Archive | musika

RSS feed for this section

Musikaren etorkizunean murgilduta

Musika gaia dezente landu izan dugu kurtso guztian zehar gure blog honetan, eta orain niri tokatzen zait publizitate pixka bat egitea.

Gaurkoan ezagutzen ditudan talde batzuez hitz egingo dizuet. Musika mota ezberdinak lantzen dituzte, baina oso onak dira guztiak. Batzuek ezagutzea emateko lan izugarria kostatu zaien maketatxo bat grabatu dute. Esango nuke merezi duela beraien abestiak entzutea; beraz, banan-banan aurkeztuko dizkizuet eta zuen iritzia eman.

Krilin

Donostiako lau mutilek osatzen dute gaur egun hainbeste entzuten den punk-rock talde hau. Ahots aldaketa izugarriak ematen dituzte, atzeko ahotsei garrantzi handia ematen diete, eta gitarrak bizitasun puntua ematen dute. Denbora dezente daramate musika munduan, jada bi maketa baitituzte, bat duela gutxi kaleratua, ingelesez den Ride the Clouds. Beraien abestiez gainera, bertsio ederrak jotzen dituzte, Nirvana edo Muse taldeenak, adibidez. Donostia inguruan oso maiz jotzen dute eta Frantzia inguruan ere izan dira. Uztailean Beasaingo gaztetxean jotzea pentsatzen dute.

Nacen de las Cenizas

Madrilgo taldea, bost taldekidek osatzen dute, gitarra jotzen duenetako bat duela gutxi taldean sartu delarik, bestearekin arazo batzuk egon ondoren. Emocore musika antzeko bat egiten duela esatera ausartuko nintzateke, hain da berezia beraien soinua, non zaila baita izenpetzea: gaztelaniaz abestutako melodia, erritmo bizia eta oihuak era perfektu batean konbinatzen dituzte. Joan den urtean bost abesti grabatu zituzten beraien kabuz, eta lagun eta ezagunen artean banatu zituzten, ez baitzuten uste inora iritsi ahal izango zutenik. Horren ondorioz, ezagutzera eman eta aurtengo apirilean, estudioan sartzea lortu dute …Y una noche de luto izenarekin laster kalean izango den beraien lehen diskoa izango dena grabatzera. Madril inguruan kontzertu ugari ematen dituzte, eta festimadean Deftones eta Toolekin, besteak beste, joko dute. Bilbon bigarren aldiz ekainaren 2anjoko dute. Aukera bikaina benetan.

Avenues & Sillhouettes

Screamo musika gogoko dutenei talde hau izugarri gustatuko zaie. Madrilgoak, gazteak baina lanean gogor aritzea zer den dakitenak, estudioan sartu dira demo bat grabatzera, udan entzun ahal izango duguna. Eszenatoki gainean joko asko erakusten dute, ikusleekin bat egiten dute jotzen ari diren bitartean. Ahots tonu aldaketa izugarriak sartzen dituzte, ingelesez abesten dute eta gitarrari ematen dioten garrantzia izugarria da. Udan Euskal Herritik pasatzea pentsatua dute, baina ez dute eguna zehaztu oraindik.

As Flames Die out

Oviedokoak, beraien hastapenetatik ezagutzen ditugunok ahozabal geratzen gara dagoeneko lan bat grabatu dutela ikustean. Taldea guztiz osatu zenetik bost hilabete pasa dira eta dagoeneko gai izan dira Post-hardcore musika barnean bost abestiz osatutako Keys and Wings lana ekoizteko. Izugarria benetan bost hilabetetan lortu dutena mutil hauek!

Comments { 0 }

Mito bat gogoratuz: BOB MARLEY

Bob MarleyLehengo ostegunean duela hogeita bortz urte hil zen musikaren historian hutsune ikaragarria utzi duen reggaearen sortzaile eta bultzatzailea. Honezkero igarriko zenuten legez, Bob Marley musikariari buruz hitz egiten ari naiz.

Bob Jamaikako herri txiki batean jaio eta bizi zen, baina gaztetan Kingston hirira joan behar izan zuen amarekin batera, beraien egoera ekonomikoa hobetzeko asmoz. Bertan, Bobk Rastafari erlijioaren eragin handia jasan zuen.

Marleyek Kingston hirian lagunak egin eta musika talde bat osatzea erabaki zuten: Wailing Wailers. Beraien lehen singela atera zutenean, Jamaikako lehen postuan jarri ziren. Aipatzekoa da Bob Kingstongo ghettoko gazte gaizkileei buruz abesti bat egin zuen lehena izan zela. Beranduago, beste talde bat sortu zuten: The Wailers. Beraien lehen diskoa atera zutenean, izugarrizko arrakasta lortu zuten. 1975ean, ordea, beste bi taldekidek taldea utzi eta Bobek bere emazteari eta bere lagun bati eskatu zien berarekin elkartzeko. Hauek baiezkoa eman eta horrelaxe sortu zen hain ezaguna zaigun Bob Marley & The Wailers taldea.

1976ko abenduaren 5ean, bakearen eta bere estatuko eskubideen alde kontzertu bat ematera zihoala, ezezagun batzuk eraso egin zioten; zorionez ez zen oso larria izan. Eraso honen ondoren, Bob Marley Floridara joan zen bizitzera, AEBetan, Europan eta Afrikan kontzertuak gehituz. Hurrengo urtean, izugarri arrakastatsu gertatu zen disko berri bat kaleratu zuen, Exodus .

Diskoak ateraz eta kontzertuak emanez jarraitu zuen hurrengo urteetan, minbiziaz oso larri jarri zen arte (urte batzuk lehenago egin zuen zauri batek eragindako minbizia). 1981eko maiatzaren 11n Miamiko ospitale batean hil zen, 36 urte zituelarik. Urteak pasa dira eta Bob Marley gogoan dugu, bere argia ez baita nolanahi itzalduko!

No woman no cry abesti ezaguna entzun nahi baduzu, klikatu hemen. Bideoan, berriz, Stir it up duzu ikusgai eta entzungai.

Comments { 3 }

“SUGAN” taldearen diskoa

Sugan taldea SUGAN pop-rock taldea Maria Amulategi (ahots nagusia), Eli Bujanda (ahotsa), Garazi Zabaleta (pianoa), Victor Sanchez (bateria) eta Jon Eskisabelek osatzen dute. Jon orain urtebete sartu zen taldean, gitarra eta bajua joko zituen norbait ezinbestekoa baitzen. Gainontzekoak Beasaingo musika eskolako ikasleak dira. Izan ere, musika eskolako 25.urteurrena ospatu zenean, sortu baitzen taldea osatzeko ideia. Elkarrekin jo zituzten abesti batzuk eta hortik aurrera ostiralero ensaiatzen ibili ohi dira.

Garazik konposaturiko abestiekin Kantu Txapelketan parte hartzeko aukera luzatu zitzaien. Honela, Kursaalean buruturiko Euskal Herriko finalera iristea lortu zuten, bigarren geratuz beraien kategorian.

Abestiak erregistratzeko erabakia etorri zen ondoren, baita Elkarren orain bi urte beraiek grabaturiko maketa erakustekoa ere. Sugan taldeak dituen hainbat ezaugarri bereziak direla eta gustagarria iruditu eta diskoa grabatzeko mugimenduan ipini ziren gaur arte. Gauzak horrela, grabaketak martxoan eta apirilean, hiru asteren buruan amaitu ondoren, oraintsu datorkigu hamahiru abestidun diskoa.

Bilbon egingo dute diskoaren aurkezpena eta lehen kontzertua bihar, maiatzak 13, Beasaingo plazan eta etxeko berotasunean emango dute. Esperientzia ugari falta zaie baina indartsu datozen hemezortzi-hogeitalau urte bitarteko gaztea hauek, ezabairik gabe, hori alde batera utzi eta ohol gainean duten guztia ematen saiatuko direla garbi dago. Zorionak eta eutsi goiari!

Comments { 0 }
-->