, aukera izanez gero, simstarren unibertsoan murgiltzera animatu nahi zaituztet. Ikusiko duzue aspertzeko zein denbora gutxi izango duzuen!

Comments { 0 }

AITOR MENDILUZE TXAPELDUN (arratsalde ahaztezin baten kronika)

Mendiluze txapela 2.bmpAbenduaren 14an euskaljakintzako ikasle bakoitzari posta elektronikoz mezu bat iritsi zitzaigun. Bertan, ikastolara Gipuzkoako Bertsolari Elkartetik igandean jokatuko zen finalerako bi sarrera iritsi zirela zioen. Interesatuta zeuden ikasleen artean zozketa egingo zen, eta zortedunarentzat izango ziren bi sarrerak. Behingoan bada ere, ni izan nintzen zorteduna eta niri egokitu zitzaizkidan bi sarrerak. Gauzak horrela, igande arratsaldean Donostiako Illunbe zezen-plazan azaldu nintzen arrasti on bat pasatzeko asmoz. Ez zen arrats on bat izan, arrats zoragarria baizik!

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Jon Martin, Jon Maia, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre eta Iker Zubeldia ziren, zortzi maisu.

Lehenengo agurra Irazuk bota zuen. Bertan, txapelaren bila zetorrela esan zuen. Bigarren agurra Mendiluzerena izan zen, honek bertsotan eginez gozatzera zetorrela zioen. Ondoren, Jon Martinen txanda iritsi zen, eta bere bertsoak gauza asko izan nahi zuela zioen. Jon Maiaren agurra izan zen laugarrena, bere burua aurkeztu eta kondena hitzaren inguruan aritu zen. Gero, Sarriegiren agurraren txanda iritsi zen, eta ondo aritzera zetozela esan zuen. Gaztelumendi zen hurrengoa, honek bera gainditu nahi zuenak sufri zezala oihukatu zuen (hau izan zen gehien gustatu zitzaidan agurrerako bertsoa). Gaztelumendiren ondoren, Unairen txanda zen. Honek etorriaren damurik ez zuela aitortu zuen. Azkenik, Ikerrek zezena erre eta jatera zetorrela esan zuen.

Agurraren ondoren, bertso puntuagarriak hasi ziren: binaka, gaia emanda, 8ko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, 8ko txikian hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, 8ko txikian bina bertso; binaka, gaia emanda, 10eko txikian hiruna bertso; eta azkenik, kartzelako lana, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian hiruna bertso.

8ko handian puntu gehien Jon Maiak jaso zituen (120). Bere bikotekidea Jon Martin izan zen eta honek ere puntu mordoxka polita izan zuen (117). Bikotearen gaiak zera zioen: Afari erromantikoa egin dute elkarrekin; orain bakoitza bere etxera doa bere bikotekidearengana. Jon Maiak etxera joan eta emaztearen berotasuna izango zuela zioen bitartean, Jon Martinek etxean maitasunik ez zuela zioen. Bertsoa bukatzeko, Jon Maiari maitasun hitzak bota zizkion: ezingo zuela gehiago maitatu bere senarra balitz.

8ko txikian Beñat Gaztelumendik jaso zituen punturik gehienak (125,5). Berarekin Unai Agirre aritu zen eta honek 115,5 puntu lortu zituen. Gaia hau izan zen: farmazialaria da Beñat; guardian dagoela, goizeko 5etan, Unai etorri zaio kondoi eske. Oso saio polita izan zen eta umorea nagusitu zen.

Puntuari erantzuten Aitor Mendiluze nagusitu zen 87 punturekin.

bertsoak

10eko txikian ere Aitor Mendiluzek lortu zuen puntuaziorik altuena (129,5). Jon Maia, bere bikotekidearen puntuazioa 121ekoa izan zen. Egokitu zitzaien gaia: Aitorren alaba hil zenean haren organo guztiak eman zenituzten, eta haren bihotzari esker bizi da Jon. Gaur ezagutu dute elkar.

Primerako saioa egin zuten. Ikusle guztiak begietan malkoa ezin eutsirik ibili ginen. Oso sentibera izan zen eta txalo zaparrada jaso zuten.

illumbe.bmpAipatzekoa da, 10eko txikiko gai oro heriotzaren ingurukoak izan zirela. Oso sentiberak guztiak eta oso bertso onak entzun ziren. Hala ere, honek eztabaida ugari sortu zuen ikuslegoaren artean. Batzuek ondo pasatzera gindoazela eta gai alaiagoak behar zirela zioten, eta beste batzuek, gaiak aproposak zirela. Nik hasiera batean lehenengoen iritzia babestuko nukeen, baina horrelako bertsoak entzun eta gero, eta malkoa ateratzeko zorian eduki nuela kontuan hartuz gero, gaiak erabat gustatu zitzaizkidala esan beharrean nago.

Azkenik, kartzelako lana iritsi zen. Final handiko gaia hauxe izan zuten zortzi finalistek: erantzun baten zain asteak eman dituzu eta, gaur, espero ez zenuen erantzuna jaso duzu.

Lan honetan puntuazio altuena Jon Martinek lortu zuen 141,5 punturekin, bigarrenari 17,5 puntutako aldea ateraz. Egia esan, Martinen bertsoak entzundakoan aho bete hortz geratu ginen guztiok. ABBA formatuan kantatu zuen. Bere bertsoek neska baten ezetza jaso zuela zioten. Entzun beharreko lana egin zuen, benetan berezia.

Horrela, buruz burukora zein sartuko zain geunden guztiok. Azkenean, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Mendiluze izango ziren buruz buru aritu behar zirenak. Ikuslegoaren txalo zaparradak Illunbe dardarka jarri zuen, ni tartean. Biak izan ziren nik txapeldun ikusten nituenak.

Orain arte, gutxi aipatu baditut ere, Jexux Mari Irazu, Aitor Sarriegi, Unai Agirre eta Iker Zubeldia ere ederki aritu ziren. Lehia zortzi txapeldunen artekoa izan zen, baina sarien artean bakarra ei zegoen. Hala nola, puntuaketan Iker Zubeldia azken gelditu bazen ere, bera izan zen bertsolari txalotuena.

aitor eta beñat.bmpBuruz burukoan lan hauek egin behar izan zituzten Beñatek eta Aitorrek: binaka, gaia emanda, puntutan, zortziko txikian zortzi bertso; ondoren, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso; eta azkenik kartzelako lanean, bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian hiruna bertso.

Puntutan gaia hau izan zuten: bi espermatozoide dira, hil eta biziko lasterketan doaz. Biak ondo aritu ziren, baina Aitorrek lan txukunagoa egin zuen. Beñatek 113 puntu lortu zituen, eta Aitorrek 122. Saio honetan umorea ez zen falta izan, lehia beharrean bi bertsolarien artean elkarlana nagusitu zen.

Sei puntuko motzean hauxe izan zuten gaia: Gabon gaua da eta oraintxe amaitu dute afaltzen, bat-batean, aitak honelaxe esan die: “Noiz hasi behar dugu afaltzen?”. Ondo aritu ziren biak, familiaren elkartasunaren alde eginez. Oraingo honetan, Beñatek Aitorrek baino 3,5 puntu gehiago lortu zituen, 126,5.

Sei puntuko motzaren ostean, arratsaldeko eta 2007ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken bertsoak entzun ziren kartzelako lanean. Gaiak hau zioen: hilabeteetan gelan egondako sehaska bildu eta gordetzeko unea da.

Beñatek kantatu zuen lehenengo, eta sendagileak emazteak eta berak haurrik izango ez dutela aitortu dienez, sehaska bota dutela kantatu zuen. Ondoren, Aitorren txanda iritsi zen, eta honek semea hazteagatik erretiratu duela sehaska kantatu zuen. Azken lan honetan Beñatek 117,5 puntu lortu zituen eta Aitorrek 122,5.

guztiak eta mendiluze txapeldun.bmpBi bertsolarien jardunean ikusle guztiok benetan gozatu genuen. Biek erakutsi zuten finalean egotea merezi zutela eta ikusleok txaloz eskertu genien. Beraz, horrela bukatu ziren bertso puntuagarriak. Puntu guztiak batuz, txapelduna… Aitor Mendiluze!!! Txapela, merezitako ondorioa dudarik gabe.

Arratsaldea borobiltzeko azken agurrak bota zituzten zortzi finalistek. Guztiak bihotz bihotzetik eta emozioz beteak Illunbe txaloka leherraraziz.

Amai dezagun esanez, irailaren 22an sailkapen faseko lehen ekitaldietatik abiatu eta abenduaren 16an Illunben Aitor Mendiluzeri txapela jarri arte, bertsolari handi asko txalotu ditugula eta finalean egon zitezkeen asko bidean gelditu direla. Parte hartu duzuen guztiei mila esker, euskaldunon altxorra den euskara eta bere bitartez bertsolaritza goi mailako plazara eraman baituzue.

Hemen dauzkazue finaleko puntuazioak:

Puntuazioa.bmp

Oso ona ez bada ere, buruz buru aritu behar ziren bi sailkatuak zein ziren jakiteko garaian Illunben zegoen giroaz jabetu zaitezten, hemen uzten dizuet bideo bat.

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/Yam0TqToqyw" width="425" height="350" wmode="transparent" /] 

Comments { 2 }

Galdutako urtea edo bizitzako onena?

Aurtengo oporrak nire bizitzan eduki ditudan berezienak izan dira niretzat. Zuetako batzuek dakizuen bezala, 3 hilabete Australian igaro ditut ingelesa ikasten. Bertan, familia batean egon naiz eta, horretaz gain, klaseetara ere joan naiz. Hiru hilabete igaro eta beraien bizimodura moldatu eta gero, konturatu naiz oso ohitura ezberdinak ditugula: janaria, festak, parrandak… Dena den, gehien harritu nauen azturetako bat ikasketena izan da. Eskolan sei gai besterik ez dituzte eta, gainera, hauek guztiak hautazkoak dira. Han ikasten dituzten gaiek ez daukate zerikusirik hemengoekin, hauetako asko eta asko Arte Ederretako Batxilergoan topa ditzakegun irakasgaiak baitira; esate baterako, antzerkia, eskulanak, sukaldaritza, diseinua…

Euskaljakintzako Leire eta Sara Australian

Baina, tira, ez dut adarretatik joan nahi. Gauza da, atentzioa eman zidan zerbait, eskolan gauza gehiegi ez egiteaz gain, jendeak normalean urte sabatiko bat hartzen duela unibertsitatea hasi aurretik. Hemen, ordea, eskola bukatu eta denbora galdu gabe unibertsitatera joan edo modulu bat egiten hasten gara. Baina ohitura hau ez da Australian bakarrik ematen, ez. Espainiatik kanpo beste leku askotan ere berdin egiten dute. Urte hori kanpoan, lan egin eta dirua ateratzeko erabiltzen dute. Egia esan, hemen hori ez dago batere ondo ikusita. Agian, urte bat kanpora joatea denbora galtzea dela iruditzen zaigu. Gainera, batzuen ustez, ikasketak urtebetez eteteak betiko uzteko arriskua dakar. Baina, nire uste apalean, ez du zertan horrela izan. Hori pertsonaren baitan dago.

Nire ustez, kanpoan urtebete igarotzea aukera ezin hobea da leku berriak ezagutu eta, batez ere, esperientzia berriak bizi izateko. Urte bat etxetik kanpo pasatzeak asko lagundu dezake heldutasun maila batera iritsi eta norberak bere kontuei bakarrik aurre egiten. Etxean gauden bitartean sortzen zaizkigun arazoei aurre egiteko beste pertsonen laguntza izan ohi dugu, baina kanpoan gaudenean ez dugu horrelako babesik. Geuk bakar-bakarrik aurrera egiten ikasi behar dugu, bizitzan nola jokatu ez baita liburuetan ikasten. Are gehiago, esperientzia ezin hobea behar du izan; bertan ezagututako jendea, lekuak eta bizitako esperientziak oso bereziak izan baitaitezke.

Hala eta guztiz ere, zenbaitzuek ez dituzte aintzat hartzen kanpora ateratzeak ekar ditzakeen abantailak. Nahiz eta aukera izan, jendea ez da ausartzen horrelako irteerak egitera. Gero eta pertsona gehiagok etxetik gertu dauden herri edo hirietan egiten ditu unibertsitateko ikasketak, kanpora ez joateagatik. Horrela, etxean dena eskura dutenez, ez dute egoera berri bati aurre egin beharrik; ezta beharrezko dutena beraien kabuz lortu beharrik ere.

Bukatzeko, jendea kanpora joatera animatu nahi nuke, esperientzia ahaztezinak bizi izaten baitira! Lehenengoz atera ondoren, niri gertatu zaidan legez eta irudietan ikus daitekeen moduan, hor barnean zerbait gelditzen zaizu berriro mundutik bidaiatzera tentatzen edo bultzatzen zaituena. Nik, behintzat, argi daukat: ahal dudan guztietan kanpora joango naiz ingelesa ikasi, ikasketak egin edo lanean hastera. Zuek zer iritzi duzue honen inguruan?

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/Vd0emg7WajE" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 4 }
-->