Archive | gizartea

RSS feed for this section

Gas ustiapen berriak ingurumenaren txikizioaren sortzaile

Frackinga. Orain arte niretzat ezezaguna zen hitza. Aljeriako berriak irakurtzen nenbilela zera ikusi nuen: “Aljeriako gobernuak begi onez ikusten du Frackingaren bidezko gas ustiaketa”. Hori ikusita haustura hidraulikoari buruz irakurtzen hasi nintzen, ondorio nagusi bat ateraz: “Dirua gizakiontzat eta Lurrarentzat larriki kaltegarria den gas ustiapen mota honen gainetik dago.”

Argazkia: US Environmental Protection Agency (jabari publikoa)

Argazkia: US Environmental Protection Agency (jabari publikoa)

Hasteko, gasa ustiatzeko teknika honek izugarri kaltetzen du ingurumena, paisaia itxuraldatzeaz gain. Gasa ustiatzeko ur kantitate oso handiak injektatu behar dira lur azpira, lurrazpiko harkaitzek eztanda egin dezaten eta bertan, tartean, dagoen gasa atera ahal izan dadin. Bada, kontua da, ekintza hauek oso kaltegarriak direla, besteak beste, lur azpiko uren kutsadura dakarrelako. Ondorio honek sutan jartzen nau, batez ere ur edangarriarekin arazoak dituzten lurraldeetan egiten dutelako sarritan ustiapen mota hau. Edateko ez, eta enpresa handiek dagoen ur gutxia erabiltzen dute. Ez hori bakarrik, lur azpian dagoen ur edangarria kutsatu ere egiten dute.

Jarraitzeko, presio hidraulikoaren ondorioz eztanda egindako harriek ere ondorioa larriak dituzte. Lurraren barruko egitura aldatzen dute eta horrek seismo edo lurrikarak areagotzea dakar.

Egia da obra hauetan guztietan gizartearen ongizate maila altuagoa lortu nahi dela, baina kontrolik gabeko ustiaketa hauen nagusiei badirudi ahaztu egiten zaiela amalurra ez dela berriro sortuko, eta diruak itsututa dabiltza izugarrizko hondamendia egiten. Arlo batzuetan ahalik eta ongizate altuena lortzeak beste aldeetan eskasiak eta arazo berriak sortzen ditu.

Bestalde, ozono-geruzarako oso kaltegarria den metano izeneko gasa botatzen du airera, berotegi efektua sortuz mundu osoan. Berotegi efektuaren ondorioa oso arriskutsua da, Lurraren itxura aldatuko luke eta leku askotan bizitzea ezinezkoa litzateke.

Argi dagoen gauza bakarra da lurrak bere fruituak ematen jarraituko duela, epe motzean behintzat. Baina ez dakigu noiz agortuko den Lurrak eskain diezagukeena. Eta une hori iristean zer egin? Benatako arazoa orduan etorriko da, errekurtso guztiak amaitzean eta amalurra erabat txikituta aurkituko dugun momentuan. Orduan ikusiko dugu denboran atzera ezin dugula egin eta egindako akats larriak konponezinak direla; beraz, beste bide batzuk aurkitzen hasi beharko gara.

Comments { 0 }

Kutsadura murriztu nahi? Susta ditzagun automobil elektrikoak!

auto-elektrikoak (FlickrCC)

auto-elektrikoak (FlickrCC)

Zer dute gaur egungo automobil elektrikoek? Nondik dator auto elektriko hauen iraultza? Zergaitik? Zein da zure iritzia? Agian, ez gaude oso informaturik gaur egungo ibilgailuez; beraz, jakin-mina piztu ahal izateko, hementxe duzue nahikoa datu.

Aurrerapen izugarri bat ekarri dutela garbi dago. Ez da asko begiratu behar eguneroko bizitzan dugun kutsadura ikusteko: lurrazpiko aparkaleku batera sartzean dagoen kiratsa usaintzearekin nabaria da auto normalek kontaminazio ugari sortzen dutela. Biztanle ugariko hirietan ere, eguna amaitzerako, behelaino moduko bat azaltzen zaigu: erabateko kutsadura. Hau saihestu al dezakegu? Ba al da alternatibarik?

Bada, nire iritziz, aurrerapauso handiak eta sendoak eman dira azken 5 urteotan. Automobil hibridoen (hybrid) kopurua handitzen ari da, hau da, gasoila eta elektrizitatea motor ezberdinen artean konbinatzen dituztenak. Sistema honekin airearen kutsadura erdira ere jaits dezakegu; izan ere, motor elektrikoak (70km/h-ko abiadurara hel daitezke) izugarrizko abantaila eskaintzen du alde honetatik. 70km/h-ko abiadurara arte motor elektrikoa erabiliz gero, airearen poluzioa murrizteaz gain, kutsadura akustikoa ere asko jaisten da. Beste era batera esanda, askoz ere soinu gutxiago sortzen dute.

Dena ez da albiste ona; izan ere, auto hauen kostua altua da, oso altua. Halere, hasieran duten kostu altu hori segituan amortizatzen da, gasoil edota gasolina asko aurrezten baita motor elektrikoek ez dutelako batere gasoilik behar. Azken 5 urteetan gasoilaren prezioa BIKOIZTU egin da. Oso datu interesgarria. Horrela, gure hasierako prezio altua amortizatzeko epea erdira jaisten da.

Gaur eta hemen dugun egoera ekonomikoarekin badakigu zaila dela horrelako aurrerapenak bultzatzea, baina badago lortzea. Plan antzekoak aurrera eramateko dirua badagoela seguru nago, gure osasuna baita aurreneko gauza, eta airearen kutsadura jaistea izan beharko litzateke lehentasunetako bat. Ez litzateke batere gaizki etorriko gure “agintarien” soldatak pixka bat jaistea eta plan hauetako baterako diru-laguntzak ematea. Adibide bat jartzearren, 3000 € ez da izugarrizko laguntza, baina, era berean, bultzada ederra ematen du. Laguntza horrekin, adibidez, horrelako autoak erostea errazagoa litzateke.

Ez al da pauso bat emateko momentu ona? Nire ustean, denok borrokatu beharko genuke ingurune osasuntsuagoa lortzeko. Horretarako laguntzak eskatu beharko genituzke, aldarrikatu eta saiatu, horiek lortu arte; izan ere, denok batera eta ahal bezain laster pelaskatzen badugu, lortuko dugu; denen artean lortzen direlako nahiak. Eta nork ez du ingurumen garbi bat nahi eta horretarako diru-laguntzaren bat jaso nahi? Mugi gaitezen, denon artean lortuko dugu eta!

Gehiago jakin nahi baduzue, ikus ezazue ondorengo bideoa:

Comments { 0 }

Eskola bereziak ahalmen handiko ikasleentzat?

Wikimedia Commons

Wikimedia Commons

Talentu aparteko umeen %40k, adimen mailari dagokionez, ez du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) amaitzea lortzen. Zergatik? Bada, ez direlako nahikoa akuilatuak sentitzen gaur egungo heziketa-sisteman. Hori baieztatzen du MENSAk, adimen-koziente altua duten pertsonei zuzendua dagoen erakundeak.

Antolakunde honen presidenteak, Javier Achiricak, ahalmen handiko kolektiboaren arazo handienetako bat sistema-hezitzaileak ez diela nahikoa arreta eskaintzen azaltzen du. Beraz, ume asko klasean aspertu egiten dira eta ez dute atentzioa jartzen;  ondorioz, zailtasunak dituzten ikasleak bezala kontsideratzen dira.

Zer egin beharko genuke orduan adimen handiko ikasleekin? Eskola berezitan ikasi beharko lukete beste umeekin harremanik eduki gabe ala beste ikasle arruntekin batera? Hori da hainbatetan eztabaida sortzen duen gaia.

Argi daukagu talentu aparteko haur guztiek ez dituztela ezaugarri edo berezitasun berak. David Wechsler psikologoaren eskalaren arabera, 130 edo 130 baino gehiagoko adimen-kozientea edukiz gero, haur edo ume hori ahalmen handikoa kontsideratzen da. Hala ere, oso garrantzitsua da haur bakoitza banan-banan aztertzea; izan ere, ez baita nahikoa datu hori haur guztiak sailkatzeko. Batzuek sormen izugarria izango dute; beste hainbatek, aldiz, matematiketarako egundoko abilezia; beste batzuek, ordea, idazmenerako grina, fisikarako erraztasuna… Beraz, haur bakoitza arlo batean (edo bat baino gehiagotan) nabarmenduko da. Hortaz, haur horiek dituzten talentuak ondo ikertu eta gero, horretatik ahal den onura gehien lortzen saiatu behar da.

Esango nuke ikasle hauei eskola berezitan ikasteak ez liekeela abantaila handirik ekarriko adimenarekin zerikusia ez duten beste alderdi batzuk garatzeko orduan. Alde batetik, ez lukete izango beste ikasleekin harremanik izateko aukerarik. Horrela bada, ez zuketen ikasiko zer den laguntasuna, aniztasuna, ezberdinen arteko elkarbizitza… Arazo asko izan ditzakete etorkizunean.

Bestetik, ez ditugu ahaztu behar haur hauen dohainak. Oso garrantzitsua eta baliagarria da ume hauen bertuteei ahalik eta etekin gehien ateratzea. Izan ere, gogoratu dezagun, motibazioa, erronka ezberdinak, buruketa konplexuak… behar dituztela beraien irudimenari eta gaitasunari ahal adina zuku ateratzeko.  Horrek, gainera, aurrerapausoak ekar ditzake edozein alorretan.

Beraz, behar-beharrezkoa ikusten dut eskola guztietan laguntza-gela dagoen bezala, talentu apartekoentzat ere gela berezi bat egotea, betiere, egokitutako irakasleekin. Horrela, beraien trebeziak ahalik eta gehien garatzeko aukera izango dute, beste ikasleekin harremanak mantenduz, gauza berriak ikasteko motibazioa galdu gabe eta klasean aspertzeko denborarik izan gabe.

Comments { 0 }
-->