Archive | arauak lantzen

RSS feed for this section

Arauak 25: Komunztadura aposizioetan

jakintzaAposizioez hitz egingo dugu gaurkoan. Baina zer da aposizio bat? Izen-sintagma bati beste izen-sintagma bat justaposizioz lotuz egindako eraikuntza, batak bestea azaldu edo zehazten duelarik (ikus Harluxeten). Askotan zalantza handiak izaten ditugu aposizioak idaztean, batez ere, komunztadurari dagokionean; hori dela eta, ematen diren kasu ezberdinak azaltzen saiatuko gara. Euskaltzaindiaren azalpenak bere horretan utzi ditugu; dena den, azalpenetan galtzen bazarete (ez dira oso samurrak), zuzenean adibideetara jotzea aholkatzen dizuegu. Amaieran, beti bezala, praktikatzeko ariketa bat topatu ahal izango duzue. Has gaitezen, bada.

1. Aposizioa izen sintagmaren barneko izenen artean egiten denean ez da komunztadura arazorik sortzen, hondarkia (desinentzia) ez baita sintagma osoaren azken buruan baizik ageri:

  • Unibertsitateko Errektoreorde Edurne Mendiluzek aurkeztu du txostena.
  • Edurne Mendiluze Unibertsitateko Errektoreordeari aurkeztu diote txostena.

Horrelakoetan, bistan da, lehen izenak ez darama mugatzailerik (asteriskoak erabilera okerra adierazten du):

  • Unibertsitateko Errektoreorde(*a) Edurne Mendiluzek aurkeztu du txostena.
  • Zure lagunem>a) Dublinen bizi denari sari bat eman diote.

Mugatzailea izenaren beraren osagai egina duten izen bereziek, ordea – Antso Azkarra edo Pernando Amezketarra bezalakoek, alegia–, gorde egiten dute hura aposizioan ere:

  • Antso Azkarra errege ausartari (*Antso Azkar errege ausartari).
  • Pernando Amezketarra bertsolari ezagunaren ibilerak (*Pernando Amezketar bertsolari ezagunaren ibilerak).

2. Izen sintagma osoak aposatzen direnean, berriz, komunztadura egitea da ohikoena, hondarkia sintagma aposatuetan ere ipiniz:

  • Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebeak, kontzertu asko eman ditu aurten.
  • Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri denari, eman diote lanpostu hori.
  • Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslearekin, mintzatu naiz gaur.

Komunztadurarik gabeko aposizioak lekukotasun urriagoa du tradizioan, batez ere perpaus barruan kokatua dagoenak, eta, hortaz, ez da gomendatzekoa :

  • ?? Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebea, kontzertu asko eman ditu aurten.
  • ?? Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri dena, eman diote lanpostu hori.
  • ?? Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslea, mintzatu naiz gaur.

Zenbaitetan, perpausaren joskeratik aparteko eranskin edo tarteki aske gisa ematen da bigarren sintagma eta ez sintagma aposatu gisa. Areago gertatzen da etenak, tartekiak eta horrelakoak maiz samar dituen euskara mintzatuan, jardun egituratuagoa izan ohi duen idatzian baino. Horrelakoetan, jakina, benetako aposiziorik ez dagoenez, ez da komunztadura egiten. Errazago onartzen dira horrelakoak, tarteki izaera argia denean:

  • Gure herriko alkateak –musikazale amorratua bera– begi onez ikusi du kontzertu gela berria egiteko proiektua.
  • Haren etxean –aski zabala, ene ustez– erraz kabituko gara denok.
  • Datorren larunbatean –hilak zortzi– hasiko da ehiza garaia.

Araua osorik.

praktika

Comments { 0 }

Arauak 24: -ARI (-lari), -ARIO eta -GO atzizkien erabilera

Jakintza

Gaurkoan, hainbat atzizkiren forma egokiaz hitz egingo dugu. Atzizkiek batzuetan buruhauste handiak ematen dizkigute: ekonomiari ala ekonomialari, gramatikari ala gramatikalari? Bada, arau gutxi batzuk menperatzea baino ez da behar hauek guztiak ondo erabiltzeko. Jarraian, aipatutako -ari/-lari bikotearen artean nola hautatu aztertuko dugu. Halaber, gaztelaniazko -ario (parlamentario) atzizkia bere horretan mailegatu behar dela ere ikasiko dugu eta, amaitzeko, izen multzokariei buruz Euskaltzaindiak arautu duenari buruzko hausnarketa egingo dugu. Prest? Goazen, bada, gaia atalez atal miatzera.

-ARI (-LARI) ATZIZKIAZ

-ari eta -lari formen arteko banaketari dagokionez:

  • -ari forma, -a bokalaz amaitzen diren izen oinarriei eransteko erabiliko da, batez ere bi silabatik gorakoak direnean: dantzari, tabernari, gramatikari, politikari, kritikari, e.a.

Hala ere, oso sartuak dauden pentsalari eta hizkuntzalari bezalako hitzak ontzat ematen dira.

  • -ia amaiera duten hitzetan, -ialari hobesten da: historialari, zientzialari, ekonomialari, e.a.

Oinarriaren kategoriari dagokionez:

  • -ari atzizkia izenekin erabiliko da, eta -le edo -tzaile atzizkiak aditzekin: hezle edo hezitzaile, ikertzaile, e.a.
  • Aditz batek adiera bat baino gehiago izan dezakeenean, ordea, zilegi izan daiteke adiera batean -le edo -tzaile erabiltzea eta -ari beste adieran: idazle/idazkari, zuzentzaile/zuzendari, zaindari/zaintzaile…

praktika

ERDAL -ARIO, EUSKARAZ -ARIO (ETA EZ -ARI)

Erdal -ario/-aire atzizkiez osatutako izen-izendondoak -ario forman, eta ez -ari forman, mailega bitez:

  • Izenetan: notario, komisario, unibertsitario, funtzionario, kortsario, mertzenario… (salbuespenak hiztegi batuan zehaztuko dira).
  • Izenondoetan: (talde) parlamentario, (sistema) planetario, (jokabide) sektario… Baina ahal dela, maileguz hartutako erdal izenondoen ordez, hobe euskal egituraren araberako ordainak erabiltzea:
      parlamentu(ko) talde (talde parlamentarioren ordez)
      planeta-sistema edo planeta sistema (sistema planetarioren ordez)
      unibertsitate(ko) aldizkari (aldizkari unibertsitarioren ordez), e.a.

-GO IZEN MULTZOKARIAK SORTZEKO

Euskaraz askotan ez dago izen multzokariaren beharrik, nahikoa da plurala erabiltzea: ikastetxe honetako irakasle eta ikasleak, herri bateko biztanleak, hizkuntza bateko hiztunak, etab.

  • Izen multzokaria beharrezkoa denean, -eria atzizkia erabiltzea gomendatzen da: langileria, gazteria, biztanleria edo bezeria.
  • -go atzizkia kasu hauetan erabiliko da:
      ofizioa, lanbidea adierazteko: artzaingoa, zurgingoa…
      -tasuna adierazteko: euskaldungoa, ahaidegoa…

[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/go_atzizkia.swf" width="550" height="400" wmode="transparent" /]

Comments { 0 }

Arauak 23: Topiko bihurtu. Egiteko asmoz. Asmatuko zu(ke)en.

Jakintza

Euskaltzaindiaren araugintza lantzeko ikastaroarekin jarraituz, oraingo honetan zailtasun handirik gabeko hiru arau labur aztertuko ditugu. Arau hauek euren artean inongo loturarik izan ez arren, azalpenak di-da batean ulertzen direnez, batera ematea erabaki dugu.

Hasteko, perpaus baten barnean bi nor-sintagma agertzen direnean nola jokatu behar dugun ikasiko dugu. Jarraian, egiteko asmoz motako egituraren inguruan egin ohi ditugun akatsak izango ditugu aztergai eta, amaitzeko, baldintzako ezinezko ondorio direlakoetan (nahiz baldintzarik aipatzen ez den zenbait perpaus motatan) ontzat eman diren bi aukerak aipatuko ditugu (etorriko zen eta etorriko zatekeen). Azalpenak eta gero, hiru arauak lantzeko ariketa bakarra topatuko duzue.

TOPIKO BIHURTU

  • Perpaus baten barnean bi nor-sintagma agertzen direnean, eta horietako bat bestearen predikatu osagarria denean, bihurtu aditzak mugagabean eskatzen du predikatu osagarri hori:

o Ura ardo bihurtu zuten (ardoa bihurtu zuten)

o Topiko bihurtu da (topikoa bihurtu da)

  • Hala ere, sintagma izen soil batek osatu beharrean beste ingurukariz janzten denean, izenondoak, izenlagunak, adjektibo konparatiboak, perpaus erlatiboak, e.a. erabiliz, orduan artikulua eskatzen du askotan. Kasua, beti absolutiboa (NOR) izango delarik:

o Emakumerik ederrena bihurtu zen.

o Bihotz sendoko gizon bat bihurtu.

Araua osorik.

EGITEKO ASMOZ

  • Asmo aditzarekin –teko/-tzeko erabiliko da, eta ez partizipio burutua ( joan, egin…)

Hitz egiteko, eztabaidatzeko, irakurtzeko asmoz etorri gara.

  • Ez dira ontzat ematen, beraz, joan asmoz, egin asmoz, eztabaidatu asmoz bezalako formak.

Araua osorik.

LEHENAGO ETORRIKO ZEN/ZATEKEEN

  • Bi aldaera hauek ontzat ematen dira EZINEZKO BALDINTZETAKO ONDORIOETAN:

Hau jakin (izan) banu, etorriko nintzatekeen edo Hau jakin (izan) banu, etorriko nintzen.

Errazagoa izan balitz, lehenago asmatuko zukeen edo Errazagoa izan balitz, lehenago asmatuko zuen.

  • Baldintzarik aipatzen ez den zenbait perpaus motatan ere erabili ohi da (gertatu ez zen ekintza edo egoera hipotetiko batez ari garenean):

Oso gustura geldituko nintzen berarekin egun hartan. (Ez nintzen berarekin gelditu)

Araua osorik.

praktika

[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/topiko_bihurtu.swf" width="650" height="450" wmode="transparent" /]

Comments { 0 }
-->