Badakit ez dela gaur goizeko kontua, ia urtebete pasa da Mundakako ezker olatu ezaguna desagertu zenetik, baina gaia guztiz interesgarria iruditzen zaidanez, berau izango dut hizpide hurrengo lerroetan.
Askoren ustez, Euskal Herrian ez zegoen horrelakorik:
Hodiak, luzerak, indarrak ematen diote kalitatea olatuari eta mabiobrak egiteko egokia da. Bestalde, olatu onaren ezaugarriak ditu: abiadura, surfa egiteko beharrezko distantzia, eta lehertzerakoan, indarra. Baldintza guztiak onak direnean hain da perfektua, zalantzarik gabe munduko onenen artean dagoela. Olatuaren lehertzea gutxi gorabehera 400 metrokoa izatea lortzen da.
Olatu honen desagerpenak izugarrizko kalteak ekarri ditu bailara osora. Garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Munduko surf txapelketa aurtengoz bertan behera gelditu izana da honek dakarren guztiarekin (turismoaren uxatzea…). Dena den, Mundaka Zaindu plataformak plazaratu duenez, badirudi olatua bere onera datorrela eta hurrengo urtean txapelketa aurrera eramateko baldintza egokiak berreskura daitezkeela.
Erreakzio itzela izan zuten Urdaibaiko lagunek Mundakako ezker olatua galdu zutela ikusi zutenean. Protestak, bilerak, azterketak… egiten hasi ziren, eta lehen aipatutako Mundaka Zaindu plataforma sortu zuten, erreserbaren babesak indar handiagoa izan zezan. Bertako bozeramaileak garbi azaldu du gertatutakoa:
2003an ohi baino karrakaketa handiagoa egin zuen Astilleros de Murueta SA enpresak, itsasoratu behar zuten itsasontzia handia zelako. Ateratako hondar guztia Laidan bota zuten eta hori higitzen lan handia izan du itsasoak.
Mundakako hotelak bezero asko izaten ditu olatuak erakarrita, eta gertatutakoak eragin handia izan du. Batez ere, asko igarri da txapelketa garaian, baina ez hoteleetan bakarrik, baita jatetxe eta tabernetan ere.
Guztien helburua orain horrelakorik ez errepikatzea da. Neurriak hartzen hasiak dira dagoeneko. Olatua babestu beharra dagoela eta ibaian ezer egin baino lehen horrek zer ekarriko duen ikusi beharra dagoela dio herritar askok. Ekimen ugari jarri da abian, horien artean Adostasun Mahaia sortzea proposatu dute, etorkizuneko jokabideak denon artean erabakitzeko, patronatuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin… Mugak ezagutu eta oinarrizko arauak ezarri nahi dituzte. Horrez gain, Euskal Herriko Surf Federazioarekin(EHSF) elkarlanean bazkidetze kanpaina bat hasi dute, ekologisten, enpresen… laguntza jasotzeko.
Bertako olatuak irudi ona galdu duela dio EHSFko kide batek nahiz eta orain pozik egon gertatutakoa bolada bateko kontua izan delako azken finean. Orain, itxaropentsu daude surflariak, ekologistak, ostalariak, elkarteak… Ea, bada, indar berrituta bueltatzen den Mundakako olatu ezaguna!!
Goierritik ere gure atxikimendua azaldu nahi diegu surflari guztiei. AUPA SURFLARIAK!!!!!!!
Iruzkin berriak