Archive | teknologia

RSS feed for this section

Sare sozialak, pribatutasunaren etsai teknologikoak

Sare sozialak, web bidezko guneak dira, beste pertsona batzuekin komunikatzeko tresnak. Internetaren aurrekuntzekin batera, hainbat gune sozial sortzen hasi dira sarean zehar, gune horietako batzuk jendearen datu pertsonalak interneten zintzilik uztea debeku duten arren, gehienak publikoak dira. Gaur egungo moda dela esan dezakegu, bakoitzaren datu pertsonalak sarean idaztea edota lagunekin dituzun elkarrizketak munduari erakustea; hori baita azken finean lortzen dena. Nik uste dut, mundu horretan dabiltzan guztiek jakin beharko luketela sare sozialek sortu ditzaketen arazoak.

Alde batetik, interneten idatzita uzten ditugun datu pertsonalek, gerora, etorkizunari begira, arazoak ekar diezazkigukete lanpostu bat lortzeko; izan ere, lagunei idatzitako mezu pribatu zein publikoak ikusgai ageri dira bilatu nahi dutenentzat. Mezuez gain, argazkiak ere interneten zintzilik geratzen dira, eta hauek eragin handia dute, batez ere, nolakoa zaren erakusten dutelako. Adibidez, lagunekin parrandara ateratzen zareneko argazkiak ez dizute on egingo lanpostu bat lortzeko elkarrizketa batera joaten zarenean. Esan daiteke, norberaren bizitzaren ispilu hutsak direla sare hauek.

Bestetik, Sare sozialek ez dituzte kontrolatzen hamalau urtetik beherakoen erregistroak. Beraz, horiek sartzea lortzen badute, engainatzeko errazak izan daitezke. Alabaina, sarean jende arriskutsu asko dago, gezurrak esateaz gain, beraiekin hitz egiteko edozein gauza egingo dutenak. Normalean hamalau urtetik beherakoak dira ekintza hau sufritzen dutenak, ez baitituzte ondo kontrolatzen Tuenti edotaFacebook bezalako sare sozialak. Gutxienez, erregistro seguru bat ziurtatu beharko luketela uste dut, pribatutasunaren etsai teknologiko hauek arazo gehiago ekarri baino lehen. Eta ez hori bakarrik, sareko pertsona arriskutsu horien aurka ere zerbait egin beharko litzateke, hala nola, segurtasuna areagotu kontu bat egiteko orduan edota sare sozialetan polizia agenteak ipini, arazo guztiak kudea ditzaten.

Hori gutxi balitz, zure jakingarriak, sarean argitaratzen dituzun unetik aurrera, publiko bihurtzen dira: edonork har ditzazke eta beste toki batean ipini zu konturatu gabe. Nork daki zertarako nahi eta erabiliko dituzten zure datuak zein argazkiak?

Aurreko guztia laburbilduz, esan behar dut, sare sozial batean sartu baino lehen, ezinbestekoa dela informatuta egotea. Jakin egin behar dugu zein arrisku eta abaintailak dituen kontu bat egiteak; izan ere, badaude publikoak ez diren sare sozialak, hala nola, Tuenti. Azpimarratu behar dut, sare pribatu hauetan, normalean, ez direla aipatu ditudan arazoak gertatzen, hau da, ezingo ditu inork zure datuak erabili eta ez dira interneten agerian egongo, baina, hala ere, kontuz ibili norekin konpartitzen dituzun zure kontuak.

Informazio gehiago:

Comments { 1 }

Teknologiak langabeziara narama?

XVIII. mendea gertakari askorengatik da gogoangarri, baina horietatik garrantzitsuenetakoa mende amaieran hasi eta gaur egun izugarrizko garrantzia duen Industria Iraultza dugu. Hasieran, makina hauek enpresa baten produktuak azkarrago egiteko, ontziratzeko eta abar erabiltzen hasi ziren, enpresaren produktibitatea hobetzeko asmotan. Honela, autoa eta antzeko garraio batzuen sorrerara heldu gara; baita telebista, ordenagailua, telefonoa… izatera ere. Aurrerapen hauek guztiek gizakiarentzat erraztasun ugari ekarri dituzte, eta, hauetariko bakoitzaren garapen edo hobekuntzekin batera, gero eta erraztasun handiagoak. Hala ere, egun, aurrez aipaturiko jardueretarako baino arlo gehiagotarako erabiltzen dira tresna hauek eta horren adibide garbiak dira robotak: irakasle, zerbitzari, kirolari, gizarte laguntzaile, musikari… lanetan aurki ditzakegu asko eta asko. Mediku lanetan ere ikusi izan ditugu zenbait tokitan.

Honek guztiak gizakiaren beharraren gutxitzea dakarrela uste du askok, eta sufritzen ari garen krisia dela eta, makina hauek lanpostu ugari lapurtzen ari dizkigutela. Dena den, errealitateak erakusten digunez, herrialde mekanizatuenak herrialde garatuenak dira. Estatu Batuak eta Japonia dira batez ere, adibide honen erakusle. Munduko bi potentzia nagusiak dira egun eta horiek dira, justuki, honelako industria motan aurreratuenak dauden herrialdeak. Japoniaren adibidea are eta garbiago da, hiru mendez isolatua egon eta gero, Estatu Batuak berak bultzatu zuen modernizazioaren booma etorri zenetik hasi baitzen ekonomia egoera hau garatzen.

Gizatasun galera hau, beraz, atzerapena ala aurrerapena?

Niri ulertzekoa egiten zait jendeak makina hauekiko desadostasun hau agertzea. Krisi garaia dela eta, lanpostu falta asko dago eta, gainera, beste asko desagertzen ari dira, jostunen kasu. Aparatu hauek gizakia ordezka dezaketela ohartzen garenean, makina hauen baliagarritasuna dudan jartzen dugu. Halaber, nire ustean, modernizazioaz hitz egitean, askotan aurrez aipaturiko robot hauetan edota antzekoetan besterik ez dugu pentsatzen, eta ez gara garraioez, etxeko tresna elektrikoez edota, esaterako, telebista bat egiterakoan erabiltzen diren makina guztiez gogoratzen. Ez gara ohartzen makina hauengatik guztiengatik ez balitz, lana izugarri atzeratuko zitzaigula, eta orain ditugun erraztasun asko eta asko usaindu ere egingo ez genituela.

“Robot profesional” hauen erabilpena ohikoa egiten ez zaigun arren, hemendik urte batzuetara erruz erabiliko ditugula uste dut nik eta jarduera honekin aurreratuko dugunarekin beste lanpostu berri batzuk sortuko direla, hala nola, hauen fabrikaziora edota inbestigaziora bideratutakoak. Era berean, telebista, ordenagailu, telefono edota musika-erreproduzitzaileen arloan ere izugarrizko eraldaketa egongo delakoan nago. Honek ez du esan nahi hauen inguruko lanpostuak soilik sortuko direnik; izan ere, orain dela urte batzuk gaur ditugun bidaia-agentzia edota aseguru-agentziak hain ohikoak izango zirela imajinatuko al genuen?

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: denborarekin gauzak aldatzen doaz eta aldaketa honen kausa nagusienetako bat eboluzio teknologikoa dela esan genezake. Lanpostu ugarien desagerpena eta beste askoren gainbehera ekarri duen arren, lanpostu berri askoren sorrera ekarri eta ekarriko du, eta, orokorrean, gizakiaren aurrerapena eta erraztasuna dakar. Beraz, teknologia berri hauek begi txarrez ikusten dituzuen guztioi egun batez produktu teknologikoak baztertzea gomendatzen dizuet hauen beharrezkotasunaz ohartzeko eta lanpostu ordezkatzaile hauen garrantziaz ohartzeko. Gai izango al zinatekete?

Comments { 1 }
-->