Archive | euskaljakintza

RSS feed for this section

Bi sarrera dohain euskaljakintzakoontzat Bertsolari Txapelketa finalerako

G puntuaGipuzkoako Bertsolari txapelketako finala ikustea gustatuko litzaizueke? Bada, Gipuzkoako Bertsolari Elkartetik bi sarrera iritsi dira ikastolara igandean jokatuko den finalerako. Zuzendaritzakoek bi sarrera horiek euskaljakintzako partaideoi eskaintzea erabaki dute egiten ari garen lan txukunaren errekonozimendu gisa. Detaile polita, ezta?

Finala, honezkero jakingo duzuen legez, Donostiako Illunbe zezen-plazan izango da arratsaldeko 17:00etan. Hementxe daukazue informazio guztia.

Beraz, joan nahi duzuenon artean zozketatxo bat egingo dugu. Zozketan sartzeko, bidali mezu bat postaz edo hementxe bertan iruzkin bat idatzi. Bi sarrerak pertsona bakar batentzat izango dira; honela, irabazleak nahi duenari gonbidapena luzatzeko aukera izango du. Gelako bi elkarrekin gustura joango bazinate, biok eman izena eta, era horretara, aukera bikoitza izango duzue! Zozketan parte hartzeko baldintza bakarra bertaratuko zaretela ziurtatzea da.

Inoiz izan al zarete horrelako ikuskizun batean? Ez dakit, bada, euskal kulturaren munduan badagoen hainbeste zale mugitzen duen beste gertakaririk… Giroa aparta izan ohi da (8.000 pertsona inguru espero dira aurtengoan), maila ere ez da nolanahikoa (duela gutxi euskaljakintzan izan genuen Jon Maia bertsolaria finalean lehiatuko da eta, horretaz gain, aurten goierritarrak ere izango dira). Ez galdu, beraz, unibertso hori gertutik ezagutzeko aukera paregabe hau. Norbait animatzen da?

Finalistak

Jon Martin Jon Maia
Aitor Sarriegi Aitor Mendiluze
Jexux Mari Irazu Unai Agirre
Iker Zubeldia Benat Gaztelumendi
Comments { 2 }

DiarioVasco.com sariketan irabazle izan gara!

Arratsaldeko 06:30ak inguruan genuen zita Maiterekin Jakintza Ikastolako ikasle eta Euskaljakintzako hiru partaidek. Euskaljakintza.com webgunea diariovasco.com sariketako finalistetakoa zela jakin bagenekien, eta baita irabazle izan gintezkeela ere, baina sekulakoa da saria jasotzeak eman digun poza!

sariarekin

Esan bezala, 06:30 aldera abiatu eta Manu, ikastolako zuzendaria, Tolosan jaso ondoren, Miramongo parke teknologikora joan gara 20:00ak inguruan hastekoa zen sari-banaketan egoteko. Iritsi baino lehen ere aurreko egunetan eztabaidagai izan duguna izan dugu berriz ere mintzagai: nork lagunduko Maiteri taulatura saria irabaztekotan? Batek ez duela balio, bestea erdi-gaixo dagoela… Lunch-a jango genuela esan zuenean, ez genuen bada halako oztoporik jarri! Azkenean, Maialeni egokitu zaio igotzea, eta, zer esango dut bada, Sara eta ni behintzat pozik geratu gara!

Ekitaldia hasteko 10 bat minutu falta zirenean, Maite batekin eta bestearekin hizketan: diariovasco.com-eko gerentea dela, Euskaltubeko administraria den Haritz Rodriguez dela, Luistxo Fernandez… Eta gu, berriz, noiz hasiko deseatzen, bai irabazle ote ginen jakin nahi genuelako, eta baita gosetuta ginelako ere! Ekitaldia hasi eta, hainbat sari eman ondoren, iritsi da gurea (Maite atzazalak beharrean, hatzak ere jaten ari zen ordurako!). Laukote “famoso” (nik ez nituen ezagutzen baina Golden Apple Quartet izena dute) baten zaratotsak egoerari are tentsio gehiago eransteko eta, azkenean, esan dute irabazlearen izena… EUSKALJAKINTZA!

Igo dira Maite eta Maialen saria jasotzera, bata irribarrea ezkutatu ezinik (berak hala nahi izan arren) eta bestea, berriz, musuak gorri-gorri zituela. Ekitaldia bukatu arte itxoin, eta denok tripa-festa egiteko prest geundenean, bateko argazkia dela, “miradme a mí, una foto” etab. Mahaiak beste puntan ikusten genituen eta gu flashen aurrean itsututa! Formalismoen ondoren, eta beste sarituak zoriondu bezain laster, izan dugu sabela betetzeko abagunea, nahiz eta eskaini dizkiguten pintxo guztiak ez diren hain onak izan (ikusi besterik ez dago “berenjena rellena de ternera” non geratu den bestela!).

Horretan ari ginela, ordura arte baino dexente isilago nik uste, iritsi zaigu Maite horrenbeste poztu duen berria. Iñigo Kortabitarte izeneko gizonkote bat (altua zelako diot hori!) etorri zaigu primiziatxo bat ematera: jaso dugun sariaz gain, publikoaren saria ere guri zegokigula esan digu, baina ez dugula jaso bi sari jasotzerik ez genuelako! Horrek bai borobildu duela eguna!

Beno, ba, horixe izan da gutxi gorabehera gaurko gauak eskaini duena, eta badakit baten bat penatuko dela hau entzutean, baina ezin izan dugu lunchetik ezer atera dena oso ona zegoen arren (pasteltxoak bereziki goxoak zeuden!). Zorionak eman nahiko genizkieke hemendik saria irabazi duten gainerakoei: Irungo udala, Euskaltube.com ataria, Euskal Camping elkartea, Gurutzeta sagardotegia eta Ikea. Eta baita saririk lortu ez dutenei ere! Tira, ba, horrelako sariak jasota, artikulu txanda bikaina egingo dugu hurrengoan, ezta? Euskaljakintza, behintzat, bide onetik doala erakusten dute honelakoek! Ondo segi!

Ateratako argazkiak ikusi nahi badituzue, egin klik hemen.

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/6pA642oPpZ8" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 15 }

Berri onak: Diariovasco.com sariketako finalistak gara!

euskaljakintzaZorioneko gaude berriz ere! Duela gutxi lortutako Espiral sariaren oihartzuna itzali gabe dagoenean, beste berri on batekin natorkizue: Diariovasco.com sariketan finalistak gara! Diariovasco.com Sariak DIGITAL VASCA S.L.ren lehiaketa bat da (ikus oinarriak). Bere helburua Internet sustatzea eta baliabide honen bidez jarduerak garatzen dituztenen lanaren kalitatea eta esfortzua aitortzea da. Antolatzaileek bost kategoria ezberdinetan egingo dute errekonozimendua eta kategoria bakoitzerako sari bakarra emango dute epaimahaikideek. Hauxek dira/gara finalistak kategoria ezberdinetan:

• Enpresa web orri onena: AFM, Gurutzeta sagardotegia eta Inasmet.

• Instituzio web onena: Ataungo Udala, Donostiako Udala eta Irungo Udala.

• 2.0 web orri onena: Astindu, Euskaltube eta Nireblog.

• Pertsona/Elkarte web orri onena: Broute Mag, Vasco de Camping elkartea eta euskaljakintza.

• Web publizitate kanpaina onena: Ikea, Renault eta Toyota.

Publikoaren Sarian parte hartzen dutenen artean Punta Canara bidaia bat zozketatuko da

Diariovasco.com-ek, era berean, web onenari ‘Publikoaren saria’ izeneko saria ezarri du. Sari honen irabazlea zein den erabakitzeko erabiltzaile bakoitzak bere botoa eman ahal izango dio 12 web orri finalistetako bati. Erabiltzaile bakoitzak behin bakarrik parte hartu ahal izango du bozketa-prozesu honetan eta ezinbesteko baldintza izango da Diariovasco.com-en izen emanda egotea. ‘Publikoaren sari’ berezi hau erabiltzaileen boto kopuru gehien jaso dituen webak jasoko du, berdin delarik zein kategorietakoa den. Erabiltzaileen parte hartzea sustatzeko, Publikoaren sarian parte hartzen duten erabiltzaileen artean bi lagunentzako Punta Canara bidaia bat zozketatuko da.

Amaitzeko, aitortu beharrean nago, irabazi edo ez irabazi, guretzat ohore handia izan dela finalera iristea eta hainbat orri bikainen artean gurea ipintzea. Mila esker, hori ahalbidetu duzuen guztioi eta zorte on gu guztiontzat!

Comments { 6 }
-->