Archive | gizartea

RSS feed for this section

Sherpak azpibaloratuta daude

Igo da Juanito Oiarzabal Manaslura.

Juanito Oiarzabalek (Gasteiz, 1956) zortzi mila metroko beste mendi bat igo berri du: Manaslu (8.156 metro). Hirugarren kanpamendutik gora abiatu da goizeko ordubietan —7.400 metrotik—, “hotz eta haize handiarekin”, eta goraino heltzea lortu du bederatzietan.

Gaurkoarekin, dagoeneko 26. zortzimilakoa du Oiarzabalek. “Aurrenekoan bezain pozik nago. Aitortzen dut gero eta gogorragoa egiten zaidala. Beraz, poztasuna gero eta handiagoa da”.

Munduko hamalau zortzimilakoak eginak ditu Oiarzabalek, eta berriro egiteko lau tontor baino ez zaizkio falta: Dhaulagiri (8.172 metro), Nanga Parbat (8.127), Broad Peak (8.047) eta Shisha Pangma (8.023).”

Gaur egun, horrelako albiste asko irakur daiteke, Juanito Oiarzabal eta Edurne Pasabanbezalako mendizale bikainak dauzkagulako Euskal Herrian. Halere, noizbait pentsatu al duzue nola erdiesten diren horrelako lorpen liluragarriak? Mendizale hauek izugarrizko gaitasuna dutela ezin da eztabaidatu, baina, adibide bat aipatzearren, fardelak bidaia bera egiten duten sherpen esku geratzen dira, nahiz eta ospe guztia mendizaleentzat den. Eta burura datokidan galdera zera da: sherpen eta mendizaleen lana berdin baloratzen al da?

Lehenik eta behin, sherpen eta mendizale hauen artean dagoen aldea, gaitasun fisikoari dagokiolarik, azpimarratzea komeni da. Sherpak Nepaleko ekialdean, zehazki Himalaiako goi mendietan bizi dira, hots, altuera handietara ohituta daude. Beste edozein lekutatik Himalaiara doan mendizale orok ez du horrelako gaitasun berezirik altuera handietan ibiltzeko eta, ziurrenik, mendi berbera igotzeko asiar mendizaleek gastatzen dituzten indarrak baino askoz gehiago gastatuko ditu. Beraz, sherpek mendizaleen motxila eta traste guztiak eramaten dituztela maldan gora jakinda, garbi gera daiteke mendiak igotzeko gaitasun fisiko hobeak dituztela.

Ildo beretik, ospearen arloan ere desberdintasun nabarmena da. Hasierako albistean ikus daitekeen bezala, Juanito Oiarzabal da albistearen protagonista. Lorpen hori egiteko Sherpen laguntza beharrezkoa izan du eta hauei buruzko hitz bakar bat ere ez da azaltzen albistean. Niri oso harrigarria iruditu zait beti hori. Egunkari, telebista, irrati… komunikabide guztietan gertatzen da, hau da, sherpek ez dute osperik lortzen, nahiz eta mendizaleek egiten dutena egiteko gai diren.

Arazoa hementxe dago, beste edozein arlotan gaitasun onenak dituztenak dira ospetsuenak. Saskibaloian onena dena da ospetsuena, futbolean berdin-berdin; mendiak igotzen onenak diren sherpa horiek, ordea, ez dute beste edozein mendizalek duen ospea, nahiz eta mendiak igotzen hobeak izan. Egiten dutena eginda, ematen zaien apurra ikusita, sherpak azpibaloratuta daudela ondoriozta daiteke.

Amaitzeko, aurreko guztia laburtuz, zera esan daiteke: sherpek mendizaleek baino gaitasun fisiko hobeak dituzte, baina ospe gutxiago lortzen dute. Garbi dago bi taldeek dutela meritu izugarria, baina dagoen desoreka nabarmen hori konpondu beharko litzatekeela uste dut, edota, gutxienez, zertxobait orekatu. Nire uste apalean, sherpen lanari merezi duen errekonozimendua eman beharko litzaioke; izan ere, beraien laguntzarik gabe ezinezkoa bailitzateke mendizaleek horrelako ekintza gogoangarriak lortzea.

Comments { 4 }

Eguzki kremak: babestu ala kaltea sortu?

Nork ez du inoiz telebistan entzun beharrezkoa dela eguzki krema ipintzea eguzkia hartzean? Nik, behintzat, askotan. Orain dela urte batzuk hasi dira hitz egiten eguzki izpiek gure azalean sor ditzaketen arazoez. Hori saihesteko eguzki krema jartzea aholkatzen digute. Baina lurrean bizi diren beste izakiei zer kalte eragiten dizkiete?

RTVEko artikulu batean irakurri nuen, eguzki kremek errekako arrainak desagerrarazi ditzaketela, hau da, eguzki kremek dituzten izpi ultramoreen aurkako substantziak errekan agertzen dira eta arrainen ugalketan eragina dute. Honek eragin dezakeen iskanbila aurreikusita, zenbait froga egin dira, antza denez, aztertu diren erreken %56k eman du positibo azterketa honetan.

Gauzak horrela, Estatu Batuetan egin den ikerketa baten arabera, 500 produktu ezagunenen erdiak azaleko minbizia sorrarazten duten zelulak bizkortzen dituzte, hots, A bitamina eta deribatuak dituzten kremek, kantzerraren zelulak bizkortzen dituzte eta, ondorioz, minbizia lehenago sor daiteke.

Halere, beste aldetik, eguzki kremak onak dira azalerako. Eguzkia hartzean, azala erretzearen kaltea murrizten dute eta, gainera, azalak oroimena duenez eta egiten diren kalteak pilatu egiten direnez, hobeto da krema ipintzea beste gaixotasunak saihesteko.

Edonola ere, Environmental Working Group (EWG)-ek jakinarazi zuen, eguzki krema marka askok ez dituztela deskribapen guztiak ipintzen euren etiketetan. Hitz gutxitan esanda, kontsumitzaileak engainatzen dituzte. Adibidez, etiketetan ezartzen ez den osagaietako bat oxybenzone -a da. Osagai honek erreakzio alergikoetan du eragina, urrutirago jo gabe.

Beraz, esandako guztia laburbilduz, eguzki kremak ez dira oso fidagarriak ez gizakiarentzat eta ezta gainontzeko izaki bizidunentzat ere. Alde batetik, ez dute euren funtzioa betetzen -minbizia eta beste gaixotasun batzuk saihestu- eta, bestetik, poteetako etiketetan ipintzen diren osagaiak ez dira erabat ziurrak.

Comments { 0 }

Hurrengo eguneko pilula, konponbide ala arazo?

Denok entzun dugu hurrengo eguneko pilula oso maiz kontsumitzea txarra dela, baina benetan ez diogu inoiz garrantzi handirik eman. Duela hilabete batzuk, El Diario Vasco-ko artikulu batean 23 urteko emakume bati jazo zitzaion gertaera tamalgarria irakurri ondoren, benetan ez dela txantxetan hartzeko ezer konturatu eta horri buruz idaztea erabaki nuen.

Gaiaren haria jarraitzeko, 23 urteko neska gazte batek garun-infartu bat pairatu zuen. Madrilgo ospitale batean ari dira kasua aztertzen eta askok diote hurrengo eguneko pilularen ondorioz jasan zuela infartu hau. Hala ere, badago susmo txiki bat gaixoak jasaten zituen migrainen ondorioz izan zela. Beraz, kasu honek sortutako buruhaustearen ondorioz eginiko gogoetarekin jarraituko dugu, nahiz eta oso garbi ez izan albo-ondoriorik baduen.

Benetan egokia dela iruditzen zaizue pilula hau antisorgailu bezala erabiltzea? Egia bada inongo albo-ondoriorik ez duela eta honen gehiegizko kontsumoa ez dela desegokia, zergatik ez erabili, orduan, antisorgailu moduan? Lehen aipaturiko gertaera tamalgarri horretan, oraindik ere ez dute erabat ziurtatu, baina, teoria moduan, pilula honen ondorioz neska gazte honek ictus bat jasan duen aztertzen ari dira. Dena den, ez dute baztertu beste hainbat kausa.

Egia da larrialdiko une batean, haurdun gaudela uste dugunean, pilula honek estuasun batetik atera gaitzaikeela; baina, nire uste apalean, kontuan izan beharko genuke, behin eta berriz erabiltzekotan,  ustezko albo-ondorio hauek: goragaleak, bertigoa, nekea, bularretako mina eta hilekoaren gorabeherak…

Gogoeta honi amaiera emateko, zera esango nuke: nahiz eta hainbat eta hainbat emakumek pilula hau antisorgailu modura erabili eta ezer ez gertatu edota nahiz eta horren ondorioz inongo albo-ondoriorik ez duela pentsatu, zer gertatuko litzateke kontrakoa gertatuko balitz?  Eta kontu pixka batekin erabiliko bagenu?

Comments { 1 }
-->