Archive | orokorra

RSS feed for this section

Hipnosia

hipnosiaHipnosiak kontzientziaren egoera aztoratzen duela esan dezakegu. Zergatik aztoratzen du baina? Norbaitek edota zerbaitek zirikatzen duen egoeran jartzen duelako. Gizakiok ohiko bi situazio bizi ditugu: esna-aldiarena eta ametsena. Bi estatus horietara era normalean iristen gara. Haatik, egoera hipnotikora teknika eta motibazio zehatz batzuen bidez baino ezin gara heldu, hipnologoaren bidez, alegia. Baina zeintzuk izan daitezke horretara iristeko arrazoiak? Besteak beste, hipnosia arrazoi terapeutikoengatik erabili ohi da. Pasa gaitezen, bada, gaia aztertzera.

Hasteko, hipnosia ez da arriskutsua, betiere, burutzen duenak teknika ezagutu eta menperatzen badu, beste edozein jardueratan bezala, jakina. Dena den, inori ezin zaizkio eragin bere etika eta moralaren aurka doazen ideiak. Hots, hipnotizatua izan den bati bere kontra dagoen zerbait agintzen badiogu, egin zaion galdera edo eskaerari urduritasun handiz erantzungo dio eta egoera hipnotikotik atera egingo da.

Bigarrenik, hipnotizatzeko ez da berezko gaitasunik behar. Lehen esan bezala, teknika zehatz batean oinarritzen da eta horrek eragiten du naturaz gaindiko fenomenoa alde batera uztea. Baina gatozen harira.

Hipnosian maila desberdinak bereizten dira. Lehenengora, edozein gizaki hel daiteke, pertsona ezinduak izan ezik, hauek ezin baitira kontzentratu. Azkenekora edo maila sakonagora, pertsonen ehuneko hogei edo hogeita hamarra baino ezin da iritsi, nahiz eta portzentaia hau handituz joan konfiantza eta kontzentrazioa hartzen ikasten den heinean. Ez da gomendagarria, dena den, ume oso txikiak hipnotizatzea ez dutelako kontzentrazio nibel handia.

Honetan lan egiten dutenek honi buruz dauden gaizkiulertuak eta informazio eza desagertzea eta gainditzea nahi dute. Edonola ere, hipnosia egundoko tresna da gizakiaren gogamenean dauden misterioak ikertzeko. Ez al zaizue hala iruditzen?

Comments { 2 }

Dieta osasuntsua

gizentasunaZenbat aldiz esan digute zer jan behar dugun osasuntsu egoteko? Zenbat aldiz azaldu zaigu gizentasuna kontzeptua prentsan? Argi dago, garrantzi handia ematen zaiola elikadurari eta gorputza osasuntsu mantentzeari, esaten dutenez, jaten duguna baikara.

Askotan, dieta onuragarri baten bila gabiltzala, bat baino gehiago aurkitzen ditugu. Aditu bakoitzak berea ematen digu, besteengandik ezberdina izango dena. Pertsona bati, bere izaera, ohitura eta bizi-baldintzen arabera, elikagai jakin batzuk komeniko zaizkio eta beste batzuei, ordea, beste batzuk. Horregatik, ezinbestekoa da, dieta bat jarraitzekotan, adituengana jotzea. Hala ere, komunak diren iradokizunak badaude. Hona hemen horietako batzuk:

  • Egunero bapo gosaldu eta gutxi afaldu.
  • Fruta eta barazkiak jan.
  • Jaki freskoak kontsumitu.

Aurrekoak hamaika aldiz entzun ditugun arren, noizean behin alde batera uzten ditugu, gehienetan gure bizitzan daramagun estresa dela eta. Aipatzekoa da, bederen, erosten ditugun elikagaien etiketei erreparatzea ezinbestekoa dela, baina kontuan hartu behar da askotan informazioa manipulatuta egoten dela. Hortaz, elikagai freskoak jatean, honetaz guztiaz libratzen gara.

Amaitzeko, gorputzaren mantenua ondo bideratzeaz gain, funtsezkoa da edozein kirol egitea; horrela baino ez dugu lortuko gure gorputza osasuntsu mantentzea.

Comments { 4 }

Non dago umeak izateko muga?

umeakAzken hilabeteetan interes sozial handia piztu duen gai batekin natorkizue: zenbat urtera arte gera daiteke emakume bat haurdun? Adineko emakumeak izan al daitezke ama? Mundu osoan aurki daitekeen amarik zaharrena espainiarra da eta duela hilabete batzuk bikiak izan zituen. Emakumeak 67 urte ditu. Nahiz eta adinekoa izan, ez du inongo arazorik izan erditzean eta bere seme-alabak ondo jaio dira (jaio ondoren inkubategian egon behar izan duten arren, bere pisu baxua zela eta).

Gai honek eztabaida sozial handia eragin du: emakume hauek gai al dira bere seme-alabak zaintzeko? Gaur egun, nire ustez, gai izango dira baina etorkizunean nork zainduko ditu? Bestalde, beste arazo baten aurrean egon gaitezke eta ondorengoa da: emakume hauek adinekoak izatean, arazoak izan ditzakete haurdunaldian edo erditzeko orduan. Eta zer esan nahi dut honekin guztiarekin? Bada, sabel barruan dagoen haurrak arazoak izan ditzakeela bai jaiotzeko orduan eta baita osasunean ere.

Esaten dutenaren arabera, seguruenik neurriak hartu beharko dituzte gai honen inguruan. Gaur egun, 40 urtetik gorako emakumeek, adituen iritziz, haurdun geratzean arazo larriak izan ditzakete bai bere osasunari erreparatzen badiogu eta baita umearen osasunari erreparatzen badiogu ere. Umekiak hainbat deformazio izan ditzake gorputzean nahiz organoetan .

Badirudi, Espainian emakumeen ehuneko handi batek ernalkuntza artifiziala erabili eta obuluak emaileetatik hartzen dituztela. Gainera, gero eta gehiago ematen ari omen da emakumeek haurdun geratzeko denbora gehiago itxaroten dugulako. Horrez gain, bizi-baldintzak direla eta, haurdun geratu ahal izateko arazo gehiago izaten ditugu.

Lehengo hariari jarraituz, Espainian, nik dakidala, ez dago inongo legerik emakumeek zenbat urterekin izan behar duten ama esaten duena . Edonola ere, ginekologoen arabera, 50 urte baino gehiago dituzten emakumeei ez da egokia ernalketa egitea. Nire uste apalean, emakumeak bere garaian izan behar ditu haurrak, segurtasun handiagoa izateko eta umea ahalik eta osasun onenarekin jaiotzeko. Gainera, ez dute beraien bizitza bakarrik arriskuan jartzen, datorren haurraren bizitza ere arriskuan jartzen dute. Umeak osasun onena izan dezan, ez egin horrelako erokeriarik.

Comments { 4 }
-->