Archive | gizartea

RSS feed for this section

Aberria maitatzea delitu bihurtzen denean

Aminatou1Asko idatzi eta hitz egin da azken asteetan -egunkari, telebista, irrati, internet edota bestelako komunikabideetan- Aminatou Haidar ekintzaile sahararrari buruz. Emakume hau Mendebaldeko Saharako hiriburu den El Aaiún-en jaio zen 1967an eta oso gazte zenetik eman du, bide baketsuen bidez beti ere, sinisten duenaren alde egiten, Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra errealitate izan dadin alegia.

Ustez bidezkoa denaren alde egitearren emakume honek azaldutako adorea garesti atera zaio: jazarpenak, epaiketarik gabeko espetxeratzeak eta torturak, beste basakeria askoren artean. Azkenekoz, pasa den urteko azaroaren 13an, sari bat jaso ondoren New Yorketik zetorrela, El Aaiúneko aireportuan atxiki zuten bi kazetari espainiarrekin batera, eta egun bat geroago hiriburutik egotzi zuten eta Lanzarotera bueltarazi, Haidarrek fitxa polizialean bere burua marokoartzat jotzeari ezezkoa eman zionean. Hala, hogeita hamabi egun eman zituen gose greban, bere herrira bueltatzeko aldarrikapenari une oro eutsiz.

Aminatou Haidarrena ez zen gose greba hutsa izan; bere bizitza osoan, beste aberkide askorekin batera, eman duen borrokaren erakuslearen sinbolo bat baizik. Borroka honetan, munduan izaten diren beste gatazka askotan bezala, fronte boteretsu eta ahul bat dugu, Maroko eta Sahara hurrenez hurren. Hala ere, ahultasun horren aurrean sahararrek indarra atera ahal izan dute munduari esateko bertan daudela, nazioa direla, eta nahi dutela, bakean eta askatasunean, zer izan nahi duten erabaki, bide demokratikoei gogor eutsiz hainbatetan ukatu zaien autodeterminaziora heltzeko.

Haidar hainbat aberkiderekin, Saharako bandera eskutan daramatelaAminatou borroka horren ikur bilakatu da azkenaldian, hilzorian egon ostean, bere osasuna sinesten duen kausaren alde jokatuz, beharko lukeena eta ez dena defendatzearren alegia. Familiarengandik, lagunengandik, herritik… urrun mantentzen saiatu dira, bakoitzaren aberria maitatzea eta defendatzea delitu balitz bezala. Ez dute lortu, ordea. Azkenean, Marokori hitzaren boterearen, borroka baketsuaren eta garrantzitsuagoa den saharar herriaren aurrean makurtzea besterik ez zaio geratu; horrela, argudio guztiak agorturik, Haidarren El Aaiúnera buelta onartu behar izan du. Haidarrek bataila bat irabazi du, baina bide luzea geratzen zaio oraindik, noizbait, Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra errealitate bilakatzea nahi badu.

Beraz, Saharak bizi duen gatazkak hortxe dirau eta hortxe jarraituko du boteretsuek herriari hitza ematen ez dioten bitartean; horixe baita, nire uste apalean, askori entzutea zail egiten bazaie ere, munduan dagoen gatazka askori amaiera emateko bide bakarra: autodeterminazioa. Beti ere, bide politiko, demokratiko eta baketsuak erabiliz, azken batean kausa edo ideia batzuen alde egiteko dagoen biderik duinena. Mahatma Gandhi handiak behin esan zuen bezala: “Odol ibaiak igaroko dira gure askatasuna irabazi aurretik, baina odol horrek geurea beharko du.”

Hementxe uzten dizuet Aminatou Haidarri gose greban zegoela egin zitzaion elkarrizketa. Ingelesez dago, baina uste dut balioko duela emakume honek sufritu duen bidegabekeriaren ideia zabalago bat egiteko.

Comments { 4 }

Zenbat elektroi balio du emozio batek?

argiak1Aurtengo Eguberrietan gertuen dugun hirira, Donostiara, joanez gero, ez dugu ez izarrik, ez kandelarik, ez koloretako lerarik eta ezta bestelako apaindurarik ikusiko kaleetan zintzilik; Gabonetako argirik ere ez. Udaletxeko terrazan eta Boulevarden soilik daude garai hauetan karrikak girotzen dituzten bitxikeriak, apaindura apalak, hori bai. Izan ere, krisiak eguneroko alderdi guztiei eragiten die eta ospakizun egun hauetan kaleak apaintzen dituzten argiak ez dira salbuespen bat izan. Horregatik, aurten, hamabi autonomiatako hiriburuek argi hauek ekartzen dituzten gastuak ekidin behar izan dituzte aipatutako krisiak eragindako galerengatik. Ni ez naiz neurri honen aldekoa; izan ere, ez dut beharrezkoa ikusten.

Hasteko, argirik gabe ez da giroan Gabonetako izpiriturik sumatzen, oso tristea da kalera irten eta egun berezi hauetan gaudela ez antzematea. Ni planetaren kudeaketa iraunkorraren aldekoa naiz, eta badakit neurri honekin energia asko aurrez daitekeela, baina aurrezteko beste modu batzuk daudela iruditzen zait, Gabonetan hiritarrak kaleetako argirik gabe uztea ekiditen dutenak. Esate baterako, hiri hauetan argiak beranduago piztea (esan bezala, GABONETAKO argiak dira; ez da beharrezkoa azaroaren erdialdean pizten hastea!), argiak ordu gutxiagoz piztuta mantentzea (Madrilen gaueko hamarretan itzaltzen ari dira aurten) eta kontsumo baxuko argiak erabiltzea (LED-ak). Ekintza hauei argiak piztea baina alferrikakoagoak diren akzio batzuk erantsiz gero, benetako Eguberri giroa izan ahal izango genuke kaleetan, iraunkortasuna alde batera utzi gabe. Aipatutako LED argiek tradizionalek baino %75-%90 energia kantitate gutxiago behar dute argi kantitate berdina emateko. Gainera, gehiago irauten dute, hondakin gutxiago sortuz, eta besteek baino kolore politagoak dituzte. Beraz, merezi du hauek erabiltzea. Artikulu hau idazteko informazio bila nenbilela, eguzkiaren energiaz baliatuz argia ematen duten LED argien iragarpen batekin ere egin dut topo. Gabonetan ez dira oso ohikoak egun eguzkitsuak, baina eguneko argiaren zortzi ordu nahikoa dira argi hauek 9 orduz piztuta egoteko, gau osoa, alegia.

Horren haritik, kaleetan argirik ez egoteak ez du hiritarren Gabonetako izpirituan soilik eragiten. Hirientzako kaltegarria iruditzen zait, salerosketan eta turismoan eragina baitu faktore honek; izan ere, frogatuta dago argiek jendea erostera bultzatzen dutela. Alde batetik, kanpotarrek, edo ni bezalako inguruetako jendeak, beti izaten dute ilusio handiagoa hirira joateko erosketak egitera, argiz apainduta dagoela jakinez gero. Bestetik, hiritarrek ere gogo gehiago dute hotza alde batera utzi eta kalera irteteko paseotxo bat ematera edo; eta denok dakigu, normalean, kalera irtetean gasturen bat egiten dela, batez ere Gabonetan. Horregatik, denda askok euren kontura apaintzen dituzte erakusleihoak erosleak erakartzeko.

kaleetako argiakArtikulu hau idaztea erabaki nuenean, egia esan, ez nuen oso argi nire iritzia. Alde batetik neurri egokia iruditzen baitzitzaidan energia gutxiago xahutzeko neurriak hartzen hastea, planeta pikutara doala iruditzen baitzait. Baina, bestetik, tristura handia ematen zidan hirira joan eta Gabonetako giro hori ez nabaritzeak. Dena den, nik ez dut kexatzeko arrazoi handirik; izan ere, nire herrian, Ordizian, beti bezala apaindu dituzte kaleak . Hala ere, informazioa biltzen hasi orduko, argi ikusi nuen zein ikuspuntu defendatu. Irakurritako artikulu guztietan krisia, dirurik gabeko udaletxeen kutxak, kapitala aurreztea… aipatzen ziren, eta gai honi buruzko ikuspuntu okerra nuela konturatu nintzen. Udaletxeek ez dute neurri hau hartu energia gutxiago xahutzeagatik, dirua izan da arrazoi nagusia. Agian, krisiak ekarri duen arazo honekin, hurrengo urteetarako Gabonetako argien energia gastua txikiagoa izatea ekarriko duen argikuntza bat pentsatuko dute udaletxeek. Horrela izatea espero dut.

Beraz, krisia igaro eta hurrengo urteetan Gabonetako argiak kontu gehiagoz ipintzea ondo egongo litzateke, aipatutako neurriak kontuan hartuta eta modu estrategikoan; ez hiri batzuetan bezala, energia gastuan eta honek inguruneari dakarkion eraginean inongo begirunerik izan gabe. Penagarria iruditzen zait krisia iritsi behar izateak Gabonetako argien energia xahutzea kontuan hartzen hasteko, baina zerbaitetarako balio izatea espero dut behintzat.

Amaitzeko, lehen aipatu bezala, Donostian aurten ez dituzte kaleetan argiak ipini eta horrek, bideo honetan argi ikusten den bezala, bertako biztanleria bi iritzi ezberdinen arabera banatu du. Zer iritzi duzu zuk?

Comments { 6 }

Eskerrak boluntarioen elkartasunari!

behartsuaUrtero bezala abendu bukaera eta urtarrila hasiera iritsi dira eta horiekin batera, kaleetako apaingarriek, supermerkatuetako apalek, telebistako iragarkiek, Gabonak hemen direla adierazten digute. Eguberria familiarekin biltzeko sasoia da, familia loturik mantentzen duena askotan edota etxetik urruti nahiz hilda dauden pertsonen oroitzapenak ekartzen dizkigun garaia. Gabon-gaua, Urteberriarekin batera, urteko egunik ederrena eta atsegingarriena da batzuentzat, familia artean pasatzekoak biak. Beste batzuentzat, aldiz, azaroaren 5a bezalako egun bat da, urteak dituen 365 egunetako beste bat. Denok daukagu Gabonei buruzko ideia ona, pozgarria… baina aldi iluna ere badu, eta hori da artikulu honetan islatu behar dudana.

Egun hauetan, maiz ikusten dugu jendea, korrika eta presaka, supermerkatu edo denda batetik bestera Eguberrietako edo Errege magoetako opariak erosi nahian. Negu giroa dago kalean, euria eta hotza nagusitzen dira. Egun samurrak gehiengoentzat, baina ez kalean lo egiten dutenentzat, hauek ez baitute opariak erosteko dirurik, ezta ilusiorik ere. Donostian, esate baterako, ehun bat lagunek egiten dute lo egunero kalean. Gehiengo bat ez da kalean jaioa dena, lana galdu edo aurkitu ez duena baizik, eta honek edonor irits daitekeela kalean bizitzera ondorioztatzera eramaten nau. Nahikoa da, gaur egun bizitzen ari garen krisiaren ondorioz, lanpostua galtzea kalean bizi behar izateko beste zerbait aurkitu arte. Hauentzat bakardadea izango da lagun bakarra.

Artikulu hau idazterakoan, ez da izan nire asmoa ezkorra izatea; dena den, onartu beharra daukagu pertsona hauek gizartetik at daudela. Guk kalean ikusten ditugunean, ez ditugu onartzen; hau da, pentsamendu txarrak etortzen zaizkigu burura eta ez gara haien lekuan jartzen, inondik ere. Agian, batzuk bizimodu hori hautatu dutelako biziko direla horrela, baina gehiengo bat zoritxarren bat gertatzearen ondorioz izango delakoan nago. Hala ere, leku guztietan dago jende eskuzabala eta hauek osatzen dituzten zenbait elkarterentzat egoera hau ez da oharkabean pasatzen. Gaitz erdi!

behartsuak1Aipamen berezia egin nahi nioke Caritas ek sortu duen elkarte bati, Donostiako Aterpe elkarteari hain zuzen ere. Honek, urte osoan zehar, etxerik gabe daudenentzat zerbitzu ugari eskaintzen ditu: lo egiteko lekua, jantokia, egongela, erizaintza, higienea… 165 boluntario omen dabiltza bertan lanean, trukean ezer jaso gabe. Zorionez, boluntarioen elkartasunari esker, festa esanguratsu hauetan, hala nahi izanez gero, behartsuek jatorduak norbaitekin elkarbanatzeko aukera izaten dute. Euskal Herriko hiriburuetan, udalek utzitako aterpeetan Gabon-gaueko afaria prestatzen da. Afalordua goiz samar izaten da bertara iristen diren boluntarioek senideekin afaltzeko aukera izan dezaten.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: pertsona hauek guztion laguntzaren beharrean daude. Gu haien lekuan jarriko bagina, ez genuke beste alde batera begiratuko egoera honen aurrean. Asko ikasi beharrean gaude boluntario hauengandik eta ezkutuan dauzkagun baloreak kanporatu beharko genituzke. Gogoratu txiro hauek ez daudela kalean nahi dutelako, beste aukerarik ez dutelako baizik. Alabaina, gure laguntza merezi dutela uste dut, kalean goazenean irribarretxo bat besterik ez bada ere.

Ondorengo erreportajean ikusi ahal izango duzu gertuagotik zer den kalean bizitzea:

21 días con Samanta Villar entre cartones y en la calle

Comments { 8 }
-->