Archive | kirola

RSS feed for this section

Amaiturik Ordiziako futbol zelai berria

Amaituak dira jadanik, aurreko urteko irailean hasi ziren lanak, eta urte askoren ondoren, Ordiziak itxurazko futbol zelai bat du, maila desberdinetako futbol talde ororentzat. Izan ere, orain arte belar naturalezko zelaia bazuen, baina bertan jubenil mailatik gorako taldeek joka zezaketen soilik, eta gainerakoek, ondoan zegoen “anexo� zelaian jokatu behar zituzten euren partiduak.

Guztiok dakigun bezala, futbol zelai honen egoera, eta futbol zelai esaten dut aparkaleku edo zezen plaza ez esateagatik, benetan tamalgarria zen, bertan jokatzen zutenentzat arriskutsua izateraino. Ez zen arraroa kristalak, botila txapak, burdin zatiak eta dena delakoak aurkitzea bertan jokatzen ari zinenean; izan ere, lehen aipatu bezala, beste zenbait gauzatarako ere erabiltzen baitzen anexoa. Ez zen oso gogokoa jokalarientzat, Ordiziako festetan zezen eta abarrek ibilitako leku berean futbolean aritzea.

Kexa askoren ondoren, azkenean lortu da Ordizian futbol zelai onargarri bat eraikitzea. Gainera, futbol zelai berri hau eraikitzeaz gain, atletismoko pista berria ere eraikiko da, futbol eta errugbiko taldeen zelaia izango denaren inguruan. Beraz, Ordiziako kirol guneek berreraketa izugarria jasango dute urte honetan zehar, honen emaitza Ordizia bezalako herri batek merezi dituen kirol-instalazioak izango direlarik.

Lehen zelaia dagoeneko amaiturik dago eta bertan hasiak dira jada futbol partiduak jokatzen. Baita orain arte Majori kiroldegian jokatzen ziren sofbol partiduak ere. Beraz, nahi duzuen guztioi gonbidatzen zaituztet bertara gerturatzea futbol edo sofbol partiduak ikustera. Ni jubenil taldeko jokalaria naizenez, bereziki gure partiduren bat ikusteko gonbitea luzatu nahi dizuet, larunbat arratsaldeetan jolastu ohi dugu etxean. Espero dut bat baino gehiago bertara azaltzea!

Gure argazkiak ikusteko, klikatu hementxe.

Comments { 6 }

2006ko Ziklokrosseko Munduko Txapelketak

Urtero bezela, aurten ere Ziklokrosseko Mundu Txapelketak jokatu dira eta aurten Holandako Zeddam herrialdea izan da hautatua. Dakizuenez, bertara hurbiltzeko aukera izan dut. Ostegun arratsaldean abiatu ginen hemendik autobusean hurrengo egunean iristeko asmotan. Bidaia luze eta bukaezin baten ostean, iritsi ginen gure heldulekura. Nekaturik eta hotzak egon arren, gauean bueltatxo bat ematea erabaki genuen holandar emakumeez entzunda genuena baieztatzera, eta hango emakumeen edertasuna lehendik kontatutakoarekin guztiz bat zetorrela ohartu ginen.

Larunbatean goizean goiz esnatu eta dena izozturik zegoela, Txapelketak izango ziren tokira joan ginen. Larunbatean bertan, bi proba jokatzen ziren, jubenilak eta 23 urtez azpikoak. Gurekin batera, lasterketan parte hartu behar zuen txirrindulari bat genuen, Jon Izagirre, eta, beraz, oso goiz iritsi ginen zirkuitura. Izugarri gustatu zitzaigun dena eta pixka bat itxaron ondoren, jubenilen lasterketa hasi zen.

Erwin Vervecken garaile
Lasterketa oso ikusgarria izan zen, eta azken itzulira arte ez zen podiuma erabaki. Irabazlea Boy Van Poppel holandarra izan zen eskaileratako tramoan sinetsezineko erasoaldi baten 0ndoren. Jon Izagirre ormaiztegiarrak ez zuen egunik onena izan eta 58. postuan amaitu zuen. Hona hemen lasterketaren emaitzak eta irudiak.

Bertan bazkaldu ondoren, arratsaldean sub-23en lasterketa izan zen, eta jubenilen lasterketaren antzera oso ikusgarria, azkeneko kurbaraino emozioa izan baitzen nagusi. Azkenean, Zdenek Stybar txekiarra izan zen garaile, eta urteko lasterketa guztiak irabazi ondoren faborito zen Niels Albert belgikarrak brontzezko domina “bakarrik” lortu zuen. Emaitzak eta irudiak.

Larunbateko lasterketak bukaturik, eta arratsalde osoa libre izanik, Amsterdamera joan ginen, eta zuetako asko pentsatzen ari denaren kontra, zintzo-zintzo ibili ginen. Gauean hotelera iritsi eta beste bueltatxo bat eman genuen aurreko gauean ikusitakoa ziurtatuz, gure ikusmenaren alaitasunerako.

Hurrengo egunean ajearekin esnatu ginen, baina gure buruak eskatzen zigunaren kontra, ohetik altxa eta, berriz ere, Zeddamera joan ginen. Igandea zen, eta, beraz, egunik garrantzitsuena. Egun honetan ere bi lasterketa zeuden, emakumezkoak eta profesionalak. Emakumezkoen karrera sub-23koenaren oso antzekoa izan zen, hasiera-hasieratik hiru lasterkari nabarmendu ziren eta faboritoa zen Daphny Van den Brand holandarraren zulatu baten ondoren, beste bien arteko sprint batean erabaki behar izan zen, eta garaipena 18 urteko Marianne Vos txirrindulari holandar gaztearentzat izan zen. Emaitzak eta irudiak.

Sven Nysek zorte txarra izan zuen Etxetik ekarritako otarteko batzuk jan ondoren, lasterketa nagusiaren txanda zen, profesionalena. Gauzarik azpimarragarriena lasterketa ikusten zegoen jendetza dela esango nuke, 40.000 bat lagun hurbildu ziren. Denboraldi osoan egiaztatu izan ahal zuenez, gizon bat zegoen jende guztiaren apustuetan, Sven Nys belgikarra. Lasterketa oso mugitua izan zen eta aldaketa asko izan zituen, baina, hala ere, gizon bat besteen gainetik zegoela ikusten zen, eta hura lehen aipatutako txirrindularia zen. Baina, ziklokrossaren legea erarik krudelenean agertu zitzaion Sven Nysi eta azken itzulian eroriko larri bat izan zuen. Lurrean botata eta minaren erruz ezin altxaturik erretiratu beste aukerarik ez zuen izan, eta ospitalean egindako erradiografiek aldaketako fisura bat agertu zuten.

Baina, erorikoa alde batera utzita, lasterketak jarraitu egin zuen eta azken itzuli indartsu baten ondoren Erwin Vervecken belgikarra suertatu zen irabazle. Etxeko txirrindularien artean, David Seco zen gure itxaropenik handiena, baina karrera txarra izan zuen, eta selekziokideko beste txirrindulariek pasa zutenean erretiratzea erabaki zuen, inongo arrazoirik gabe. Gure azken ordezkaria, Unai Yus, oso ondo aritu zen eta eta azken itzulian zulatu bat izan arren, 26.a amaitzea lortu zuen. Emaitzak eta irudiak.

Hauek izan ziren David Secoren hitzak karrera bukatu bezain laster:

“Egia esan, emaitza honek ez nau batere harritu, izan ere, Espainiako Txapelketen ondoren nire egoera fisikoak behera egin zuen. Azkeneko astean oso gutxi entrenatu dut, ea horrela indarrak hartzen nituen. Baina ez dit ezertarako balio izan. Lasterketan egin dudan irteerarekin oso gustura nago, zailena baitzen, baina karreraren erritmoa igotzen joan denean, behera egin dut. Horrez gain, eroriko bat izan dut eta horren ondorioz etsi egin dut. Horrela jarraitzeak ez zuen zentzurik, gogorik gabe eta horren atzean, eta erretiratzea erabaki dut.

Azkenean, egun batzuk lehenago izandako antzeko bidaia luze eta aspergarri baten ondoren, nekatuta baina pozik iritsi ginen hurrengo urtean berriz ere joateko asmoz.

Comments { 2 }

Txapeldunak ala burugabeak?

Zein neurritaraino da kirola kirol? Zein puntutaraino da kirola osasuntsu? Non dago kirola eta burugabekeriaren arteko muga? Askori ez litzaioke batere gaizki etorriko, ene uste apalean, galdera hauei buruzko erreflexio txiki bat burutzea; azkenaldian ondorioztatu ahal izan dudanez, egungo gizarteari kirolaren benetako helburuak ahazten ari zaizkio: errekorrak, marka hobeezinak, ezin gauzatuzko -praktikoki ezinezko- desafioak… ezinezkotasunaren hesiak hausten bide dituzten kirol ekintzen inguruan ari natzaizue, hain zuzen ere, “kirol ekintzak” bezala defini badaitezke.

Erreflexio hau guztia nondik datorren? Duela gutxi jasotzeko “zortea” izan dugun berri “harrigarri” batetik: nork ez du, azken egun hauetan, David Meca igerilari kataluniarrak buruturikoaren berri izan? Ezin uka dezakegu, euskaljakitunok, komunikabideen eskutik jaso dugun bonbardaketa itzela. Askok eta askok jakingo duzuen bezala, igerilariak, ostegunean, Jávea eta Ibiza (San Antonio) bereizten dituzten 110 kilometroak igerian burutu zituen “inork inoiz lortu ez duen erronka” gaindituz.

Zeharkaldia urtarrilaren 3rako antolatua izan bazen ere, 7ra arte itxaron behar izan zuen kataluniarrak itsasoa bare zedin, “igerigarri” egon zedin, hain zuzen ere. Zeharkaldia azken xehetasuneraino antolatua izan zen: catering eta berogailuaz hornituriko kazetarientzako itsasontzi bat, bere sendagile pertsonalarentzat eta aitarentzat bigarren bat, jarraipen zehatz bat eramateko helikoptero bat… Mecak kaiola baten barnean igeri egitea ere pentsatu zuen; dena dela, azken ideia hau alde batera utzi zuen “tranpa egin zuela” inork esan ez zezan.

“Ez dut ordain-agiriak begiratzen denborarik galdu. Zeharkaldiaren gastuak etorkizuneko inbertsio izango dira; horretarako nire eguneroko 20 kilometroko entrenamenduak”

Esan beharra dago, era berean, hau ez dela kataluniarrak buruturiko lehen “erronka gauzaezina” izan; zeharkatuak zituen, aurretik, Ness Lakua, San Frantziskoko badia Alkatraztik abiatuta, Gibraltargo itsasartea nahiz Tenerife eta Kanaria Handia uharteen artekoa. Ostera, penintsula eta Baleareen arteko distantzia, 110 kilometrokoa, izan da inoiz burutu duen luzeena. 26 ordu eman zituen kirolariak besakadaz besakada, gaua ere igerian eman zuelarik: milioi bat besakada inguru egingo zituela kalkulatzen dute adituek. Harrigarria benetan!

“http://www.elsiglodedurango.com.mx/images/news/deportes/2004/12/03641ece571da9c2eff512e851e49b6a.jpg� irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Ibizako San Antoniora iristear zegoela, azken kilometro horiek izan omen ziren guztietan gogorrenak; hasiera batean, ibilbidearen azken zati hori burutzeko ordu eta erdi eman beharko luke Mecak igerian. Dena dela, lau ordu atzeratu zen igerilaria, bere taldekideek distantzia eta korronteen kalkuluan buruturiko erroreen kausaz.

“Lau orduak tragikoak izan ziren. Ez nuen aurretik inolako zeharkalditan negarrik egin, baina azken atal horretan zehar ez nuen beste erremediorik izan, besoek erantzuten ez zidatela-eta, lortuko ez nuela pentsatzeak sortzen zidan haserrearen haserreaz.”

Ez hori bakarrik, ibilbidearen azken atal horretan medusa askorekin egin zuen topo igerilariak. Udan bezainbeste medusa daude neguan, jendeak horrelakorik ez dakien arren. Honek are zailagoak egin zituen, hortaz, azken kilometroak.

“Momentu txarrak pasa nituen, ezin bainuen burua uretan sartu eta eskularruak izanik ere, deskarga elektriko txikiak nabaritzen bainituen.”

Meca dugu, beraz, penintsula eta Baleareen arteko distantzia igerian burutzen LEHENA. HISTORIARA PASAKO DA, hortaz, bere izena eta egitandia, ezin-gauzatuzko balentria bat gauzagarri bihurtu duen pertsona gisa gogoratua izango da BETI.

Hau guztia berriari dagokionean. Eta orain, nire galdera: merezi al du, benetan, modu honetako zerbaitek?? Eredugarriak al dira, ongi pentsatuz gero, halako ekintzak? Ene uste apalean, eredugarri baino, zentzugabe litzateke honelako “balentria” bat deskribatzeko adjektiborik egokiena; zer zentzu du, bada, konponbiderik gabeko kalteak sor ditzakeen edonolako ekintzetan nork bere burua sartzeak? Zer zentzu du heriotzari hortzak modu honetan erakusteak? Mecari berari bere zeharkaldiaren arrazoiaz galdetzean, hauek izan ziren bere hitzak:

“Gauza hauek zergatik egiten ditudan? Ez ditut diruagatik soilik egiten. Horrela balitz, toreatzaile nahiz futbolari izango nintzateke, horretarako ausardia izan badaukat eta. Beste sentsazio batzuk bultzatzen naute; historia egin, horrelako zerbait lortzen lehena izan… gustuko dudalako eta nekatzen ez nauelako, distantzia luzeko zazpi mundialekin nahikoa ez dudalako. Abentura hauek nire bizitzaren zati dira.”

Bizitzaren amaia ekar dezaketen “abenturak” bizitzaren zati izan badaitezke, pertsonalki asko pozten nau honelako “abenturak” neure bizitzaren atal ez izateak. Abentura hitza komatxoen artean idaztearen arrazoia? Mecak eginikoa abentura bezala defini ezin daitekeela esango nuke, abentura orok zentzuzko helburu bat baitauka. Artikulu honi gainbegiratu azkar bat emanik, erraz asko jabetuko da edonor komatxo artean ageri den hitz kopuru handiaz. Komatxo hauen guztien zergatia? Aurretik aipaturikoa bera: ez dut uste Mecak buruturikoa “kirol ekintza” bat denik, honelako ekintzen berri izatean “zortedun” garela pentsatzen ez dudan modu berean. Gehiegikeriak gehiegikeria izango dira beti, eredugarriak ez diren ekintzak eredutzat jartzea guztiz burugabe den bitartean. Zer zentzu du, bada, makina bat ordu igerian eman ostean, hipotermiaz bizia galtzeko arriskuaz badiara hiltzeko zorian heltzeak? Pertsonalki, ez dut uste ospitaleratu ezean bizia galtzea lekarkiokeen froga batean saiatzen denak meritu handirik duenik. Erronka gogor orori erraztasunez erantzuten dionak du benetako meritua, ez helburu bat lortzeko hamaika arazo gainditu behar dituenak; eta are gutxiago arazo hauek osasunerako kaltegarriak -konponezinak- izanik, aurrera jarraitzea erabakitzen duen burugabeak.

Meca izan da distantzia hori igerian egiten lehena; asko eta asko etorriko dira honen ondoren, eta jarraian zer? Ahalik eta denbora gutxien erabiltzea izango da helburu etorkizunean, eta noski, etorriko da lehen emakumearen aupada ere. Distantzia handitzea otuko zaio norbaiti ondoren, eta nork daki zein neurritaraino konplikatuko dituzten gauzak. Beti zailagotu ahal izango dira gauzak, beti egongo da “urrunagoko” zerbait. “Impossible is nothing”, Nike marka internazionalaren esloganak dioen bezalaxe. Nork bere buruari erronka berriak jartzea onar daiteke, helburuen beharra du gizakiak bere zorionerako; jomuga jakin baten atzetik borrokatzearen premia norako hori erdiestean lortzen den betetasun pertsonalarekin justifika daiteke. Gauzek beste kolore bat jasotzen dute, ordea, muturrera eramaten direnean: kirola osasungarri izatetik kaltegarri izatera pasatzen denean, alegia. Edonork egin ezin dezakeen ekintza oro balentriatzat jo dezakegu, hori bai, baldintza egokietan amaitzen den bitartean. Begira diezaiogun beheko irudiari; zer ikus daiteke bertan? Eredugarria den egoera bat akaso? Supergizaki baten irudia ematen al du Mecak bertan? Nik ez nuke halakorik esango; arriskuak arrisku aurrera jarraitu eta sufrimendu jasanezin bat gainditzearen, bere “ausardia” azaltzearen eta bere izena eta izana “handi” egitearen premia edo harrotasunagatik hilzorian dagoen pertsona errukigarri bat ikusten dute neure begiek. “Handitasuna”, “bikaintasuna” edota “ospea” bereganatzearen helburuaz buruturiko ekintza dugu Mecarena; “a zer nolako txapelduna”, “hori bai supergizakia” bezalako komentarioak entzungo ditugu maiz halakoen aurrean. Horrelako irudiek, ordea, ez dute “bikaintasun” minimorik azaltzen. Artikuluaren hasieran kokaturiko argazkian ageri den bezala amaitu izan balu, orduan bai txapelduna izango zatekeen. Aurrean aipatu bezala, aisetasunez gaindituriko erronka baino ez da eredugarri; desafio bat indarrez amaitzeko gai dena, horixe bai BENETAKO txapelduna.

David Mecak, konorteari eusteko borrokan, burua estalki termiko baten gainean pausatzen du

Azkenik, azken galdera bat planteatuko nuke: nor da gizartean horrenbeste garaturiko “sufrimenduaren meritua”-ren errudun? Errudunak ez dira halako “kirolariak” eurak soilik; komunikabideek ere badute erruaren zati bat. Azken hauek arduratzen dira “kirolari burugabeen” ideiak gizartean zabaltzeaz, honelako ekintzak “bikainak” edota “balentriak” bezala deskribatzeaz. “Miresgarria” David Mecak eginikoa bezalako titularrak irakurri ahal izango ditugu egunkari orotan, eredu ipiniko dute arrakastagatik bizia jokatu duen norbaitek eginikoa. Honen guztiaren zentzugabetasuna begibistakoa da, beraz.

Aurreko guztia laburbilduz, ondorioak garbiak dira: kirola ez da beti kirol. Osasuna baldintzatzen duen puntutik aurrera ekintza batek bere “kirolgarritasuna” galtzen du erabat. Gure ardura da, beraz, entzuten ditugun berriak interpretatu eta sailkatzea: benetako txapeldunak identifikatzen jakitea. Eta zentzuz jokatzea. Ulertuko duzue, beraz, artikulu hau “kirola” atalaren barnean sailkatzearen ironia. Kirola BIZI, GOZATU… ONURA ATERAZ betiere. MUGAK JARRI eta SUFRIMENDUA MUGATZEN JAKIN. Hauexek ditugu, hain zuzen ere, benetako kirolari baten jomugak.

Mecak buruturikoaz informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu ondorengo orrialdeak (zentzutasunez!!): www.libertaddigital.com (zeharkaldiaren aurretik), www.diariovasco.com (zeharkaldiaren ondoren)
Comments { 5 }
-->