Archive | gizartea

RSS feed for this section

Lo egiteko bidaia

Aurrekoan, nire lehengusu txikiarekin Bilbora autoan nindoala, 4 aldiz galdetu zuen ea iritsi ginen, baina behin eta berriz erantzun bera jaso zuen: EZ! 7 urteko lehengusua ere kontziente zen gurasoek euren artean aipatutako legedia berriak ekarritako ondorioez. “Aita polikiegi zoaz, berandu iritsiko gara!” “Barkatu, baina pixka bat azkarrago joanez gero isuna jarriko digute”.

Argi eta garbi ikusten da abiadurari lotutako legedia berri honek zeresan handia ekarri duela. Autobietan eta autopistetan 110 kilometro orduko abiaduran zirkulatu ahal da gehienez. Petrolioa garestitzen ari da, eta Alfredo Perez Rubalcabak dio petrolio barrila hamar euro igoz gero, 6.000 milioiko gastua ekarriko lukeela. Horregatik, abiadura berri honetan ibiliz gero, 18 milioi aurreztuko liratekeela aurreikusten da, hau da, 1.400 milioi euro. Neurri hau petrolioaren arazoa amaitu bitartean izango dela diote, uztailera arte gutxienez.

Egia esan, datu hauek ikusita, teorian aurreztu beharko litzatekeena kopuru handia izango litzateke, baina egia izango ote da kopuru hori aurreztuko dugula? Zuen ustez, abiadura maximo hori errespetatuko al da?

Galdera hauek ez dira oso zentzuzkoak; izan ere, garbi dago ez direla neurri hauek beteko. Pazientzia handia behar da kilometrotako bide zuzen batetik abiadura horretan joateko. Gainera, denbora asko beharko litzateke helmugara iristeko. Hau ikusi eta gero, dirua aurreztea bada helburua, ez al da diru mordoa gastatu seinale aldaketarekin? Ez hori bakarrik, lege hau bete dadin eta jendeak muga hauek errespeta ditzan, radar gehiago jarri dituzte. Honek ere gastua izango zuen, ez?

Beste ildo batetik, badago nor edo nor hartu berri diren neurri hauek isunen bidez dirua irabazteko metodo bat baino ez dela esaten duenik. Egia esan, ez da inolako astakeria; izan ere, zenbait lekutan abiadura hau motzegi gelditzen baita. Honen aurrean, jendeak azeleragailua zapaldu eta, konturatzerako, abiadura muga pasa du.

Honela, hasieran kontatzen ari nintzen pasartearekin jarraituz, Bilbora iritsi ginen, baina gidaria ez zen gai izan abiadura horretan bide osoa egiteko, lehengusu txikiari jaramon egin behar izan zion autoa 120an jarriz. Honela, bada, hirira iritsi aurretik radarrak argazkia atera zigun. Arazoak arazo, aurrezteko jarria den neurri honek gure bidaia garestitu zuela esan daiteke.

Comments { 1 }

Aberastasuna=axolagabekeria?

Telebistako kate askotan, jendearen dirutza agerian uzten duten programa gero eta gehiago daude azkenaldian: Casadas con Miami (Cuatro), Hijos de papa (Cuatro), Quién vive ahí (La sexta)... Telebista saio horietan Espainiako eta Estatu Batuetako aberatsen etxeak ikusi edota beraien kontu korronteetako zero kopuruez jakin dezakegu. Esther Porto, Maria Bravoeta Cristina Tarregabezalako pertsonaiak agertzen diren programa hauetan, Espainiako eta Estatu Batuetako aberatsek euren dirutza nola xahutzen duten ere ikus dezakegu: Luis Vuittoneko 1.560 euroko poltso bat, Monclereko 1.000 euroko jaka bat, Suarezeko 1.796 euroko eraztun bat… Halaber, dantzaleku bat erabilera pribatu baterako erreserbatzen dutela jakin dezakegu, edo dirudun horien etxe barrura sartu eta Eva Longoria bezalako lagunen bisiten lekuko ere izan gaitezke.

Saio horiek, nire iritziz, oso aukera ona ematen dute inbidia pasatzeko, edota gaur egun munduan ematen ari diren zorigaitzez ahazteko (Japoniako hondamendia, krisialdi ekonomikoa…). Dena den, alde positibo hori ikusi arren, esan beharra daukat, pairatzen ari garen krisialdi ekonomikoa eta jendea bizitzen ari den pobrezia kontuan hartuta, lotsagarria iruditzen zaidala horrelakoak emititzea. Nik uler dezaket ez dela beraien errua aberatsak izatea, baina ulergaitza iruditen zait, sekulako dirutzaz gozatzeko aukera izanda, behardunei laguntzeko gogo izpirik ere ez izatea.

Gainera, orain dela pare bat urte horrelako saio batean ikusi nuen bonbazian bizi zen pertsona batek bere zebitzaria zakur bat balitz bezala maneiatzen zuela alde batetik bestera. Ez hori bakarrik, “chacha” edo “criada” bezalako mespretxuzko izenak erabiliz deitzen zion. XXI. mendeko telebista saio batean aberatsek beraien zerbitzariekiko dituzten jarrera gutxiesgarriak telebistan ikusi ahal izatea lotsagarria iruditzen zait.

Gaur egun, munduan 1.300 milioi pertsona daude dolar bakarra dutenak egunean, eta 3.000 milioi pertsona eguna 2 dolarrekin igaro behar dutenak. Datu hauek kontuan izanda, axolagabekeria izugarria iruditzen zait 5 pisuko etxe, Ferrari pare bat eta 3 etxebizitza gutxienez duen jendeari buruzko telebista saioak egitea. Amaitzeko, iruditzen zait programa hauen erruz aberats guztiak inozoak eta axolagabeak direla uste dugula. Ez da, agian, horrela izango; halere, saio hauek direla eta, bonbazian bizi diren guztien iritzi orokor negatiboa jasotzen dugula garbi dago.

Comments { 0 }

Telezaborrak harrapa ez zaitzan, zoaz paseo bat ematera…

Etxean asperturik nengoela, telebista piztea bururatu zitzaidan. Lehenengo katean txutxu-mutxu besterik ez zegoela ikusi nuen bezain pronto, nire gustuko programa baten bila hasi nintzen. Ez nuen nire helburua lortzerik izan, hutsean geratu zen; izan ere, kate guztietan ‘zaborra’ besterik ez zegoen. Telebista itzali nuen. Hori al da egungo telebistak ikusleei eskaintzeko duena? Uneoro mota horretako saioak?

Ez dago dudarik egungo telebisten helburua euren ikusle kopurua handitzea dela, inongo arau etiko edo moralik ezarri gabe: guztiak balio du. Hori dela eta, kate guztiek, publiko zein pribatu, arau moral guztiak hausten dituzte bere ohiko edukia degradatuz. Esate baterako, zenbatetan ikusi ahal izan dugu telebistako eztabaidaren batean, gaia landu ordez, parte hartzaileek tirabiran jardutea? Nire ustez, hor dago benetako arazoa: oraingo telebistak ez du bizitza publiko eta pribatuaren arteko muga beeizten.

Ez dago esan beharrik irensten dugun zaborrak eragin handia duela gaur egungo gizartean, hori baita gehiengoak kontsumitzen duena. Horren adibidea da “sasiospetsu” hauen esaldiak nonahi aurkitzea. Nork ez du inoiz, kalera irtetean, “Yo por mi hija, mato!” eta esaldi horretatik eratorriko beste hainbat entzuteko betarik izan? Nik, zoritxarrez, askotan.

Edozein modutan ere, onartu beharra dago era honetako programek askotan deskonektatzen laguntzen digutela. Gehienetan, lanetik bueltatzen direnek ez dituzte gai edo eduki konplexuez aritzen diren saioak ikusi nahi izaten, nahiko buruhauste izaten baitituzte lanean, telebista piztu eta antzeko gaiak entzun behar izateko. Dena den, mila eta bat era daude eguneroko arazoetatik ihes egiteko, hala nola, pelikula on bat ikusi, kirola egin edo, liburu baten istorioan murgilduz, irakurketaz gozatu.

Hau guztia laburbilduz zera esan daiteke: saio hauen kontrako argudioak aldekoak baino pisu handiagokoak dira. Nire uste apalean, saio hauek ikustekotan, buru pixka batekin ikus beharko genituzke, bertan erabiltzen diren hitzak eta jarrerak oinarri edo adibide bezala erabili gabe. Gizarteari mesede egingo genioke, gure izatea edo etika telebistako show hauetatik babestuz, geu izaten jarraituko bagenu.

Comments { 2 }
-->