Archive | orokorra

RSS feed for this section

Nortzuk dira nire ametsean agertu ziren izakiak?

Iepa, guztioi!

Gaur gauean izan dudan ametsa nahiko bitxia izan da. Egia esan, ez ditut oso ondo gogoratzen xehetasun guztiak, baina nork gogoratzen edo ulertzen ditu bere begitazioak erabateko ziurtasunez? Nik, behintzat, ez!

” Basoan nenbilen erdi galdurik eta bat-batean izaki oso ezberdin eta arraro xamarrekin egin nuen topo. Baziren batzuk txiki-txikiak zirenak, praka gorrixkekin eta nahiko bihurriak, dudarik gabe. Alde batetik bestera zebiltzan urrezko orraziekin orrazten ari ziren emakume antzeko batzuk zirikatzen, geldiunerik gabe. Bigarren hauen irudia laku batean ispilatua agertzen zen, baina harrigarria egin zitzaidana zera zen: ilargia eta eguzkia, biak batera, agertzen zirela islatuta lakuan, emakumeen islen ondoan eta, hori gutxi batlitz, emakumeek oiloen oinak zeuzkaten!

Izkina batean, eguzkiaren errainuen azpian eta ilargiaren isiltasuna errespetatuz, emakumeak miresten ari zen ehiztari bat bistatu nezakeen, baina honek apaiz baten itxura zuen!

Ez oso urruti, baina zertxobait ezkutuan, zazpi buru zituen suge bat zegoen, bere buru gainean hegaka zebilen sugea harrapatu nahian, baina hau begi bakarreko izaki bati begira zegoen izoztuta gelditu izan balitz bezalaxe. Izaki horrek itxura benetan zatarra zuen!

Honetaz guztiaz jabetu ez ziren beste batzuk ere bazeuden, izugarri handiak eta itxuraz, behintzat, oso indartsuak . Harriak jaurtiz jolasean zebiltzan beraien artean. Hauen inguruan bueltaka, beste txikitxo batzuk zeuden, baita praka gorrixkekin ere , baina hauek zirikatzen ibili ordez, zer egin zezaketen galdezka ari ziren.

Leku ezin hobea zen: paisaia politak, larre berdeak, ur gardenak, zuhaitzak han-hemenka… Baina, zoritxarrez, emakumeekin hitz egitera ausartu nintzenean, esnatu egin nintzen.”

Argi eta garbi geratu zitzaidan, nire ametsa, euskal mitologiako pertsonaia ezberdinez beteta zegoela eta, horregatik, beraiei buruzko azalpen txiki batzuk bilatzen saiatu nintzen eta hona hemen ondorioa:

Iratxoak edo Gorritxikia: Izaki bitxiak dira, Prakagorriak bezalakoak, baina hauek batzuetan kalte egiten dute.

Lamiak: Lamiak erreka zuloetan egoten dira ilea urrezko orraziekin orrazten. Hankak oiloenak bezalakoak izaten dituzte, eta gizakumeak liluratuta lagatzen dituzte. Lanean laguntzen diete opari bat ematen dietenei.

Eguzkia eta Ilargia: Lurraren alabak dira eta egunero euren ibilbidea egin ostean, lurrera joaten dira. Eguzkia edo Ekia Jaungoikoaren begia da, eta Ilargia aurpegia.

Mateo Txistu: Apaiz ehiztari hau meza ematen zegoela, txakurrak zaunka entzun zituen, erbi bat zebilelako seinale. Meza bertan behera laga eta, eskopeta hartuta, erbiaren atzetik joan zen. Harrezkero, hor dabil bere txakurrekin. Ekaitzaldietan txakurrei entzuten zaie, eta haize-boladak daudenean, bera hor dabilen adierazgarria da.

Herensugea: Zazpi buru zituen sugea da. Leize batean bizi zen animaliak eta gizakiak janez.

Maju-Sugaar-Sugoi: Maju Mariren senarra da. Suge itxura dauka eta, suzko igitaia bailitzan, zerua zeharkatzen du.

Tartalo: Begi bakarreko izaki gaiztoa da. Haitzuloetan bizi da eta gazteak harrapatu eta jan egiten ditu.

Jentilak: Gizon handi eta basati hauek mendian bizi ziren eta izugarrizko indarra zuten. Euren indarrez, harri handiak mugitzeko gai ziren eta harri horiek gaur egun monumentu megalitikotzat dauzkagu.

Mamurrak edo Galtzagorriak: Mamurrek eta Prakagorriek gizakiei euren lan harrigarrietan laguntzen dieten ahaide txiki-txikiak dira. Praka gorriak dituzte soinean, eta orraztokian ezkutatzen dira. Euren jabeari biraka-biraka hasten zaizkio oihu batean galdezka. Eta orain zer? Eta orain zer? Eta une batean betetzen dituzte nagusiaren aginduak, nahiz eta ikaragarrienak izan.

Nire ametsean hauek bakarrik ikusi nituen, baina ziur nago, leku gehiagotan begiratu izan banu (zuhaitz baten atzean, kobazulo baten barruan…), beste izaki miresgarri piloa aurkitu izango nuela. Haiei buruz pittin bat gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen eta oso interesgarria den orrialde bat irekiko zaizue. Ez dator informazio oso zehatza, baina gure kulturan horrenbesteko garrantzia izan dutenei buruz gehiago jakitea ez datorrenez inoiz gaizki…

Comments { 2 }

URREZKOAK GARA!!!

Ez da erraza izan, ez. Tartean lan ugari, betebehar anitz eta, zergatik ez, urduritasun mordoa eta kezka bat baino gehiago…Azkenean, minutu batzuetan guztia ahazteko: URREZKOAK GARA! Lortu dugu!!

Ostiral eguerdian barreiatu zen berria ziztu bizian ikastolako txoko guztietatik; batzuk klasean geunden, beste batzuk joanda jada…Ezin ukatu gure barnean sentitzen dugun poza, batez ere, azken urteetan, kalitatearekin hartutako konpromisoaren onurak egunez egun frogatzen ari garelako, taldean ari garelako lanean (irakasleok, gurasoak, ikasleak…) eta, batez ere, gure bakarkako helburuak taldearen jomugekin lerrokatzen saiatzen ari garelako…

Gestioaren kalitatean Urrezko QaAzken finean, lortutako saria guretzat oso garrantzitsua izanik ere, nire uste apalean, ez da ezer egunero jasotzen ari garen sariarekin alderatuta: zenbat eta gehiago sakondu arlo honetan, orduan eta gehiago ikasi eta emaitza hobeak lortzen ari gara! Hori da benetako urrezko Qa guretzat! Pixkanaka gure lanaren arlo guztiekiko filosofia aldatzen saiatzen ari izana: ondo pentsatu zer lortu nahi dugun zerbait planifikatzen hasi aurretik, planifikatutakoa aurrera eraman, neurtu/baloratu egindakoa, ondo egindakoak kontuan hartu hurrengorako eta gaizki egindakoaz ohartu, ez bakarrik akats berdinetan ez erortzeko, baita hobetzen saiatzeko ere! Metodologia sinple bezain eraginkorra, bizitzaren edozein ataletara eramateko baliagarria…

Urrezkoak gara eta harro gaude, bai; halere, sari hau duela ia hamarkada bat hartutako konpromisoan urrats bat gehiago besterik ez da, pauso sendoa, irmoa baina pauso gehiagorekin osatu beharrekoa, eguneroko lanean islatu beharrekoa…Bidea luzea eta malkartsua da, baina gaur bide horren tarte lauan gelditu gara istant batez, atzera begira, pozez; eta, aurrera, itxaropenez.

Comments { 4 }

Goiburua aldatuko dugu?

Hementxe gaude, denak erabat lanpetuta (urrezko Qrako kanpo ebaluazioa, azterketak hurrengo astean…) eta zer otu niri eta euskaljakintzako goiburua aldatzea!

Duela aste batzuetatik nuen buruan ideia eta halaxe komentatu nion lankide bati: ez dakit, zerbait txuri-beltzean bakarrik nahi dut, minimalista eta bla-bla-bla…Azkenean, atzo gauean irudia jaso (mila esker) eta saltseatzen ibili nintzen pixka batean. Gauza da, gaur euskaljakintzako hainbat partaideri goiburu berria ea zer iruditzen zaien galdetu eta batzuek lehen zegoena gehiago gustatzen zitzaiela esan didate, hau “gotikoegia” zela… Beste batzuek, aldiz, hau nahiago…

Iritzi ezberdinak daudela ikusirik, gune honetara sartzen den edonoren ustea (eta, bereziki, euskaljakintzako partaideena) jakin nahi nuke. Hementxe dituzue bi aukerak (kontuan izan tamaina aldatuta dagoela eta irudiak ez direla behar bezala ikusten). Beraz, zuen iritzi, aholku edo iradokizunen zain gelditzen gara..

Lehen zegoen goiburua

Berria izan daitekeena

Comments { 6 }
-->