­

Archive | euskaljakintza

RSS feed for this section

Busti gaitezen denok! (Euskaljakintza 7kook iritsi gara)

Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz. Hitz hauexekin itxi zuen duela bi urte eskas Maialen Lujanbiok ziurrenik bere bertsorik famatuena bilakatu dena. Eta hitz horiexekin zabaldu nahi dugu Euskaljakintzaren garai berria, hastear dagoena. Idazlumak alde batera utzi ditugu, eta euskara bera izanen dugu tresna bakarra. Gure hizkuntzarekin olgetan ibili nahi dugu, zipriztindu gaitzan utzi gura diogu, eta, batez ere, zipriztin hauek amaraunean zehar zabaldu nahi ditugu, guztiok euskaraz blai buka dezagun.

Horrela, estreinakoz eskerrak eman nahi genizkieke lekukoa pasa berri diguten gure kideei, irrikaz hartu baitugu hauxe, irrika biziz hartu ere. Eskerrak, baita ere, urte hauetan guztietan Euskaljakintzaren esentzia mantentzen jakin duzuenoi; eta, nola ez, gidari den Maiteri, berak eman baitigu itsaso zabal honetara buruz, birritan pentsatu gabe, botatzeko grina.

Ikasturtez ikasturte, gero eta maila handiagoetara iristen joan ahala, pixkanaka, Euskaljakintzaren berri izaten joan gara. Familia edo lagunen bitartez izan genuen lehen kontaktua Euskaljakintzarekin, eta orain gezurra dirudi guri ere parte hartzeko garaia iritsi zaigunik. 7 urte dira Maitek proiektu hau martxan jarri zuela; pentsa, 10 urte besterik ez genituen euskara bultzatzen duen txoko hau sortu zenetik!

Hazi gara, ordea, eta guneak bere fruituak ematen dihardu. Gu berriak gara, baina lekukoari gogoz heltzeko irrikaz iritsi gara.  Eta hau hasiera baino ez da…

Ikasturte honetan zehar Euskaljakintza 7kook eginen gara lemazain. Eta dagoeneko hor dauden elkarrizketa, artikulu eta beste horrenbesteren mailako lanak egitea espero dugu, eta, zergatik ez, hauek gainditzea! Zuek guztiok ere gonbidaturik zaudete parte hartzera. Euskaraz blai egitera. Euskaratik eta euskaraz. Busti gaitezen denok!

Comments { 1 }

Musika eta poesia Burlatatik Ordiziara

Begiak itxita eta lurrean etzanda entzun genuen aurrekoan poesia. Entzun, ukitu eta dastatu akorde, nota solte eta eskala kromatikoen artean kulunkatzen ziren olerkiak.

Beasaingo idazlehiaketan epaile eta aurkezle izan genuen Ekaitz Goikoetxea euskal poesiaz hitz egitera etorriko zitzaigula aipatu zigun Maitek aurrez; ostiral goizean aditu genuena ez zen izan, ordea, hitzaldi bat. Izugarrizko emanaldia izan zen.

Aretora sartu eta, gure  harridurarako, gure adineko jendea aurkitu genuen, instrumentuak eskuetan. Ez, hark ez zuen ohiko poesia errezitaldi baten itxurarik. Ekaitzek hartu zuen hitza, eta sarrera labur bat eta zeharkako txirula eta txelo batek haurtxo txiki gozo bat jo ostean, ipuin bat -ipuin musikal bat- irakurtzeari ekin zion.

Irakurleak aurrera egin ahala, biolontxeloaren nota bikoteek laguntzen zituzten Ekaitzek zehaztasun osoz hautaturiko hitzak, do-reak eraikiz, la-miak aipatuz, fa-rea sorraraziz… Entzuleok haurtxo baten istorioan murgilduz, ia ordubete iraungo zuen trantze literarioan sartu gintuen bertsolariak.

Han, lurrean manta artean etzanda, Ekaitzen ikasleek idatzitako lanez gozatu genuen, idazleen beraien eskutik eta ikasleek beraiek jotako musikaz lagunduta. Eta horrela, txirula-txelo duoen eta soloen eta frantses-zaporeko akordeoi baten soinuak hordituta, ikasleen ipuinetan murgildu ginen.

Hainbat gai izan zituzten hizpide, zein baino zein entretenigarriagoak, eta printzesa, maitale eta “edukitzeak” duen garrantziari eginiko kritika zuhurren artean aise igaro zitzaigun ordua.

Ekaitz izan zen saioari amaiera eman ziona, hain fruitu gozoa eskaini zigun hezkuntza kreatiboa aipatuz. Maitek amaieran aipatu zuen legez, teknologia berrien bitartez kreatibitatea lantzen saiatzen gara gu ere euskaljakintzan, eta honelako emanaldi eder bat prestatzeak ekarriko zizkien lan eta buruhausteez jakitun, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Ekaitzi eta bere Burlatako Askatasuna BHIko ikasleei.

Musika eta literatura uztartzeaz gain, euskal literaturgintza eta deklamazioa guk geuk egin dezakegun zerbait dela irakatsi digute, arlo hauetan gazteek ere badugula zeresanik.

Mila mila esker egindako lan guztiagatik eta Ordiziaraino etorri izanagatik, benetan! Ea hurrengoan guk prestatzen dugun emanaldia zuentzat!

Comments { 1 }

Sari mordoxka Jakintza Ikastolako ikasleentzat XXI. Beasain Idazlehiaketan

Urduritasuna, kezka, hitzak trabatzea… duda izpirik gabe, edonork izan ditzakeen sentsazio eta bizi ditzakeen sentimenduak ditugu. Halere, badirudi arestian aipaturiko emozio horiek guztiak pertsona bakar batean eta une berean uztartzerik badagoela. Eta, hain zuzen ere, horixe da pasa den larunbatean, otsailak 12, goizeko 12:00ak heltzeko azken segundoak kontatzen ari ginen bitartean gehienoi sentitzea tokatu zitzaiguna. Lipar batez baino ez zen izan, atoan urduritasunari ilusioa eta poza gailendu baitzitzaizkion.

Izan ere, beste behin, dagoeneko bere XXI. ediziora heldu den Beasaingo idazlehiaketa burutu zen eguerdiko 12:00etan Beasaingo Udalaren eskutik. Hain juxtu, aipatzekoa da sariketa honek ia bi dozena urte badaramatzala literaturzale gazteen egarria asetzeko lanetan; eta, aurtengoan ere, Jakintza ikastolako ikasle garenok, Goierri eskualdeko idazle gaztetxo eta ez horren gaztetxoekin batera, gogotsu zapaldu dugu Beasaingo Usurbe Antzokiko zorua.

Horren entzutetsua den lehiaketa honetarako ibilbidea iazko urrian hasi zen. Jakintza ikastolako ikasleok, patxadaz eta beharrezko denbora hartuz, lanak idatzi eta geure irakasleei eman genizkien, hauek zuzenketa eta hautaketa prozesuari hel ziezaioten. Hala, bakoitza zegokion kategoriara aurkeztu zuten abendu hasiera aldera. Bada, urtarrilaren amaierarako hortxe genituen horrenbeste lan egin eta gero lortutako emaitzak. Ez dira gutxi izan, aurten ere, Jakintzakook maila ezberdinetan eskuratutako sariak.

Horrela, larunbatean, sari-banaketako ekitaldirako ateak zabaldu zizkiguten, eta guztiok Usurbe Antzoki barrura sartu ginen ezjakintasuna eta urduritasuna begietan. Dantzari, txistu eta danbolinak eman zioten hasiera bizi eta koloretsua ekitaldiari, eta, Irati Goikoetxea aritu zen aurkezle lanetan, beste mutiko batekin batera jardunean. Jarraian, Ekaitz Goikoetxea epaikideak hartu zuen lekukoa, eta, honen hitzaldi eta azalpenen ondoren, sariak banatzeari ekin zioten.

Edizio honetan ere, Jakintza Ikastolari sari ugari egokitu zaizkio. Ikasle sarituon artean, batzuek lehenengo aldiz arnastu dugu sari-banaketako oholtza. Beste batzuen kasuan, aldiz, esperientzia daukagu euskal literaturaren ibai luzetik baldekada bat ur hartu eta honi hurrupa egiten. Halere, historialak gorabehera, sariak oso gustura heldu dira gure eskuetara, irribarrea lagun.

Gure lanak zuekin partekatu nahi ditugula eta, hementxe uzten dizkizuegu:

Gure idazlan sarituak:

Hitz lauz, A mailan

Olerkian, A mailan



Comments { 8 }
StatCounter - Free Web Tracker and Counter -->