Archive | orokorra

RSS feed for this section

Zure esku dagoen ekimenen bat egin Gabon hauetan!

beste gabon batzuk1Gabonak ospatzen ari gara, kalera irten eta giro berezi hori nonahi argi ikusten da. Euskal Herrian gabonak Olentzerorekin ospatzen ditugu eta, besteak beste, opariak jasotzen ditugu, bazkari itzelak egiten… Baina noizbait pentsatu al duzue Indian, adibidez, nolakoak izango diren?

Bertako egoera ez da oso ona eta ziur asko ez dituzte gabonak hemen bezala ospatuko. Euskal Herriko ume gehienentzat gabonak opariz jositako egun zoriontsuak izaten ari diren bitartean , beraiek ez dute horrelako ezer izango.

Horregatik, GKE batzuk egun hauek aprobetxatzen dituzte jendeari laguntza txiki bat eskatzeko. Laguntza hau, esaterako, erakunde bakoitzak diseinatzen dituen posta-txartelak erabiliz eman dezakezu. Gabon hauetan zure familiako kideren bat, lagunen bat … zoriontzeko txartel hauetako bat erosten baduzu, hortik diru-kopuru bat India eta beste hainbat herrialdetako biztanleei laguntzeko erabiliko da.

Erakunde askok antolatzen dituzte mota honetako laguntzak. Hasteko, Solidaridad Internacional dugu. GKE honek hiru motatako posta txartelak jarri ditu salgai eta hauekin lortzen den dirua Afrika eta Amerikako hainbat lekutara bideratuko da. Jarraitzeko, Survival erakundea dugu. Erakundeko jendeak diseinaturiko txartelekin ateratzen dena Indiako haurren heziketarako eta bertako familiak laguntzeko erabiliko da. Bukatzeko eta azken adibide gisa, Manos Unidas aipatuko dugu. Bertako txartelekin lortzen den etekina Hegoaldeko herrialdeei laguntzeko erabiltzen da.

Orain dela urte asko hasi ziren GKE hauek lanean eta ordunik etengabe ari dira horretan. Pozgarria da ikustea, gainera, gero eta jende gehiagok hartzen duela parte hauek antolatzen dituzten ekintzetan. Txartel hauen prezioak baxuak dira, ez dira 2 eurotik pasatzen; beraz, ekimen polita izan liteke Gabon hauetan maite dugun jendea honelakoak erabiliz zoriontzea!

Informazio gehiago nahi izanez gero, hemen klikatu.

Comments { 0 }

Gabonetako oporrak etxeko txikienentzat!

Zaila suertatzen da batzuetan 15 eguneko oporraldi hauetan txikiak non jostatu bururatzea. Katramila honetan laguntzeko, Disney eta Guggenheimek proiektu bat adostu dute museo honetan aurrera eramateko. Bertan antolatuko diren erakusketa anitzen artean, familiako guztiek gozatzeko, Disney Channelen azken arrakasta izan den High School Musical filmaren emanaldi batzuk atonduko dira!

High school musicalFilme honetan, Troy eta Gabriellen bizitza erabat aldatuko da. Hauek ikasten duten institutuan, ikasleei musikal batera aurkezteko aukera luzatzen zaie eta lan gogorra egingo dute hainbat ikaslek emanaldirako hautatuak izan daitezen.

Haien ametsa gauzatzeko aukeraz gain, ikaskideen arteko onarpena, lantaldean aritzeko ohiturak eta norberak bere burua den bezala onartzea bezalako baloreak ere lantzen dira. Jakina, hauek guztiak gaztetxoak dibertitzeko ikuspuntuaz sortuak.

Film hau emititu den herrialdeetan zirrara handia sortu da adin txikikoen artean. Izan ere, gertakizun baikorrak eta abesti itsaskorrak gazteen gustukuak izaten baitira! Gainera, emanaldi hauek musu-truk eskainiko dira, betiere txikiak heldu batekin joaten badira.

Dudarik gabe, helduen gustuko ere izango den pelikula da! Hau guztia kontuan izanik, garaiko hotza alde batera utzi eta arratsalde polit bat igarotzeko aukera aparta eskaintzen du Bilboko museo ezagunak!

Jarraian, informazio gehiago joateko asmotan dabilenentzat:

Filma 8-14 bitartekoentzat gomendatua dago. Abenduaren 26, 27 eta 28an proiektatuko da 17:30ean eta txartelak jada eskuragarri daude (abenduaren 23tik aurrera) museoko sarrera-leihatilan. Kontuan izan tokiak mugatuak direla, eta Lagun txartela baduzu, bakoitzeko 4 sarrera baino ez direla emango. Emisioa Guggenheim Bilbao Museoko entzungelan izango da, Buenavista Home Entertainment delakoari esker.

Hementxe uzten dizuet, bada, oporraldiak ederki pasatzeko alternatiba bat. Ondo ibili!

Comments { 0 }

Zorionak eta Urte Berri On!

Urtea amaitzeko, artikulu berezi bezain umoretsu batekin natorkizue. Ez pentsa euskaljakintza irakurtzen duzuenoi zorion mezua bidaltzea ahaztu zaigunik, ezta gutxiagorik ere! Kontua da, zorion postalek sortzen duten zirrara eskasa ikusita, zerbait originalagoaren bila ibili garela. Miaketak bere fruituak eman ditu eta gabon kanta batzuk grabatzea otu zaigu.

Ez ezazue pentsa lan erraza izan denik, 25 neska mutilen ahotsa konkordatu beharra izan baitugu Maite gidari genuela. Eskertzekoa da Anariren laguntza, berak egin baititu grabaketa lanak. Irudika ezazue zer nolako arrakasta izan duen gure ekimenak, ikastola osoak gure kantuen bidez jaso baitu zorion mezua. Benetan txundigarria!!!

Profesional mailara iristeko asko geratzen zaigun arren, intentzio onenez egin dugu. Jarraian entzun ahal izango dituzue, bada, gure kantak. Bukaerara arte iristeko kemena eta adorea izatea gomendatzen dugu; izan ere, bertan baitago onena!!! 🙂 Jaso itzazue, gu guztion partez, zorionik beroenak eta amaitu baino hobeto has ezazue urte berria.

Comments { 14 }
-->