Archive | hitzaro

RSS feed for this section

Ordizian, gazteak piropoketan

Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak gazteei zuzendutako III. Piropo Lehiaketa antolatu du, herriko ikastetxeekin elkarlanean. Lehiaketa, gazteen artean euskarazko erregistro kolokiala sustatzeko EBPNtik (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) egiten den lanaren proposamen berria da.

Martxoaren 30 bitartean, euskara@ordizia.org helbidera euren piropoak bidaltzeko aukera izango dute 14 urtetik gorako gazteek. Era berean, ikastetxeetan nahiz udaletxean (Kale Nagusia 26) aurkez litezke lanak, eta bertan eskura daitezke, halaber, lehiaketa arautzen duten oinarriak.

Hiru maila edo adin-tarte bereiztu dituzte lehiaketako oinarrietan: 14-15 urte (DBH3), 15-16 urte (DBH4) eta 16 urtetik gorakoak. Lagun bakoitzak ezin izango du esamolde bat baino gehiago bidali, eta esamolde guztiek jatorrizkoak eta norberak sortuak izan beharko dute. Hots, originaltasunari erreparatuko zaio, “inork esan gabeko hori, inork esango ez lukeen moduan� esateari.

Gaia, euskarazko piropoa da; esamoldeak euskaraz behar du izan, euskara bizi eta askean. Izan ere, epaimahaiak bereziki begiratuko dio testuaren zuzentasunari, jatortasunari eta egokitasunari. Hauxe adierazi dute Euskara Zerbitzutik:

Lana aurkezten duen gazteak ondo pentsatu beharko du maite duen horri zer esango liokeen, eta, batez ere, nola esango liokeen. Garrantzitsua da euskarak ematen dituen aukerak arakatzea, bideak bilatzea, euskarak ere bide bat baino gehiago baitu.

Proposamen guztien artean, hautapen batzorde batek aukeratuko du maila bakoitzeko piroporik onena. Horien egileek, diru-saria jasoko dute, bai eta saritutako leloa serigrafiatuta daramaten 10na kamiseta ere, nahi izatera euren lagunen artean banatzeko.

Aurreko bi urteetako piropo lehiaketara lan asko aurkeztu izan dituzte Ordiziako gazteek, eta antolatzaileek lanak izan dituzte piropoak hautatzen. Gauzak hala, honako gomendioa egin nahi diete gazteei: “Laburra bi aldiz hobea da, baita piropoetan ere!�.

Aurreko urteetan egin den antzera, lehiaketara aurkeztutako piropo guztiak bildu eta poltsikorako liburuxka batean argitaratuko dituzte Euskara Zerbitzukoek.

Comments { 0 }

IV. Film Laburren Zirkuitoa, Herri Antzokian

Film laburrakEuskal Herri osoko hogeita hamazazpi herritara eramango du aurten Film Laburren Zirkuitua Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, eta tartean baita Ordiziako Herri Antzokira ere, Hitzaro Euskara Elkartearekin eta Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. IV. Film Laburren Zirkuitua da aurtengoa, eta sei film labur biltzen ditu: Ane Muñozen Loturak (2006), Asier Altunaren Sarean (2005), Oskar Galanen Xoxoak beleari ipurbeltz (2005), Iñaki Beraetxeren Osaba Jaxinto (2003), Koldo Almandozen Midori (2006) eta Jon Anduezaren Bilintx (2006).

Bihar, asteazkena, hilak 21, ikusi ahal izango dira aipatutako filmak Herri Antzokian, 19:00etan. Antolatzaileen arabera, “euskaraz egindako zinema ezagutaraztea� eta “Ordiziako kultur eskaintza aberastea� da emanaldiaren helburua. Filmeen egileak eta ikus-entzuleek elkar ezagutzea ere bada beste helburuetako bat. Horretarako, emanaldiaren ondoren solasaldia egingo dute zuzendarietako batekin: Ane Muñoz hondarribiarrarekin. Muñozek, ikusleen galderak erantzun eta bere iritziak eta esperientziak kontatuko ditu. Hain justu ere, Ane Muñozen Loturak filmaren estreinaldiarekin hasi da aurtengo Euskarazko Film Laburren Zirkuitua. Irungo Amaia kultur zentroan estreinatu zen filma, otsailaren 21ean.

Aurreko urteetako emanaldiek arrakasta handia izan zuten Ordizian, 120tik gora lagun bildu baitziren Herri Antzokian. Horiek baino ikusle gehiago bildu nahi lituzkete antolatzaileek bihar, eta film laburren gaineko kartel eta esku-orriak banatu dituzte Goienizeko ikus-entzuleen, Maizpide barnetegiko ikasleen, Hitzaroko bazkideen eta Ordiziako mintzalagunen artean: “Ikusle berriak bilatzea eta adin guztietako jendearengana heltzea nahi genuke», diote aho batez Hitzarokoek eta Euskara Zerbitzukoek. Hargatik, dei berezia egin diete herritar guztiei datorren asteazkenean Herri Antzokira hurbil daitezen.

Emanaldia doan izango da Hitzaroko bazkide eta mintzalagunentzat, eta gainerakoek, berriz, euro bana ordaindu beharko dute.

Comments { 0 }

Euskarazko filmak eskola orduetan

pailasokeriakMartxoan zehar, eskolatik irten eta Herri Antzokira gerturatuko dira Urdaneta nahiz Jakintza ikastetxeetako ikasleak, euskarazko hiru filma ikustera: “Pailasokeriak�, “Mozart txakurra� eta “Sorgin bat etxean�. Tinko Euskara Elkarteak euskaratu ditu hiru filma horiek, eta Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak eskainiko dizkie Ordiziako eskolaumeei, EBPNaren (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) barruan. Filmak Herri Antzokian ikusiko dituzte, eskola orduetan.

Datorren asteazkenean, emango dute lehenengo filma, 09:30ean: “Pailasokeriak�, 4 eta 5 urteko umeek ikusiko dute. Datorren ostiralean, hilak 9, “Mozart txakurra� ikusiko dute Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailetako ikasleek. Eta, azkenik, Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailetako ikasleen txanda etorriko da: martxoaren 12an, astelehenez, “Sorgin bat etxean� eskainiko zaie.

Helburu argia dauka Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskara Biziberritzeko Planaren (EBPN) baitan Zinema Ikastetxeetara egitasmoa sartzearekin: herriko haurrek filmak euskaraz ikusteko aukera izatea, eta, ondorioz, haurrengan zinea euskaraz ikusteko ohitura sortaraztea. “Horregatik, ahalik eta haur gehienengana iristeko asmotan, ikastetxeei egiten diegu euskarazko filmak ikustera zinemara joateko eskaintza�, aipatu dute.

Comments { 0 }
-->