Archive | denetarik

RSS feed for this section

Denontzat izan dadila!

trafikoaZalditik gurdira, txirrindutik motorrera eta azken honetatik autora egin dugu salto. Autoa gure egunerokotasuneko ezinbesteko protagonista bilakatu da, lehen aberatsenek baino ez bazuten ere halako tramankulua herriko bideetako eskaparatean erakusteko aukera. XXI. mendea dugun honetan, guai eta arraroen arteko galbahe bihurtu da ibilgailuaren jabetza.

Berrian aurkitu dudan artikulu baten esanetan, oraindik ere EAEko joan-etorri gehienak oinez egiten diren arren, joera hau %4 jaitsi da; autoz egiten direnak, aldiz, areagotu. 2003an, 2,75 lekualdatze egiten bazituen pertsona bakoitzak egunean, orain 2,98 egiten ditu batez beste, guztien artean 6 milioi joan-etorri egiten direla. Gehiegikeria honek errepideetako istripuak heriotzarako bigarren arrazoi izatea ekarri du. Ez hori bakarrik, gaur egun jasaten ari garen kutsaduraren errua ere, neurri handi batean, automobilaren erabilera masiboari lepora geniezaioke.

Hori horrela, begi bistakoa da irtenbideren baten beharrean gaudela, eta hori garraio publikoa da. Herri txikietan bizi diren gaztetxo eta ez hain gaztetxoek eskolara nahiz lagunartera gurasoen dependentziarik gabe joan ahal izateko, adinean aurrera doazen baserritar pentsionistak asteko erosketak egitera kalera jaisteko, halabeharrez suertatu zaien egoera ekonomikoa dela eta gustura hartuko luketen -baina urrutiegi geratzen zaien lan eskaintzari uko egin behar izan dioten- etorkinentzako eta ,besterik gabe, goizeko seietan jaiki eta fabrikara joan beharra duen bizilagunarentzako pagotxa litzateke.

Jakina baditugula lineako autobusak, trena eta baita taxia ere. Halere, aurrez esan bezala, autoa erabiltzeak gora egin badu, denon eskura ditugun garraiobide horiek denon premiak asetzen ez dituelako izango da. Lurraldebusek, esate baterako, Gipuzkoa osoan sare zabal bat du eta bertako bezeroentzat moduko beherapenak eskaintzen dituen txartelak banatzen ditu. Aitzitik, esperientzia lekuko dudalarik, ordutegiari dagokionez atzerapenak izateaz gain, herri txikietatik pare bat aldiz baino ez dira pasatzen autobusak. Honela bada, errentagarria al da fabrikara orduan heldu behar duen langilearentzat?, komenigarria al da orduan eskolara sartu behar duen nerabearentzat?, autobusamotibagarria al da herri txiki batean bizitzea tokatu zaion eta etxera itzultzeko aukera bakar horren menpe egon behar duen gaztearentzat? Ez, ez eta ez.

Renfek ere ardatz garrantzitsu bat du Gipuzkoan eta, ohikoa ez den arazorik ez bada behintzat, ordutegia fin errespetatzen du. Alabaina, esperientzia lekuko dudala, onartezinak dira denontzako egindako garraiobide batek denontzako posible ez diren prezioak ezartzea. Demagun autobusa galdu eta trena hartzea besterik ez zaizula geratzen ondoko herrira joateko: 1,25 euro ordainduko duzu, ondoren geltokitik helmugara oinez joateko. Jo dezagun lagunekin larunbat arratsaldea pasatzera Donostiara joatea erabaki duzun 13 urteko nerabe bat zarela. Bost euro pasatxo ordainduko duzu, ondoren zinera joan eta beste hainbeste gastatzeko bi astetan aurreztu behar izan duzun pagarekin.

Ezinbestean, hau da gure errealitatea: normala deritzogu lauko familia batean hiru auto izateari. Are gehiago, hemezortziak bete bezain pronto, gidabaimena ateratzeko aukera egiten du gehiengoak. Gauzak horrela, garraio publikoa erabiltzea gure bizimoduko ohitura bat gehiago izan beharrean, bakar batzuen borondate izatera heldu gara.

Argi dago gizartearen pasotismo hutsa dela, eta gerora datozenentzat aldaketak egin beharko liratekeela. Dena den, gure pribilegioei uko ez egiteagatik mundua suntsitzen ari garela iragarri duten estatuburuko profetek ere ez dute autobuseko eserlekua halabeharrez partekatzen, eta are gutxiago euren patrikak majo beteko dituzten prezio puztuak jaisten. Bakoitzak bere astoari egiten dio arre!

Comments { 0 }

Irudi bakar batek mila hitzek baino gehiago esaten du

Gaurko honetan idatziko ditudan lerro hauetan, denok erabili bai, baina gutxik ezagutzen dugun tresna baten bidez lor ditzakegun irudiez hitz egingo dizuet, argazki makina bidez lortzen diren irudiei buruz. Nork ez du inoiz argazki kamera bat erabili? Edo hobeto esanda, nork ez du makina hauetako bat etxean? Ziur nago denok dugula bat edo beste, eta behin baino gehiagotan erabili dugula une garrantzitsuren bateko argazkia ateratzeko. Tresna hau horren ezaguna izan arren, oso gutxi dira makina honen historiari buruz zerbait dakitenak. Horregatik, objektu hau lehenengo aldiz 1826an Parisen erabili zela bakarrik aipatuko dizuet, nire lanaren asmoa ez baita argazki kameraren historia ezagutzera ematea.

Antzina txinatarrek sortu zuten esaldi baten arabera, irudi batek mila hitz baino gehiago balio du. Argazki kameren sorreraz gero, noiznahi irudiak eskuratzeko ez dugu inongo arazorik, baina argi dago irudi guztiak ez direla berdinak. Argi dago nire etxeko leihotik egindako argazkiak mila hitz baino gehiago ez duela balio; beraz, zer behar da argazki txundigarri bat lortzeko? Askok kamera on bat beharrezko dela esango dute, eta zoom, pixel… bezalako hitzez gogaituko zaituzte. Nire ustez, aldiz, aspektu honek garrantzia duen arren, askoz garrantzitsuagoak dira beste faktore batzuk. Mila hitzez edo hamar milioi hitzez deskriba ezin den argazki bat lortzeko ezinbestekoa iruditzen zaidan elementuetatik lehena posizioa da. Mendi baten argazkia alde batetik edo bestetik egin oso ezberdina da, eta horren adibide garbia ondorengo argazkiak dira. Izugarriak biak!!

1. ikuspuntutik

bigarren ikuspuntutik

3. ikuspuntutik

Beste faktore garrantzitsu bat argazkiak gizartean eragin dezakeen zirrara da. Ondorengo argazkia ez dago munduko kamera onenetik aterata, baina argazkiak argi eta garbi islatzen du autoreak erakutsarazi nahi ziguna.

4. argazkia

Azkenik, eta guztietan garrantzitsuena, argazkia momentu egokian egitea da. Honetarako zorte handia behar da, baina lortzen diren emaitzak harrigarriak dira. Horregatik, argazkilari profesional asko eta asko denbora luzez zain egoten dira, momentu egokiaren zain, eta askotan horrenbeste denboran itxaroten egon diren irudia jaso gabe bueltatzen dira.

5. argazkia

Gaur egun, teknologiak izugarri egin duenez aurrera, lehen irudikatu ezin ziren gorputz berrien irudiak lor daitezke. Denetan ikusgarrienak unibertsoan zehar dauden izar eta beste elementuenak dira.

unibertsoko elementuak 1


Garbi geratu den bezala, argazki on bat ez da kasualitatez lortzen. Mila hitz baino gehiago balio duen irudi bat lortzeko, mila buruhauste gainditu behar dira. Nire asmoa lortu izanaren itxaropenaz, hau da, argazki eder batzuez gozatzeko aukera eman izanaz, hementxe ematen diot amaiera nire artikuluari. Ondo izan!!

Comments { 0 }

Elikadura egokia horren garrantzitsua ote?

elikaduraren piramideaGaur egun, XXI. mendean, ia denok entzun izan dugu noizbait elikadura egokia eramatea beharrezkoa dela osasuntsu egoteko; bestela, gaixotasun ugari sor baitaitezke. Bestalde, adituek osasuntsu egoteko, elikaduraz gain, kirola egin behar dela esaten dute. Gainera, gobernua gero eta serioago hartzen ari da elikaduraren gaia eta hainbat iragarki sortu du bere garrantzia erakusteko. Orobat, janlekuetan jartzen dituzten jakiak kontrolatzen hasi dira elikadura egokia bultzatzeko, gazteen artean batez ere, oso garrantzitsua baita txikitatik jakitea nola jan behar den. Ekintza hauek guztiak egiten badituzte elikadura egokia bultzatzeko, suposa genezake oso garrantzitsua dela. Benetan al da horren funtsezkoa? Bai, elikadura ona ezinbestekoa da; izan ere, ondo elikatu ezean, gure organismoa hondatu egiten baita.

Elikadura egokia izatea zer den askotan entzun izan dugun zerbait da. Barazki eta fruta asko jan, koipe ugari duten produktuak ahal dela saihestu, elikagai guztietatik zerbait jan, orekatuta, inoiz ez zerbaitetik gehiegi eta bestetik gutxiegi… Eta, noski, ia denok dakigu elikaduraren piramidea nolakoa den. Halaber, elikadura arazo ugari ezagutzen dugu. Batzuk gehiegi obsesionatzen dira nolako eta zenbat jaki jan behar den pentsatzen; eta honen ondorioz, hainbat eta hainbat anorexia kasu sortzen da. Beste batzuk, aldiz, gutxiegi arduratzen dira eta edozer jaten dute, nahiz eta beraien osasunerako txarra dela jakin. Hauek obesitatea edo gizentasuna dutela esaten da.

obesitateaanorexiaAipatutako gaixotasun hauek dira, batez ere, elikadurarekin lotzen ditugunak, eta ez zaigu iruditzen besterik egon daitekeenik; halere, pentsatzen hasita, segituan konturatuko gara elikadurak gure gorputzaren atal guztiekin duela lotura. Beraz, gure elikadura txarra bada, gure organismo guztia gaizki joango da. Hura gaizki joatea ez da argalago edo lodiago egotea, gure organoak ondo ez funtzionatzea baizik. Horrela, azaleko gaixotasunak, organoetako gaixotasunak… sortuko dira. Gaixotasun hauetako batzuk, zoritxarrez, gaur egun nahiko ezagunak dira eta gero eta ezagunagoak bilakatzen ari dira; hala nola, minbizi kasu batzuk, bihotzeko arazoak, diabetesa… Zorionez gure inguruan horren ezagunak ez diren hainbat gaixotasun daude elikadurekin lotura zuzena dutenak arurretik aipatutakoez gain. Horietako bat Kwashiorkor gaixotasuna kwashiorkor umeakda. Kawashiorkor gaixotasuna, batez ere, garatu gabeko lurraldeetan eta elikadura arazoak dituzten lekuetan ematen da. Gaixotasun hau haur txikien artean, 10 hilabete eta 3 urte bitartekoen artean, mantenugai eta proteina faltagatik ematen da batik bat. Kwashiorkorra duten haurren gorputzak likido metatze anormala egiten du, oso triste egoten dira eta askotan jateko indarrik ere ez dute izaten. Gaixotasun hau duten haurrek zahartzean ere ondorio ugari izaten dituzte.

Hau guztia horrela izanik, elikadurari gero eta garrantzi handiagoa ematen hastea nahitaezkoa dela garbi dago, gure osasuna arriskuan ez ikusteko eta hainbat gaixotasun betiko atzean uzteko. Halaber, ez dugu ahaztu behar oraindik ere badagoela garatu gabeko hainbat herrialde, eta hauek direla, batez ere, elikadura arazoak dituztenak; alta, herrialde garatu askok atzera pauso bat eman dute aurrez eginiko janariari esker. Alabaina, seguru nago denok honen aurka zerbait egiten saiatuko bagina, lortuko genukeela orekatuagoa litzatekeen mundu batean bizitzea, eta gaixotasun ugariri diegun beldurra atzean uztea; izan ere, ez bailirateke horren maiz gertatuko. Honengatik guztiagatik, elikadurari garrantzi handiagoa ematen hasi beharko ginateke une honetatik hasita; bestela, horrela bukatuko du gure odolak oso denbora gutxian:

Comments { 0 }
-->