Archive | euskara

RSS feed for this section

Hautaprobak prestatzen (II): A eta B ereduak lantzen

ULERMENA

B ereduan, ulermena da azterketako lehenengo atala. Bertan, emandako testuari buruzko galderak egiten dira. Erantzunetatik testua ulertu dela aditzera ematen baduzu, puntuazio gorena emango zaizu galdera bakoitzean. Lau galdera direnez, bakoitzari 0,5 puntu dagozkio. Atal honen inguruan gelan esandakoa berrikusi nahi baduzu, joan irakurri eta erantzun atalera.

Amaitzeko, egiaztatu urrats guztiak ondo eman dituzula. Hementxe duzu autoebaluaziorako txantiloia:

ULERMENAREN AUTOEBALUAZIOA

Erantzuten hasi aurretik

BAI

EZ

Gutxienez bi irakurketa egin ditut: bizkorra eta arretatsua.

Ulertzen ez ditudan hitzak azpimarratu edo markatu ditut.

Testuko informazioa aztertu dut eta alboan labur-labur egilea zertaz mintzatzen den ipini dut.

Ulermen galderak irakurri eta erantzuna non egon daitekeen begiratu dut.

Testua eta galderak ondo ulertu ditudala egiaztatu dut.

Erantzuna idatzi aurretik, bi aldiz pentsatu dut.

Erantzutean

Galdegaia zaindu dut.

Erantzun zuzena ematen ez bada, inferitu egin dut.

Galderaren erantzun osoa eman dut, hau da, galderari zuzenean erantzuten dioten datu guztiak biltzeko ahalegina egin dut.

Balorazioak saihestu ditut.

Erantzun ondoren

Idatzitakoa berrirakurri dut eta, hala behar izan denean, aldaketak egin ditut.

GAIA ETA LABURPENA

Atal honetan emandako testuaren laburpen txiki bat egiteko eskatzen da eta gaia zein den esateko. Lan hori txukun egiten baduzu (ideia funtsezkoak emanaz eta testuaren nondik norakoez jabetu zarela erakutsiz), bi puntu emango zaizkizu, gramatika oker nabarmenik ez baduzu, behintzat. Beraz, sintesi gaitasuna neurtuko da. Era berean, zuzentasuna eta koherentzia ere kontuan hartuko dira. Akats larriak zigortuko dira.

Behin baino gehiagotan azaldu dugu laburpena egiterakoan zer zaindu (jarraitu aurreko lotura esandakoa errepasatzeko). Bestalde, hementxe dituzu gaia eta laburpena atalen autoebaluazioa egiteko fitxak.

GAIA

1. Asmatutako gaiak testuaren muina jasotzen du, alferreko elementurik gabe.

BAI

EZ

2. Esanguratsua izateko, nire gaiari ez zaio elementu garrantzitsurik falta.



3. Ulergarria da.



4. Irakurri ez duenak testuaren zentzua atzemango du gai honi esker.



5. Ez dut irudi edo metaforarik gaitzat hartu.



6. Luzera egokia du: ahalik eta hitz gutxien erabili dut.



LABURPENA

1. Argi eta garbi adierazita dago gai nagusia zein den.

BAI

EZ

2. Funtsezko ideia guztiak jaso ditut.



3. Hari nagusiarekin zerikusirik ez zutenean, osagarri, adibide eta txikikeria guztiak baztertu ditut.



4. Zehatz egituratuta dut testua, neure erara, artikuluaren ordena orpoz orpo jarraitu gabe.



5. Ez dut ezer errepikatu.



6. Ideia eta paragrafoak ongi uztartu ditut.



7. Lotura hizkiak (hala ere; hau da; adibidez; beraz…) erabili ditut testuari kohesioa emateko.



8. Artikuluaren berri izan gabe, irakurle batek erraz uler dezake nire laburpena.



9. Testuan aipatzen direnak laburtu ditut, neure iritziak gehitu gabe.



10. Luzera: laburpena eskatutakora egokitu dut.



A EREDUA

A ereduan, ariketa bakar bati erreparatuko diogu: moldatu esaldiak. Atal honetan, esaldiak moldatu behar dituzu lokailu, juntagailu edo menderagailu jakin batzuk erabiliz.

PERPAUS ELKARTU MOTAK

(ARIKETAK EGIN)

JUNTADURA

(ikus azalpen osoa)

Maila bereko perpausak elkartzen ditu. Zenbaitetan alborakuntzaz (juntagailurik gabe) elkartzen dira, baina gehienetan juntagailuen bidez elkartzen dira.

Ez da merkea, baina polita da.

MENPERAKUNTZA

(ikus azalpen osoa)

Perpaus bat (menpekoa) beste baten barruan txertatzen da (nagusia). Perpausen arteko loturamenperagailuen bidez bideratzen da.

Amak esan du ez dela etorriko (menpekoa bukaeran)

Zu etorri zinenean, ohean sartu nintzen (menpekoa hasieran)

TESTU MAILAKO LOTURAK

(ikus azalpen osoa)

Testu bateko perpausen artean dauden esangura aldetiko loturak adierazteko, lokailuez baliatzen gara.

Ez dut inoiz ikusi; dena den, berehala ezagutuko nuke.

Oso aukera ona zen; Jonek, ordea, berria nahiago izan du.

Hau guztia begi-kolpe batean ikusteko, begiztatu ondorengo aurkezpena:

Comments { 1 }

Hautaprobak prestatzen 09-10 (I)

Dakizuen bezala, Hautaprobak unibertsitatean sartzeko bidea ematen duten gaitasun-probak dira, eta horiek gainditzea derrigorrezkoa da ikasketak unibertsitate publikoan hasi nahi duten bertako zein kanpoko ikasleentzat.

Zorionez edo zoritxarrez, aurtengo Hautaprobak izkinaren bueltan dira! Hainbeste kezka, buruhauste, urduritasun, larrialdi eta estura sorrarazten dizkiguten azterketak hementxe dira ekainaren 9n hasi eta 11ra bitartean. Euskarako proba, dakizuen bezala, ostegunean izango da (azterketen hurrenkera). Gelditzen diren egun hauetan hemendik eta handik ateratakoak errepaso modura ipiniko ditugu.

Ekin diezaiogun gaurkoan azterketa berrituaren egitura eta ezaugarriak berrikusteari. Hasteko, teoria pixka bat:

Proba honen oinarria  Batxilergoko Euskal Hizkuntza eta Literaturaren curriculuma bada ere, egon badaude gaitasunak honelako proba batean neurtu ezinak direnak – ahozko hizkuntzari dagozkionak-. Beraz, proba honetan, irakurmena eta idazmena izango dira helburuen lorpena neurtzeko baliabideak.

GAITASUNAK

Probak honako gaitasunak bermatu nahi ditu:

  • Ikasleak testu argiak eta zehatzak sor ditzake gai askori buruz, eta gai da, orobat, gai orokorrei buruzko ikuspegi jakin bat aldezteko, aukera bakoitzaren aldeko eta kontrako argudioak emanez.
  • Ikaslea gai da argi eta hizkuntza estandarrean idatzitako testuen puntu nagusiak ulertzeko, gai ezagunei buruzkoak badira, kulturaren esparruan, ikasketen esparruan eta aisialdian.
  • Gai ezagun edo interes pertsonalekoei buruzko testu soilak eta koherenteak osa ditzake ikasleak. Esperientzien, gertaeren, nahien eta asmoen berri emateko gai da, eta gai da, orobat, bere iritziak labur-labur arrazoitzeko edo bere asmoak azaltzeko.

Probaren ezaugarriei (idatzizko ulermena, idazmena, hiztegia,  zuzentasun gramatikala, ortografia, koherentzia eta kohesioa) buruz gehiago jakiteko:

Amaitzeko, garbi izan behar duzue bi eredu izango dituzuela aukeran:

Gaurkoz nahikoa. Datozen egunetan, atalez ataleko errepasoari ekingo diogu.

Comments { 1 }

Hitzapasak badu bere txokoa!

Hitzapasa Hitzapasa
HP 1-1 html HP 1-1 swf

HitzaPasak badu bere txokoa

Duela hilabete jokoaren berri eman nuenean, Sustatun hainbat iradokizun jaso nuen, eta, horietatik tira eginez, jokoarentzat gunea sortzea ondo legokeela pentsatu nuen. Jarraian, gunearen nondik norakoak azaltzen saiatuko naiz. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkizuet egin dizkidazuen ekarpen guztiengatik eta, nola ez, HitzaPasari egindako harreragatik.

Txokoaren egitura

  • HitzaPasaren txokora sartu bezain laster, sortutako azken HitzaPasa ikusi ahal izango duzue. Erreparatu iezaiozue zenbakiari. Adibidez, HitzaPasa 1-6: lehen zifrak urratsa adierazten du (1=erraza edo nahiko erraza, 2=tarteko maila, 3=zaila edo oso zaila); bigarrenak, aldiz, urrats horretako zenbatgarren jokoa den. Bi aukera izango dituzue jokoari hasiera emateko. Ezkerreko irudiaren gainean (html) klik eginda , beste orri bat zabalduko zaizue jokoan hasteko; eskuinekoaren gainean (swf) klikatuz , aldiz, orri nagusian leiho bat agertuko zaizue. Hautatu gustukoen duzuena eta ekin HITZAPASAri!
  • Urrats bakoitzeko botoi bat goiko menuan. Urrats bakoitzari dagokion botoian klik eginez, maila horretako azkena agertuko zaizue. Azpiko geziarekin izango duzue aukera banan-banan (1-6, 1-5, 1-4…) urrats horretako beste guztietara heltzeko. Guztiak batera ikusteko abagunea ere hortxe dago (lehengo helbide bera mantendu dut, badaezpada ere).
  • HitzaPasak orain RSS helbidea du ( http://feeds.feedburner.com/hitzapasa ). Beraz, joko berriak argitaratu ahala, lehen ez bezala, zuen RSS jario irakurlean jaso ahal izango dituzue. Twitterreko jarraitzaileak (@euskaljakintza) ez duzue zertan harpidetza egin, zuzenean jasoko dituzue eta.

Edukiari buruz

  • Egokituta urrats ezberdinen zailtasun mailak. Zuen irakodizunei jarraiki, lehenengo eta bigarren urratsen zailtasun maila jaitsi egin dut eta hirugarrena mantendu. Helburua euskaraz hasiberriak direnek ere jokatzeko aukera izatea da. Hirugarrena bere horretan utzi dut, hiztegi berria ikasi nahi duenak ere hobekuntzarako tartea izan dezan.
  • Bidali zeure edukia. Dakizuen bezala, gure HitzaPasak euskarazko hiztegia lantzea du xede; halere, agian, zuek beste gairen bat landu nahi duzue ikasleekin jorratzeko, lagunekin barre batzuk egiteko…. Hala bada, klik egin “Bidali zeurea” atalean eta bete galdeketaren atal guztiak (zehaztu ondo zein irakaskuntza edo zailtasun maila eta irakasgai edo gairi dagokion). Zeurea ere sareratzen saiatuko gara. HitzaPasaren bat buruan? Aurrera, bada!

Harremanetan jartzeko aukera berriak

  • Harremana: ohiko harremanetarako orria.
  • Iradokizunak: wiki bat sartu dut elkarrekin lan egiteko, nork bere iradokizunak botatzeko, ekarpenak egiteko… Lehendik Wikispaces plataformako erabiltzaileak ez zaretenok izena eman beharko duzue. Goiko menuan Elkartu sakatu, eta bete eskatutako datuak (erabiltzaile izena, pasahitza eta eposta helbidea). Wiki bat egin nahi duzuen ere galdetzen dizue; ez da beharrezkoa bat sortzea HitzaPasan ekarpenak egiten hasteko.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet Borja Ariztimuño eta Irune Agirreri. Lehenengoari, HitzaPasak argitaratu ahala, emandako erantzunak osatzeagatik (gehienetan erantzun bakarra ematen dut); bigarrenari, aldiz, ateratako hitzen zerrenda -urratsez urrats-  osatzen joateagatik. Honela, joko berriak sortzean, zerrenda aurrean dudala, hitzak errepikatzea saihesten dut. Esker mila zuen laguntzagatik!

Comments { 1 }
-->