Archive | musika

RSS feed for this section

Erresuma Batuko lehenengo Punk kontzertua

The Clash taldeaIrailaren 20an, irratia entzunaz esnatu nintzen. Ohean biraka nenbilela, Radio Euskadiko arratsaldeko programazioaren berri ematean, Jungla sonora izeneko irratsaioan duela hogeita hamar urte Erresuma Batuko historian izan zen lehenengo punk kontzertua bergogoratuko zutela iragarri zidaten. Berri ederra, poz-pozik jaikitzeko modukoa. Lehenengo kontzertu hartan, gainera, beste zortziren artean, The Clash maiteak agertzen zirela eta gogo handiagoz hasi nintzen etxeko iratzargailu guztiak programatzen arratsaldeko hiruretan irratiaren uhinetan murgildu ahal izateko.

Subway Sect, Siouxsie and the Banshees, The Clash, Sex Pistols, Chris Speeding and The Vibrators, Stinky Toys frantsesak, The Damned eta The Buzzcocks. Kontzertu hauek duela 30 urteko irailaren 20 eta 21ean, astelehen eta asteartea, hurrenez hurren, burutu ziren inork ez baitzituen asteburuko kontzertu jendetsuak albora utzi nahi. Oxford Street-eko 100 Club-ean burutu zen jaialdi honetan, badirudi ondoren talde famatuetan parte hartuko zuen jende ugari bildu zela; Sid Vicious, Sex Pistols taldeko bajulari izango zenak, adibidez, han egin omen zuen lehenengo hanka-sartzea. Jarraian entzun ahal izango duzuen irratsaio honetan webgune interesgarri baten erreferentzia ematen dute: www.punk77.co.uk

Hemen duzuen grabaketan, salta dezakezuen “Le pon de madux”en abesti bat sartu zait nahi gabe (irratsaioan emandakoa, osorik baitago). Seguruenik, entzun aurretik tartetxo batean kargatzen utzi beharko duzue (irratsaioa nahiko luzea da eta, sentitzen dut, baina gaztelaniaz dago). Goza ezazue, beraz. Agian, bihar Punk musikak berriro hartuko du garai batean izan zuen indarra…:smile:

Bide batez, ez ahaztu azkeneko bi artikuluetan hartutako gaiak gaur egun berriro jarri direla abian. Batetik, Dragoi Bolan jadanik Namek planetara heldu dira eta aurki Freezer-en aurka borrokatuko dute eta, bestetik, Oliver eta Benjik gutxi falta dute munduko kopa irabazteko.


Click here to get your own player.

Comments { 4 }

Bilbao Live Festival

Bilbao LiveUztailaren 13, 14 eta 15ean (hau da, gaur bihar eta etzi) ospatuko den musika jaialdia dugu Bilbao Live Festival. Hau, jakina, Bilbon ospatuko da, Kobetamendin, hain zuzen ere.

Musika oso ezberdina jotzen duten talde ugarik osatzen dute jaialdiaren lehenengo edizioko kartela, ezagunenen artean Deftones, Placebo, Guns ‘n’ Roses, Andres Calamaro edota Pretenders daudelarik. Baina jaialdian ez zaie kanpoko taldeei soilik lekua egin, Gatibu talde euskalduna ere, adibidez, bertan izango da. Dena den, talde hauen kontzertuak ez dira jaialdian musikaz gozatzeko bide bakarrak izango, DJak egongo diren hiru karpa ere antolatu baitira techno musika edo pop musika gustuko dutenentzat.

Gainera, Kobetamendin, erlaxatzeko gune bat, merkatuak (diskografikoa eta modakoa), 2 VIP zona, bazkaltzeko 6 karpa eta hainbat ekintza ezberdin antolatu dira.

Sarrerei dagokienez, alde batetik, jaialdiaren hiru egunetan Kobetamendin egon nahi dutenek hiru eguneko bonoa eros dezakete; horrela, han bertan kanpatzeko eskubidea izanik. Bestalde, egun bakarra pasatzeko asmoa dutenek egun bakar baterako sarrera erosteko aukera izango dute.

Garraio aldetik, eremura iristeko bide bakarrak organizazioak antolatu dituen eta dohain izango diren autobusak edota ordaindu beharreko taxiak hartuz izango dira. Horrela, kotxeak eremura gerturatzeko autobusak hartzen diren leku berean, San Mames zelaiaren atzealdean dagoen erakustazokan, utzi ahal izango dira 3€ ordainduz.

Informazio gehiago nahi izanez gero, klikatu hemen (jaialdiaren webgune ofiziala).

Ea zuetariko norbait animatzen den eta elkar ikusten dugun Bilbon! 😉

Comments { 0 }

Punk, rock’n’roll & reggae matxinada, PADDY REKALDE

Paddy Rekalde idazle ezaguna dugu genero desberdinetan (Aizu, Paddy!, Whiskey koloreko gauak, Sex Abaroa, Rebel Mayo Colorao, Bilbo Dub Kronikak), eta hainbat bildumatan hartu du parte. Ohiko sinadura dugu Aizu!, Ostiela! eta Putz bezalako aldizkarietan, eta baita prentsan ere. Literatura eta musika uztartzen laketzen da bereziki, eta hortik liburu hau, The Clash-zale amorratu baten aitortza literarioa.

Hauxe da liburuari buruz izan nuen lehenengo informazioa eta pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen noiz edo noiz irakurriko nuela. Nigan berezkoa den bezala, ez nintzen munduko liburu-denda hoberena den Mujika papertegira (nire izebaren liburu dendara) hegan joan. “Noizbait irakurriko duk” esan nion nire buruari. Momentu hartan, Garikoitz Mujikak idatzitako Gazte Matxinada inoiz kontatu gabeko historia liburua irakurtzen ari nintzen, ondoren, blog honetantxe iruzkin bat jartzeko asmoz, baina denboraz justu nenbilela eta gerorako utzia nuen liburu hau irakurtzen hasi nintzen. Kezka batekin baina: Paddy hau idazle euskalduna izango al da? e-mail bat Gaztelupeko hotsak zigilura eta kitto! Beraiek ziurtatu zidaten Paddy euskal The Clash zale ugarietako bat dela.

Liburu honekin euskal rockean horrenbeste eragin izan duen taldea barruagotik ezagutzeko gai izan naiz baita ingeles hauen letren esanahia hobeto ulertzeko ere. Liburuaren hasiera Londresen kokatzen da 70eko hamarkadan The Clash eta beste talde punk askoren sorlekuan. Garai hartan gazteek bizi zuten egoera kontuan izanik esan daiteke Punk mugimenduak gazteen beharrak ase zituela. Musikaz deus jakin gabe gazte asko herritik irteten hasi ziren musika jo eta mozkorraldi bat hartzeko. Punk kontzertu ororen ondoren liskarrak sortu ohi ziren nonahi, The Clashek, ordea, ez zuen halako liskarrik maite. Talde honek benetan nahi eta bultzatzen zuena matxinada zen, sistemarekiko desadostasuna eta mundu hobe baten aldeko aldarria zabaltzea zuen helburu, honetarako musika erabiliz.
Talde ingeles hau Hertzainak talde euskaldunarekin askotan alderatu dut lagunartean eta gehienetan elkarrizketa berdin amaitu izan da: “Hertzainak da Euskal Herriko The Clash taldea”. Diskoen norabidea berdintsua izan dute bi taldeek; lehenengo disko gogorretik azkeneko musika lasaira eboluzionatuz, beti letra sozialen inguruan.

Punki britainiarrek ez zuten nahi The Clash Amerikako Estatu Batuetara joaterik estatu honen erruz punki hauen talde kuttuna punk musikatik urruntzen omen zelakoan baitzeuden. Ez zen horrela, aldarazten zituena adina zen, ez zuten nahi musika estilo bakar batean geratu, punkaren hesia hautsi nahi zuten. Joe Strumer abeslariak horrela zioen Sandinista! disko lasaia kaleratu zutenean:

Nik uste dut orokorrean ez dela jendearen gustukoa izango. Punk gazte horiek ez lukete erosi beharko baldin eta bilatzen dutena rock anfetaminikoa bada. Beharbada bestelakorik bilatu beharko lukete, UK Subs edo Rejects bezalakoak… Musikak aldaketak behar ditu. Espero dut jendeak hau ulertzea… eta guri egiten uztea. Jotzeak, esperimentatzeak… horrek gaitu beldurtzen, horixe da egiten ari garena.”

Eta Jokinekin Belfasterako bidean Dublinen geratu aurretik hau irakurri izan banu, eskuetan izan nuen lehenengo disko zoragarria erosiko nuen, Sandinista! disko bikoitza erosi ordez. Lastima. Disko honen aurkezpena Euskal Herrira iritsi zenean (duela hogeita bost urte) Madril eta Bartzelonatik igaro berriak ziren eta soinu arazoak omen zituztela zioten zurrumurruak azaldu ziren egunkarietan. Ez omen zen sarrera askorik baina azkenean 7000 bat The Clash zale agertu ziren Donostiako zitara, bertaratutakoek inoiz ahaztuko ez duten kontzertua entzutera.

Garai honetarako, taldea barnetik deseginik zegoen eta honen isla denbora batera gertatuko zena izango da. Topper Headon bateria-joleak heroinarekin zituen arazoei aurre egin ezinagatik kaleratua izango da eta, urte batzuk beranduago, 15 hilabete egingo ditu kartzelan lagun bati gaindosia eragingo dion heroina eskuratzeagatik. Talde barneko harremanak, beraz, ez dira oso erosoak eta, azkenik, 1985. urtean amaiera emango diote ibilbideari eta bakoitzak bere bidea hartuko du. Dena den, badirudi, aurtengo udan zorte latza izango dugula euskaldunok, izan ere Joe Strummer taldeko gitarra-jole, kantari eta liderra hila den arren, berriro bat egingo baitute uztailean Bilbon egingo den Bilbaolive Festibal festibal berrian. Zorte pixka batekin bertan izango gara.

Comments { 0 }
-->