IV. Film Laburren Zirkuitoa, Herri Antzokian

Film laburrakEuskal Herri osoko hogeita hamazazpi herritara eramango du aurten Film Laburren Zirkuitua Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, eta tartean baita Ordiziako Herri Antzokira ere, Hitzaro Euskara Elkartearekin eta Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. IV. Film Laburren Zirkuitua da aurtengoa, eta sei film labur biltzen ditu: Ane Muñozen Loturak (2006), Asier Altunaren Sarean (2005), Oskar Galanen Xoxoak beleari ipurbeltz (2005), Iñaki Beraetxeren Osaba Jaxinto (2003), Koldo Almandozen Midori (2006) eta Jon Anduezaren Bilintx (2006).

Bihar, asteazkena, hilak 21, ikusi ahal izango dira aipatutako filmak Herri Antzokian, 19:00etan. Antolatzaileen arabera, “euskaraz egindako zinema ezagutaraztea� eta “Ordiziako kultur eskaintza aberastea� da emanaldiaren helburua. Filmeen egileak eta ikus-entzuleek elkar ezagutzea ere bada beste helburuetako bat. Horretarako, emanaldiaren ondoren solasaldia egingo dute zuzendarietako batekin: Ane Muñoz hondarribiarrarekin. Muñozek, ikusleen galderak erantzun eta bere iritziak eta esperientziak kontatuko ditu. Hain justu ere, Ane Muñozen Loturak filmaren estreinaldiarekin hasi da aurtengo Euskarazko Film Laburren Zirkuitua. Irungo Amaia kultur zentroan estreinatu zen filma, otsailaren 21ean.

Aurreko urteetako emanaldiek arrakasta handia izan zuten Ordizian, 120tik gora lagun bildu baitziren Herri Antzokian. Horiek baino ikusle gehiago bildu nahi lituzkete antolatzaileek bihar, eta film laburren gaineko kartel eta esku-orriak banatu dituzte Goienizeko ikus-entzuleen, Maizpide barnetegiko ikasleen, Hitzaroko bazkideen eta Ordiziako mintzalagunen artean: “Ikusle berriak bilatzea eta adin guztietako jendearengana heltzea nahi genuke», diote aho batez Hitzarokoek eta Euskara Zerbitzukoek. Hargatik, dei berezia egin diete herritar guztiei datorren asteazkenean Herri Antzokira hurbil daitezen.

Emanaldia doan izango da Hitzaroko bazkide eta mintzalagunentzat, eta gainerakoek, berriz, euro bana ordaindu beharko dute.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->