Archive | orokorra

RSS feed for this section

Gabonak

erosketakAbenduaren bukaera da jada. Gabon giroa gero eta handiagoa egiten ari da gure inguruan: azken eguna oporrak hartzeko (ikasleoi bi asteko lana), kaleetan gabon-argiak piztuta…

Baina hau guztiaz jabetzean, Eguberrien benetako esanahia zein den galdetu diot nire barneari. Zer da, bada, sutsuki itxaroten dugun bi asteko tarte hau? Askorentzat erlijio kontua izango da eta beste batzuentzat, aldiz, opariak jaso eta ondo pasatzeko abagunea besterik ez.

Nire aburuz, erlijio kontuak alde batera utziz, Gabonetako ezaugarri nagusienetakoa kontsumismoa da. Gure gizarteak horrela irakatsi digulako eta guk urtero-urtero horrela egin dugulako.Honek lehengo egunean irakasle batek aditzera eman ziguna egiaztatzen du, Olentzero Euskal Herriko historian jatorriz pertsonaia “gaiztoa” zela, haurrak bere zakuan eramaten zituela… Baina, ondoren, Estatu Batuetako Papa Noel ordezkatzeko erabili omen zen, haurrei opariak ekartzeko, alegia.

Bestetik, nor ez da hasi opariak erosten? Hari beretik jarraituz, zer diozue egun hauetan jaten den demasiaz? Hau idaztean, Hirugarren Munduko haurrak etortzen zaizkit burura. Nola igaroko dute hauek Urtezahar-gaua?Asko gosez hilko dira, guk pastelak zakarrera botatzen ditugun bitartean.

Dena dela, jakina da hitz hauekin zuen Eguberrietako ikuspegia ez zela aldatuko baina zertxobait pentsarazi badizuet, gaitz erdi! Ez nuke amaitu nahi, bada, hagitz eskertzekoa den hainbat erakunderen aipamena egin gabe, egun hauetan lanean gogor ari diren erakundeen lana eta baita umeak apadrinatzeko aukera ematen dutenena ere. Ondo pasa eta badakizue…

Comments { 1 }

JavaScript Kontsola

Badira hilabeteak Internet Explorer eta Mozilla Firefox nabigatzaileak lehian dabiltzala. Mozillak askatutako nabigatzaile berriak arrakasta nabarmena izan du, batzuek motelagoa den esaten duten arren, konpainia informatikoek erabaki eta ezarritako CSS arauak betetzen baititu. Microsoftek, berriz, bere arau propioak erabiltzen jarraitu du.

Explorer VS FirefoxOndorio gisa, Explorerrentzat diseinatutako web orrialdeak akatsak izan ditzake Firefoxekin eta alderantziz. Hala ere, web orrialde eta blogak sortzeko erabilitako diseinu kode gehienak arau globalen arabera eginda daude. Hori dela eta, gero eta gehiago dira Internet Explorerrek gaizki interpretatzen dituen orrialdeak eta Mozilla Firefoxek arazorik gabe irakurtzen dituenak.

Bada, Mozilla Firefoxen alde JavaScript Kontsola aurkitu dut. Ez dakit Internet Explorerrek baduen edo ez baina nik ez nuen aurkitu (egia esan, ez nintzen bila eta bila ibili). “Tresnak” tresna-barran aurki daiteke, eta orrialdeek dituzten akatsak zuzentzeko balio du. CSS orrialdeetan dauden akatsak identifikatu, akats mota azaldu eta akatsa dagoen lerroa esaten dizu.

Ergelkeria irudi dezakeen arren, akats hauek zuzentzeak orrialdea kargatzean denbora aurrezteko baliagarria izateaz gain, egon daitezkeen akats bisualak aurkitzeko era oso erraza da. Eta akatsak nahigabe egitea oso komuna izan ohi da, besteak beste, nire blogean bi akats aurkitu nituen, euskaljakintzan sei eta Jakinsteinen hamabost. Baliteke akats hauek Explorerrek zuzentzat jotzea eta hari zuzenduta egotea; baina, hala ez bada, zuzentzeko aukera ematen digu.

Besterik gabe, euskal mundua sarera hedatzen ari zaretenoi eskerrak eman nahi dizkizuet eta, asko ez bada ere, era egokienean lortzeko lagun badezaket, hemen idatziko dut gomendioren bat.

Comments { 4 }

Guggenheimek 10.urte

Internetetik saltseatzen nenbilela, berri interesgarri bat aurkitu nuen aurreko batean. Datorren 2007. urtean, Guggenheim museoak hamar urte beteko ditu 1997ko urrian inauguratu zenetik. 10. urteurrena ospatzeko, museoak esku-hartze artistiko bat eginarazi du La Salve zubian.

Proiektu honetarako hiru egile dira hautagai: Daniel Buren, Liam Gillick eta Jenny Holzer, hain zuzen ere. Proiektuak, erabiliko duten materialekin batera, museoko areto batean daude ikusgai, material hauek ikusiz, bisitariak obra hobeto uler dezan. Hautaketan zeresan handia izango dute museoko bisitariek; izan ere, sarrerarekin batera papertxo bat emango baitzaie euren gustuko proiektua bozkatu ahal izateko.

Aipatutako hiru artista hauen proiektuak ondorengoak dira:

DANIEL BUREN

Artista honek altzairuzko arku bat zubiaren fatxada bailitzan jartzea proposatzen du, zubiaren egitura gorri bizi batez eraldatuz. Izenburuan klikatuz, egile honen obra filosofikoki eta teknikoki hobeto ulertzeko aukera izango duzue.

LIAM GILLICK

Artista honen proposamenak elkarrizketa eta gogoeta sustatzea du helburu. Horretarako, argiak eta itzalak konbinatzen ditu bere obran. Bere xedea zubiaren gainean pieza zirkular bat jartzea da, ekuazio fisiko-teoriko bat barne duelarik. Artista honen izenaren gainean klikatuz, aurrekoan bezala, bere obrari buruzko informazio gehiago irakurri ahal izango duzu Guggenheimeko webgunean.

Azkenik, hirugarren artistaren ezaugarriak kontatuko dizkizuet:

JENNY HOLZER

Artista iparramerikar honen proposamena benetan harrigarria iruditu zait. Berak zubiaren azpian anbar koloreko zutabe batzuk jartzea proposatu du. Zutabe antzeko horietan argia joango litzateke eta, zirkuitu elektroniko baten bidez, argi horrek ibaian erreflexua egingo luke. Bigarren proposamen bat ere luzatu du egile honek, oinezkoen sarbiderako igogailu-dorreetako baten gainean ez ezik galtzadaren bi aldeak lotzen dituen igarobidean ere, aldi baterako zein gertakari berezietarako, proiektagailu batzuk finkatzea . Horrela, hiriko edozein gunetik zubia ikusteko aukera egongo litzateke.

Beraz, badakizue lagunok, azterketa eta errekuperazio aireetatik pixkatxo bat urrundu eta Bilbora joan beharko dugu, Guggemheim museoa bisitatu eta, era berean, bozkatzeko. Ea nork irabazten duen!!! 🙂 Jarraian hiru proiektuak ikus ditzakezue. Zuek zein duzue gustukoen?

burengillickholzer

Comments { 0 }
-->